astekaria 2016/08/05
arrowItzuli

kirola

Dakienaren begirada taldeei

Aitor Manterola

Dakienaren begirada taldeei

Arraunlari ohia eta entrenatzailea, gaur egun talderik zuzentzen ez duena. Horixe da arraunean oraintxe Igor Makazaga (Pasaia, Gipuzkoa, 1972). Orio utzi zuen aurreko udazkenean, eta denboraldi honetan aditu lanetan ari da Euskadi Irratian. San Miguel ligako estropada guztietan izan da, eta, ligak etena izango duenez datorren asteburuan, talde bakoitzaren lana eta ezaugarriak aztertu ditu BERRIArentzat. Aurrera begira ere jarri da.

HONDARRIBIA

«Arraunean oso erraz»

«Potentzial handiena daukan taldea da, Urdaibairekin batera. Talde arina da, eta aukera ematen dio aldaketak egiteko kudeaketa ezberdina egiteko. Hori oso ondo egiten ari da. Galizian eta Zierbenan bakarrik ikusi dugu sufritzen, baina berriz ere bizitasuna berreskuratu du. Oso erraz egiten du arraunean».

URDAIBAI

«Aspaldiko erregularrena»

«Hondarribiaren pareko potentziala du, baina astunagoa da. Aurtengo Urdaibai oso erregularra ari da izaten, eta behetik gora dator. Hondarribiarekin estu dabil lehian, eta beti izan du bandera irabazteko aukera. Hori asko da».

KAIKU

«Kontuz hauekin irailean»

«Berak nahi duen lekuan dago, eta arriskutsua izan daiteke goiko bientzat. Ligan ez du aukerarik, baina finkatua dago hirugarren lekuan. Ari da irailera begira lanean, baita Espainiako txapelketara eta Zarauzko Estropadetara begira ere. Kontuz Kaikurekin, jokoa emango du oraindik ere, eta, hiru estropada horietan, gai da Hondarribia eta Urdaibairen pare ibiltzeko».

TIRAN

«Ondo eta txarto»

«Arraunean oso ondo ari da. Asko gustatzen zait nola egiten duen. Erregulartasuna falta du. Harrituta nago nola egun batean hirugarren egin dezakeen, eta hurrengoan hamargarren. Asteburu berean, ondo eta txarto aritu daiteke. Behetik gora datorrela uste dut, nahiz eta igandean, Zumaian, oso gaizki ibili. Badakite zer nahi duten eta nora heldu nahi duten. Laugarren badago, ondo aritu delako da».

SAN JUAN

«Helburua bete dezake»

«Ezaugarri onena da, nahiz eta hiru aldiz hamargarren izan den, bere helburua betetzeko aukera duela. Lau onenen artean sartu nahi du, eta hor dago. Bost urteren ondoren bandera ere irabazi dute berriz, eta ondo merezitakoa izan da. Zumaian, igandean, lau onenen artean egon nahi duenak egin behar duena egin zuen: bigarren txanda irabazi, eta nagusitasunez, gainera».

ORIO

«Datuak gogorrak dira»

«Oriorentzako datuak eta zenbakiak gogorrak dira, eta ez diote gezurrik. 11 estropadetan hirutan geratu da laugarren, eta beste guztietan hortik atzera. Segundoetan, hiruzpalau aldiz geratu dira irabazlearengandik hamasei bat segundora, eta, beste guztietan, hogeitik gorakoa izan da aldea. Hori gogorra da. Badabiltza zerbaiten bila, aldaketak eta probak eginez, eta hamabost egun hauetan aukera dauka Zarauzko Estropadak ondo prestatzeko, eta saiatuko dira lan ona egiten».

ASTILLERO

«Goitik behera dator»

«Tiranen antzera dabil, irregular, baina galiziarrak behetik gora doazen bezala, hauek goitik behera datozela ematen du. Ondo aritzeko gai da batzuetan, hala ere. Harrigarria da egun batetik bestera nolako beherakada izaten duen, bi estropada oso ezberdin eginez».

CABO

«Ez da betiko Cabo»

«Ez du egiten aste bukaera biribilik, aurrenekoan izan ezik. Orduan, burura etorri zitzaidan duela bi urteko Cabo bizi hura, baina gerora ez gara ari Cabo ona ikusten. Ez du asmatzen ligan, eta arraunean ez du ematen sendotasunik. Nahiko triste dabil. Ohikoa zuen atzetik aurrera estropadak bukatzea, baina aurten ez du hori egiten. Zerbait falta zaio».

ZIERBENA

«Maila onean ari da»

«Garbi du zer daukan eta nola kudeatu behar duen. Baliteke ligan hobeto ibiltzeko asmoa izatea, baina arazoak dituzte araudiarekin, etxeko eta harrobiko arraunlari gutxi dituelako. Hala ere, ongi ari da. Beste Zierbena bat azaltzen da txapelketetan, eta Kontxarako sailkatzeko hautagai handienetako bat da. Ikusi nahi dut Espainiako txapelketan ere».

SAN PEDRO

«Oso ondo ari da»

«Gauzak oso argi ditu. Hamahiru arraunlari hartu, eta denboraldia salbatzea izan du helburu. Oso ondo ari da, gainera. Eraiki berria da taldea, eta beti ari gara hori esaten San Pedroren inguruan azken urteetan. Ikusita baldintza hori, oso ondo ari da betetzen helburua. Bete duela esango nuke, eta ligaren bigarren zatia beste era batera ere erabil dezake».

PORTUGALETE

«Daukan talderako, gaizki»

«Daukan taldea ikusita, uste baino okerrago dabil. Neguko testetan, beste maila bat erakutsi zuen, eta niretzat ez zen kanporaketa jokatzeko arriskuan ibili behar zuen taldea ere. Orain, azkeneko asteetan, itzalita daude, eta Zumaia gehiago da».

ZUMAIA

«Eskura dauka ez jaistea»

«Oso ondo ikusten dut. Onartu dute zein den euren lekua, eta estropada guztietan bizirik egon dira, baita azkena geratu direnetan ere. Beti dabil borrokan, postu edo puntu baten bila. Bizirik dago, eta ari da erakusten Portugalete baino gehiago dela. Orain, bere esku du borroka hori. Gaitasuna dauka horretarako».

BERRIAn argitaratua (2016/08/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA