astekaria 2016/08/05
arrowItzuli

mundua

Esklabo kalifa-herrian

Adrian Garcia

Esklabo kalifa-herrian

Mendiak dira kurduen lagun bakarrak, Kurdistango esaera zaharrak dioenez. Orain bi urteko sarraskian agerian geratu zen hori, beste inoren laguntzarik gabe yezidiek Sinjar mendira jo zutenean EI Estatu Islamikoaren borrokalariengandik ihesi. Gaur bi urte, jihadistek Sinjar hiria eta inguruko herrixkak hartu zituzten, Kurdistango Eskualde Autonomoko borrokalari pexmergek ihes egin ondoren, eta milaka yezidi haien mendean geratu ziren. Odolustu egin zituzten, eta emakume batzuk, bahitu eta bortxatu, esklabo bihurtuta. NBEren datuen arabera, 5.000 inguru hil zituzten, eta 7.000 neska eta emakume esklabo egin zituzten. Batzuek ihes egitea lortu zuten, baina ez dira gai izan jasandako sufrikarioa gainditzeko, eta beren buruaz beste egin dute. Guztira, 500.000 pertsonak ihes egin behar izan zuten etxetik. NBEk genozidiotzat jo du sarraskia.

Emakumeek sufritu dute zuzenean talde islamistaren ideologia atzerakoia: bortxatu, jipoitu eta esklabo gisa saldu zituzten. Oraindik ere sufritzen dute jihadisten jazarpena, esklabotza sare bat antolatua baitu EIk bere kontrolpeko lurraldeetan. Testigantzen arabera, Sinjar eta inguruko herrixkak hartzean emakumeak eta gizonak banandu zituzten. Gizonak exekutatu egin zituzten; Sinjar berreskuratzean, hobi komun ugari aurkitu dituzte kurduek. Emakumeak sexualki esplotatzeko bahitu zituzten.

Onik ihes egin duten emakume batzuek kontatu dituzte jasandakoak. «Egunean bost aldiz bortxatzen gintuzten», esan dio BBC Erresuma Batuko kateari Londresen asiloa hartutako emakume batek. Sufrikarioa jasan ezinik, askok beren buruaz beste egin zuten. «Neska bat komunera joan zen, eta bere burua hil zuen, lepoa moztuta. Odolustuta hartu zuten, eta zakarretara bota».

Emakumeen salerosketa ohikoa da kalifa-herrian. Sinjarren, EIko buruzagiek neska gazteenak aukeratu zituzten haientzat. Baina ihesi egin dutenek kontatu dutenaren arabera, azkar aspertzen dira emakumeez, eta batak besteari saltzen dizkio esklaboak.

Ekialde Hurbileko gutxiengo erlijioso bat dira yezidiak, inguruko kultura zaharrenetarikoa. Kurduak dira etnikoki, eta kurdueraz hitz egiten dute, baina erlijio eta kultura propioa dute. Komunitate txikietan bizi dira, Irakek, Siriak eta Turkiak bat egiten duten Kurdistango eremuan. Oso bestelakoak dira haien ohiturak gainerako erlijioekin alderatuta, eta muturreko islamista sunitek heretikotzat dituzte.

EIren sarraskiarekin egin dira nazioartean ezagunak, baina historian etengabe zapaldu dituzte; Otomandar Inperioak ia ezereztu zituen, eta geroago ere garbiketa etnikoak jasan dituzte arabiartze politiken eraginez. AEBen Irakeko inbasioaz geroztik, ez du hobera egin egoerak. Yezidien zenbaketaren arabera, orain bi urteko sarraskia 73. genozidioa da. 500.000 inguru bizi dira Iraken menpeko aldean, baina orain bi mende bi milioi zirela kalkulatzen dute.

Hedapen bete-betean zegoela hartu zuen EIk Sinjar orain bi urte. Bi hilabete lehenago, Mosul konkistatu zuen eraso azkar batean, Irakeko armadaren ezintasuna agerian utzita. Siria ekialdean ordurako indartsu zeuden, gerraren anabasa baliatuta.

Pexmergek, Irakeko kurduen indarrek, EIren konkistak galarazi dituzte fronte askotan, eta lurrean indar eraginkorra direla erakutsi dute, Irakeko armadarekin alderatuta behintzat. Sinjarren, ordea, babesgabe utzi zituzten yezidiak; posizioak utzita, ez zuten hiria defendatu. Kurduen artean oraindik erresumina eragiten du pexmergen jokabideak, Sinjarren defentsak zalantza asko utzi baititu Kurdistango Eskualde Autonomoaren inguruan.

PKK Kurdistango Langileen Alderdiak eta YPG Herriaren Defentsa Unitateek galarazi zuten are sarraski handiagoa; islamisten lerroak etetea lortu zuten, eta korridore humanitario bat ireki zuten yezidiek ihes egiteko.

Sinjar mendia, inguruko garaiena, sakratua dute yezidiek, ohiko babesleku baitute. EIren atzaparretatik ihes egiteko ere hara jo zuten milaka pertsonak —30.000 eta 50.000 artean, iturrien arabera —. Edadetuenak eta haurrak izan ziren lehen biktimak, uraren eta elikagaien faltan asko hil baitziren.

Ordurako, EIk nazioartearen arreta osoa bereganatua zuen, eta yezidien aurkako genozidioak alarma gorriak piztu zituen. Barack Obama presidenteak Ekialde Hurbilean zeukan politika aldatu zuen, eta Iraken militarki esku hartzea erabaki, talde islamistaren aurkako aire erasoen kanpaina bat abiatuta. Horrez gain, AEBek, Erresuma Batuak eta Australiak giza laguntza banatu zuten airez Sinjar mendian.

Baina, berriz ere, yezidiak laguntzen eraginkorrenak PKK eta YPG gerrillak izan ziren, EIren Sinjar mendiko setioa hautsi baitzuten, ihes egiteko bidea libre uzteko. Pexmergek ere lagundu zuten aldi horretan.

Kontraerasoa

Urte eta erdi behar izan zuten yezidiek eremua berreskuratu eta islamistak Sinkarretik kanporatzeko, 2015eko azaroan, AEBen aire erasoen laguntzaz. Sarraskiaren ondotik, PKKren babespean, yezidiek gerrillak sortu dituzte, autodefentsarako tresna gisa. Ez dute Kurdistango Eskualde Autonomoa onartzen, eta beren eremua kudeatu nahi dute, Rojavako eredua hartuta; Ekialde Hurbileko herririk zaharrenetarikoa izanagatik, gertu dute beti hurrengo genozidioaren mehatxua.

BERRIAn argitaratua (2016/08/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA