astekaria 2016/08/05
arrowItzuli

politika

Uda ostean elkartuko dira berriz

Gorka Berasategi Otamendi

Uda ostean elkartuko dira berriz

Eusko Legebiltzarrak eten du jarduna. Atzo desegin zen, irailaren 25eko hauteskunde autonomikoetarako deia argitalpen ofizialean publikatzearekin batera. EAJk gutxiengoan gobernatu du, eta agintaldiaren hasieran oinarrizko akordioetarako zailtasun handiak izan dituen arren, 2013an EAJk eta PSEk itun politikoa sinatu izanak egonkortasuna bermatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Legealdiko lehen urtea izan da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarentzat antzuena. Aurreko legealdian EAJ eta PSEren artean izan zen harreman gatazkatsua bideratu gabe zegoen oraindik, eta Urkulluk ez zuen babesik lortu aurrekontuak onartzeko oposizioko alderdien. Ondorioz, 2012koak luzatu behar izan zituen. Egoera aldatu egin zen 2013ko irailean, EAJ eta PSEk itun politikoa sinatu zutenean. Aurrekontuetan izan zuen islarik argiena: alderdi sozialistaren babesarekin onartu zituen Jaurlaritzak 2014koak, 2015ekoak eta 2016koak.

Itun politikoak aurreikusten zuen zerga politika moldatzea, «ekonomia eta enplegua berpizteko» zenbait diru sail eta erakunde sarea berrikustea. Ituna udal eta aldundietara zabaldu zuten, 2015ean. Bi alderdiek gehiengoa duten tokietan koalizioan gobernatzearen alde egin dute.

Hurrengo hauteskundeek jokaleku politiko desberdina utziko dute, Ahal Dugu-ren parte hartzea dela eta. Jokaleku horretan sor daitezkeen gobernabide aukerak aztertzean, gakoetako bat izango da EAJk eta PSEk orain arteko ituna berrituta gehiengo nahikorik osatuko duten ala ez.

2012

Gobernu osaketa

EAJk irabazi zituen 2012ko hauteskundeak, 27 eserlekurekin. EH Bildu izan zen bigarren indarra, 21 legebiltzarkiderekin; PSEk 16 lortu zituen, PPk 10 eta UPDk bakarra. Legebiltzarrak Iñigo Urkullu izendatu zuen lehendakari, abenduaren 13an, PSE, PP eta UPDren abstentzioarekin. EH Bilduk Laura Mintegiren hautagaitza aurkeztu zuen.

2013

Bizikidetzan urrun

Urte hasieratik agertu ziren bakearen eta bizikidetzaren alorrean alderdien arteko desberdintasun sakonak. Martxoaren 22an, zoru etikoa esaten diotena onartu zuten EAJ, PSE eta PPk, eta apirilaren 30ean bizikidetza lantaldea eratu zen. Ez zuen ibilbide luzerik egin. Ekainaren 25ean eten zuen jarduna, PSEk zoru etikoan atzera egin zela salatuta.

Eusko Jaurlaritzak 1960 eta 1978 arteko polizia indarkeriaren biktimentzako dekretua moldatu zuen urrian, eta biktima gehiagori zabaldu zitzaien laguntzak jasotzeko aukera. Azaroan, Bake eta Bizikidetza plana onartu zuen, «zoru etikoa» bere eginda.

Sortu alderdiaren eratzea ospatu zen urte berean, otsailean. Maiatzean, Antonio Basagoiti PPko legebiltzarkideak politika utzi, eta Arantza Quiroga izendatu zuten EAEko PPko presidente.

2014

Autogobernua eztabaidan

Nazioarteko begiraleek ETAren armagabetzea hasita zegoela jakinarazi zuten otsailaren 21ean, eta bi egun geroago Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuten. Urkulluk Madrilera lagundu zituen. Uztailaren 19an, ETAk «borroka armaturako egiturak» desegin zituela iragarri zuen .

Estatus politikoari dagokionez, legebiltzarrak autogobernu lantaldea abiatu zuen martxoaren 24an, eta autodeterminazioaren aldeko adierazpena onartu zuen maiatzaren 29an.

Bizikidetzaren arloan, berriz, Jaurlaritzak Hitzeman programa aurkeztu zuen, urriaren 2an. Euskal presoak gizarteratzeko «bide legala» proposatu zuen; baldintza gisa ezarrita, besteak beste, biktimei eragindako «injustizia» onartzea. Azaroan, Zuzenbidean proposamena aurkeztu zuen Jaurlaritzak; kartzela politika moldatzeko gomendio bilduma.

Horrez gainera, alderdietan zenbait aldaketa izan ziren. Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak legebiltzarra utzi zuen uztailean, eta Iker Casanova gehitu zen koalizioaren taldera. PSEk Idoia Mendia hautatu zuen idazkari nagusi, Patxi Lopezen ordez.

2015

EAJ-PSE itunaren hedatzea

Bi hauteskunde lehia izan ziren 2015ean: udal eta foru hauteskundeak maiatzaren 24an, eta Espainiako Gorteetarako bozak abenduaren 20an. Udal eta foru hauteskundeen ondoren, EAJk eta PSEk itun politikoa udaletxe eta aldundietara hedatu zuten, elkarrekin gehiengoa zuten tokietan koalizioan gobernatzeko.

Bizikidetzaren esparruan, urrian izan zen albisterik nabarmenena. Arantza Quirogak PPko gidaritza utzi zuen, bizikidetza lantaldea desblokeatzeko egin zuen proposamenak PPn sortu zituen erreakzioek bultzatuta.

Lehendakari batek Etxerat-eko ordezkariak hartu zituen lehenengoz 2015ean ?aste honetan ez die ohiko harrera egin San Ignazio eguneko ospakizunean, Azpeitiko Loiolako basilikan?.

Urte amaieran, 1936ko gerran desagertutakoen gorpuak aurkitzeko plana onartu zuen Eusko Jaurlaritzak.

2016

Autogobernuan uztarik ez

Bi urteko lanaren ostean eten zuen jarduna autogobernu lantaldeak apirilean. Alderdiek proposamenak aurkeztu dituzte, baina ez dute lortu oinarrizko akordiorik, eta testu artikulaturik ere ez da idatzi.

Legebiltzarrak jarduna luzatu zuen uztailean 1978-1999 arteko Espainiako Estatuko biktimentzako legea onartu ahal izateko. Biktima elkarteek «urrats txikia» dela ohartarazi dute.

Torturaren biktimak aitortzeko ikerketa lana bultzatu du Jaurlaritzak, eta, oraingoz, 4.000 kasu baino gehiago atzeman dituztela jakinarazi zuten ekainean.

Martxoan, Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaia kartzelatik irten zen. Hasier Arraizek legebiltzarra utzi zuen maiatzean, epai judizial batek behartuta. Hil berean, Rodolfo Ares PSEko kideak ere legebiltzarra utzi zuen.

BERRIAn argitaratua (2016/08/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA