astekaria 2016/08/05
arrowItzuli

gizartea

PAZ FRANCES

«Lotura estua dago patriarkatuaren eta kartzelaren artean»

Ion Orzaiz

«Lotura estua dago patriarkatuaren eta kartzelaren artean»

Azken hilabeteetan, dozenaka sexu eraso salatu dira herrietako festetan. Indarkeria matxista azaleratzeak herritarren kontzientziazioa areagotu du, baina, batzuetan, horrek bestelako egitura patriarkalen indartzea ekarri duela uste du Paz Frances legelari eta NUPeko irakasleak (Iruñea, 1983). Kartzela zigorrak gogortzeak epe luzera emakumeei kalte eginen liekeela dio.

Ikerketa argitaratu duzu Diana Restrepo doktorearekin elkarlanean, botere zigortzailearen eta patriarkatuaren arteko antzekotasunei buruz. Zergatik?

Ikerketa hau abiatu genuen hutsune nabarmena antzeman genuelako. Izan ere, feminismoen ikuspegi kritikotik, hamaika gai eztabaidatu izan dira: kapitalismoa, bizitzaren iraunkortasuna, ekologismoa, hezkuntza, desazkundea... Orain arte, ordea, apenas irakurri dugun ikuspegi feminista eta antipunitibista uztartzen dituen diskurtsorik. Egiazki, pertsona bakar batek egin izan du: Angela Davisek. Horren aurrean, badira sistema penalaz eta feminismoaz mintzo direnak, baina ez dute kartzelarekiko ikuspuntu kritikorik; aitzitik, sistemaren indartzea planteatzen dute.

Indartzea?

Bai, indarkeria matxistari lotutako auzietan, batez ere. Tesi horien arabera, emakumeok maizago erabili beharko genuke zigor sistema, gure interes juridikoak babesteko. Erasotzaileak zigortzeko, esate baterako. Eta gu ez gatoz bat baieztapen horrekin. Ez, behintzat, era akritikoan.

Zergatik? Ez al da komenigarria emakumeek salaketak jartzea edo eskura dituzten baliabide juridikoak erabiltzea?

Bai, noski. Emakumeok baliabide urriak ditugu patriarkatuaren kontra borrokatzeko, eta, beraz, egungo egoeran, ezin diegu besterik gabe muzin egin. Salaketak jartzen segitu beharko dugu, baina argi edukita eredu hori aldatu nahi dugula, emakumeen kontrakoa delako erabat. Finean, sistema penalaren izaera politikoa da auzitan jarri behar duguna. Delitu txikiak egin dituzten pertsonez beterik daude kartzelak, pobreak gehientsuenak. Eta hori ez da kasualitatea.

Kartzela eta zigor kodea patriarkalak direla diozue. Zergatik?

Zigor sistemaren eta sistema patriarkalaren arteko identifikazioa ia erabatekoa da, eta asko dira bien arteko loturak. Pellokeria dirudi begien bistan dagoen errealitate hori aldarrikatzeak, baina, tamalez, hala da: egungo kultura hegemonikoa osatzen duten sistema guztiak patriarkalak dira, gizonek gizonentzat eginak. Batetik, patriarkatua entitate integrala eta globala delako; eta, bestetik, botere punitiboa eta zigorrean oinarritutako sistema osoa Mendebaldeko kulturaren muina bera osatzen dutelako.

Zertan datza patriarkatuaren eta kartzelaren arteko identifikazio hori?

Guk zenbait paralelismo identifikatu ditugu, baina, ziurrenik, askoz gehiago izanen dira. Lehenik eta behin, biziarekiko mespretxua. Eta bizia aipatzen dudanean ez naiz pertsonez bakarrik ari: animaliak, natura... Bizitza oro mespretxatzen du sistema patriarkalak, ondare materialaren mesedetan, eta horrek isla zuzena dauka sistema penalean: alde batetik, kartzela bateraezina delako bizimodu duin batekin, eta, bestetik, zigor kodean, biziaren aurkako delituek baino askoz zigor handiagoa dutelako jabetza pribatuaren eta ondarearen aurkakoek. Indarkeria matxista eta kartzela lotzen dituen beste elementu bat da biktimaren bakartzea eta elkartasun lokarrien haustura sistematikoa. Finean, pertsonen gaineko jabetzaren ideia dago patriarkatuaren nahiz sistema penalaren atzean: Nirea zara kontzeptua. Eta beste paralelismo bat, azkenik, emakumeen gaineko irudia da: ezgauzak, ahulak, biktima hutsak, zaintzaileak... Diskriminazio hori oso argia da gure gizartean, baina sistema penalaren barruan are gehiago, emakumea baztertzen duen egitura baita.

Nola gertatzen da bazterketa hori?

Indarkeria matxista kasuetan, adibidez, biktimari ez zaio babesik ematen. Lekuko soil baten estatusa dauka, lehentasuna ez baita biktimari laguntza eta sostengua ematea, erruduna zigortzea baizik. Askotan, biktimak erabiliak izaten dira, zigorren gogortzea justifikatzeko. Bestalde, biktimez harago, atxilotuak, emakumezkoak direnean auzipetuak eta espetxeratuak, baldintzak are gogorragoak dira haientzat.

Sexu eraso baten aurrean, oso ohikoak dira kondenak gogortzearen aldeko aldarriak. Zer iruditzen zaizkizu?

Oso hedatua dago hori, bai. Niretzat, bereziki desatsegina izan zen iragan sanferminetan piztutako giroa. Iruñeko peñek bat egin zuten sexu erasoen kontrako manifestazioarekin, eta hortxe azaldu ziren batzuk, ongi edanda, sei zezen nola hiltzen zituzten ikusi ondoren, sekulako basakeriak oihukatuz: errudunen antzutzea, heriotza zigorra... Hori aldarrikatu nahi al dugu benetan? Heriotza zigorra? Bizi guztiko kartzela? Bortxaketa baten edo bestelako sexu eraso baten aurrean, herritarren erantzuna oso garrantzitsua da, baina ongi pentsatu beharko genuke zein izan beharko lukeen erantzun horrek, eta, batez ere, zer lortu nahi dugun.

Baina pentsamolde hori oso errotua dago gizartean...

Bai, horregatik eskatzen dugu abolizioa; ez soilik kartzelarena, zigorraren kultura osoarena baizik: familia, eskola, lana... Horietan guztietan, zigorra da pertsonen portaera zuzentzeko modu bakarrenetakoa. Gure gizarte osoa blaitzen du zigorraren kulturak, eta oso logika erreakzionarioa da, boterean, jabetzan eta maskulinitatean oinarritua baitago. Eredu berri bat behar dugu, horizontala, gizarte berri bat eraikitzeko. Eta ikusita azken hamarkadetan patriarkatua ez dela gai izan alternatiba bat proposatzeko, uste dugu sistema penala eraitsiko duen eredua emakumeok zedarritu beharko dugula. Horretarako, jakina, arazoa identifikatu beharko dugu lehenik eta behin, eta oraindik ez gara fase horretara iritsi. Bide luzea dugu aurretik.

Zeintzuk dira planteatzen dituzuen alternatibak?

Beti egiten digute galdera hori, eta galdera maltzurra da, eztabaida blokeatzeko besterik ez duelako balio. Ez dago erantzunen eskuliburu bakar bat edo bide bakar bat. Badira alternatibak, baina, existituko ez balira ere, horrek ez luke legitimatuko egungo sistema baztertzaile eta bidegabea. Aurrekoa esanda, nik zenbait irizpide orokor planteatuko nituzke: adibidez, zigorrean bainoago, pertsonen arteko gatazkak ulertzeko eta konpontzeko moduetan oinarritutako justizia sistema garatu beharko genuke; biktimei erreparazioa eskainiko diena; erruduna erantzukizuna hartzera behartu eta egindako kaltea konpontzeko prozesuan barne hartuko lukeena. Azkenik, dirua zertan inbertitzen dugun berraztertu beharko genuke: presoentzako azpiegitura erraldoiak eraikitzeko dirutza hori hezkuntzan, birgizarteratzean, tratamenduetan eta bestelako zerbitzuetan gastatuko bagenu, askoz emaitza hobeak lortuko genituzke.

BERRIAn argitaratua (2016/08/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA