astekaria 2016/08/05
arrowItzuli

gizartea

Armairutik at, elkarrekin

Garikoitz Goikoetxea

Armairutik at, elkarrekin

Euskara bultzatzeko asmoarekin, erronka bat jarri zuten orain 30 urte Lasarte-Orian (Gipuzkoa): 40 orduan etenik gabe euskaraz jardutea. Euskararen maratoia da. Olinpiar Jokoen urtean egiten dute, eta, beraz, aurten ere bai. Pauso bat gehiago emango dute, ordea: 40 ordukoa ez, 40 egunekoa izango da erronka. Batetik, izena eman duten euskaldunek konpromisoa hartuko dute ulertzen duten guztiekin euskaraz jarduteko; bestetik, hitz egin ez arren euskara ulertzen dutenek ere izena eman dezakete, esateko ez dietela trabarik jarriko euskaldunei. Ohiko maratoia urriaren 22an eta 23an izango dute, eta orduan hasiko dute 40 eguneko erronka, Irten armairutik lelopean. Esperientzia kolektiboa izango da. Abenduaren 3an amaituko da saioa, euskararen egunean. Neurtu egingo dituzte emaitzak.

Urte berezia da aurten Lasarte-Orian. Batetik, lau urtean behingo maratoia datorrelako, eta, bestetik, urteurrenak dituztelako: ikastolak 50 urte egin ditu, eta Ttakun euskara elkarteak, 25. Hortik hasi zen erronka berria. «Pentsatu genuen ezinbestekoa zela mahai baten jiran jartzea, koordinazio minimo bat sortzeko», azaldu du Iñaki Arrutik, udaleko euskara zerbitzuko arduradunak. Zabaldu egin zuten taldea: udaleko ordezkariak, ikastetxe guztiak, euskaltegiak, maratoian historikoak izan diren herritarrak... «Denek ikusi zuten merezi duela denok elkarrekin ospatzea». Batetik, erabaki zuten bideo bat egitea aurreko urteetako ibilbideari buruz, eta, bestetik, maratoia izatea ospakizunen «gune eta une».

Hor etorri zen bigarren pausoa, erronka handiagoa jartzea. «Beti egoten da inurriren bat bileretan... 'Beti bezalako maratoia egin behar dugu?'». Lutxo Egiak Bilbon eginiko permormancea aipatu zuten, eta haren haritik Egian egindako egitasmoa. «Hor hasi zen motorra berotzen». Bazituzten beste hari mutur batzuk ere: batetik, Aldahitz proiektuarekin ari zen Pello Jauregi, lan arloan hizkuntz ohiturak aldatzeko proposamen batekin; bestetik, TELP ikastaroak eta aktibazioaren ildoa.

Bakoitzaren rola

Zenbaki handiak jarri dituzte. Batetik, 300 ahobizi, ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartuko dutenak; bestetik, 3.000 belarriprest, euskaraz jakin ez arren ulertzen dutenak eta euskaldunei euskaraz aritzeko oztoporik jarriko ez dietenak. Izena emateko epea zabalik dago: ahobizien muga gainditu dute ?300 herritarrek baino gehiagok eman dute izena jada?, eta 500 belarriprest baino gehiago bildu dituzte. Aitor Unanue udaleko euskara zerbitzuko kideak nabarmendu du oso garrantzitsua dela haien rola: «Igual, bigarren mailakotzat ikusten da, baina belarripresten multzoak garrantzia du. Lasarte-Orian belarriprest potentzial ugari dago, euskara ulertzen duena. Protagonismoa eman nahi diegu horiei».

Aldahitz egitasmoko eusle eta uzle figuren gisakoak dira ahobizi eta belarriprest. Jauregi ari da egitasmo horretan, eta Lasarte-Oriako proiektuan ere bai. Ahobiziek «portaera arautua» izango dute: «Euskaraz ulertzen dienari euskaraz egingo diote». Bi egoera sor daitezke hor. Batetik, eguneroko harremanak: familian, lagunartean... «Ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute, nahiz eta erdaraz aritzeko ohitura eduki». Bestetik, ezezagunak. «Ez dakitenez euskaraz jakingo duten, lehenbiziko hitza euskaraz egingo dute, eta ulertzen badute, segitu».

Belarriprest diren herritarrek txapa bat eramango dute. «Horrekin adierazten dute euskaraz ulertzen dutela eta prest daudela jendeak euskaraz egin diezaien, nahiz aritzeko gai ez izan haiek».

Urriaren 22-23tik abenduaren 3ra egingo dute egitasmoa. Belarriprestek aldi horretan guztian eramango dute txapa; ahobiziek astebeteko txandak egingo dituzte, hori izango da erronka, baina, jakina, bestela ere jarrai dezakete.

16 urtetik beherakorik ez

Taldean aritzeari garrantzia eman diote, hala ere. Arruti: «Bakarrik eginda, erronka pertsonal bat da, munduaren kontrakoa, askotan bizi izan duguna euskaldun ahobiziok. Lotuta dago belarriprestarekin: inguruan onarpen sozial esplizitua badauka, errazagoa da ahobiziak armairutik ateratzea».

16 urtetik gorakoak izango dira parte hartzaileak. «Armairutik irteteak lotura dauka zentzu kontzientearekin egitearekin eta eredugarritasunarekin. Iruditzen zitzaigun umeak alde batera utzi eta gizartearen erdigunean gauden besteok izan behar genuela protagonista», adierazi du euskara zerbitzuko buruak. Euskara biziberritzeko bidean maiz jarri da fokua haurren gain, eta beste aldera begira jarri nahi izan dute, Jauregik dioenez: «Pentsatzen dugu berreskurapena umeetatik gora etorriko dela, eta ahaztu egiten zaigu fenomeno sozialak helduengandik hasi behar direla. Ispilu gara. Hori aktibatu behar da». Egitasmoaren helburua horixe da.

Egitasmoaren ostekoak

40 eguneko egitasmoak herrian «aztarna» utziko duela espero dute sustatzaileek, baina ohartarazi dute «esperimentua» bakarrik dela oraingoz. Aztertu egingo dute 40 eguneko esperientzia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Parte hartzaileen inpresioak jasoko dituzte. Batetik, ahobiziei dagokienez, astebeteko txanda amaitzean, galdeketa zehatz bat pasatuko diete parte hartzaileei: «Harremanen mapa moduko bat egin behar dute. Euskara zenbatek ulertzen duten inguruan, zer ohitura duten eta aste horretan nola egin duten». Jauregik azaldu du hilabeteren buruan berriro egingo dietela galdera, diferentziarik nabaritzen ote den aztertze aldera. Belarriprestei ere galdetuko diete egitasmoaren bukaeran: «Nola jokatu duten, zer mugitu duten...». Bi aldeak jasoko dituzte hala. Kanpoko neurgailu bat jartzea aztertzen ari dira. Gainera, egitasmoa egin eta gutxira, kaleko erabileraren neurketa egiteko txanda ere iritsiko zaie.

Euskaldunen aktibazioari begira beste herri batzuetan egindako egitasmoen ondoren dator Lasarte-Oriakoa. Bide bat zabal dezake, baina lasaitasuna eskatu dute arduradunek. Arruti: «Hau ez da kanpaina bat. Ondo egin behar da». Beste eremu batzuetara ezin da besterik gabe eraman egitasmoa, haren esanetan. «Fase esperimental kontrolatu bat behar da aurretik». Mezu horrekin bat egin du Jauregik ere: «Zuhurtzia behar da. Denok gaude egarriz, zerbait behar dugulako. Baina presa ez da ona. Probatu egin behar da, eta egokitu: tokia, adina... Lan berezia eskatzen du horrek».

@ Lasarte-Oriako egitasmoaren berri izateko, jo hona: euskararenmaratoia.eus

BERRIAn argitaratua (2016/08/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA