astekaria 2016/08/05
arrowItzuli

kirola

ERRUGBIA. AMAIA ERBINA. ERRUGBI JOKALARIA

«Familia lorpena izan da hau»

Imanol Magro Eizmendi, Berriemaile berezia

«Familia lorpena izan da hau»

Ez dago munduan Amaia Urbinari (Ordizia, Gipuzkoa, 1996) aurpegiko irribarrea ezabatuko dionik. Pozik dago, ez du ezkutatzen: berarengatik, etxekoengatik, bere kirolarengatik... 19 urte baino ez ditu, eta jokoetan egoteak nerabezaroko sakrifizio guztiak goxatu dizkio. Orain emaitza ona baino ez da falta. «Espainiak ezustekoak eman ditu, eta Rion ere emango dugu». Horra abisua.

Urteko helburua Rioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea zen?

Bai. Zalantzarik gabe. Iaztik genuen argi. Ezin duzue imajinatu zer-nolako lana egin behar izan dugun hona iristeko. Bagenekien sailkatzea zaila izango zela, lehen lau aukerak munduko serietan banatzen zirelako, eta hori lortzea oso zaila zen, besteak beste, Zeelanda Berria eta Australia taldeak ariko zirelako. Azkeneko unean sailkatu ginen, baina bidea hau izan da: lana, lana eta lana.

Emakumezkoen errugbiak erakusleihoa on bat lortu du Olinpiar Jokoetan.

Kirol berria da Olinpiar Jokoetan, eta ikusleak harritu egingo direla uste dut. Kirol dinamikoa da, eta gustura hartuko du jendeak. Emakumezko errugbiarentzat aldaketa oso handia izango dela uste dut. Olinpiar Jokoak mundu guztian ikusten dira, eta uste dut nabarituko dela probatzera animatuko diren neska kopuruan.

Euskal Herrian gizonezkoen errugbiak gora egin du. Emakumezkoetan, aldiz, ez hainbeste.

Hala da. Egia esan, Euskal Herrian errugbiak gero eta oihartzun handiagoa du, baina emakumezkoena ez hainbeste. Tamalez, talde gutxi daude. Nik uste dut jokoei esker emakume gehiagok ezagutuko dutela errugbia. Nik eredua etxean daukat, nire ahizpa gaztearena. Orain 15 urte ditu, eta, duela gutxira arte, saskibaloian jokatzen zuen, eta jarraituko du; baina ni jokatzen ikustearen poderioz, probatu egin du, eta orain pila bat gustatzen zaio. Nirekin, anaiarekin, aitarekin... jokatzen du, eta probatu du 18 urtetik beherakoen Euskadiko selekzioarekin. Maitemindu egin da errugbiarekin.

Nola hartu dute etxean?

Emozioa handia izan da. Etxekoak Dublinera etorri ziren atariko torneoa ikustera. Bostak geunden han, eta elkar besarkatuta ospatu genuen, hunkituta... Familia lorpen bat izan da hau. Deialdian nengoela ziurtatu genuenean ere berdin ospatu genuen. Deialdia jaso nuenean, hiru aldiz irakurri nuen mezua, eta, azkenean, ikusi nuen egia zela. Oso pozik gaude denok. Riokoa etxetik ikusiko dute, hori oso urrutik dago.

Errugbian jokatu besterik ez duzu egiten?

Abendutik aurrera, bakarrik errugbian jokatu dut. Ikasketak albo batera utzi ditut, baina hil batzuetarako; udazkenean, ekingo diet atzera. Arrazoi ona zela iruditzen zitzaidan! [barrez]. Ikusi nuen zazpiko selekzioan tokia izan nezakeela, Riora joateko aukera, eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Esan nion: «Ama, barkatu, baina aurten errugbian jarriko dut arreta, eta hurrengo urtean segituko dut ikasten».

«Ama, barkatu», diozu, baina zuen etxean errugbia zainetan duzue.

Bai, nire aita errugbilari izandakoa da, baitta Ordiziako eskolako entrenatzailea ere. Besteak beste, ni entrenatu ninduen. Nire bi osabek pisu handia izan zuten Ordiziako errugbi klubean.

Alegia, zuri baloia abizenarekin batera iritsi zitzaizun.

Ez, ez... Izan nuen hautatzeko aukera; begira nire ahizpa, bestela. Gero bera etorri da errugbira. Nire anaiak ere klubean jokatzen du, eta harekin entrenatzen hasi nintzen. Anaiaren lagunekin jokatzen nuen 16 urte bete arte, baina hortik aurrera ezin nuen mutilekin jokatu, eta Hernanira joan nintzen, emakumezkoen taldera. Handik, Baionara, Frantziako 18 urtetik beherako liga jokatzera, eta azken denboraldian INEF taldean, Bartzelonan; liga irabazi dugu, gainera. 19 urte dituzu, baina zure bizitzan errugbia baino ez dago. Nire bizia nahiko bitxia da, nire adineko beste norbaitekin alderatuta. Bizkor heldu behar izan dut, bakarrik bizi, jende helduagoarekin egon... Horrek bizia aldatzen dizu, baina oso pozik nago dudan biziarekin, eta uste dut sakrifizioari etekina atera diodala. Orain dela bi urte, igandean entrenamendua bazegoen, ezin nintzen lagunekin parrandan irten, eta, orduan, haserretu egiten nintzen, eta aitari esaten nion: «Bada, nik festara irten nahi dut». Baina segituan konturatzen zara zenbat eman behar diozun kirol honi, eta zenbat sakrifizio egin behar diren.

Zeelanda Berria, Frantzia eta Kenya dituzue multzoan. Kenya atzea uztea al da helburua?

Zeelanda Berria eta Frantzia aurkari oso gogorrak dira, baina jokatu egin behar da. Kenya ere ezagutzen dugu, jokatu dugulako elkarren aurka, eta ondo irabazi izan diegu. Helburua seigarren izatea da, munduko serietan lortu izan dugulako postu hori. Bestela, diploma. Ezustekoren bat eman dezakegual uste dut.

Zer moduz taldean? Lotsagabeena omen zara...

Ez, lotsagabea ez, aurrera egiten duena, baizik. Gazteena naiz, gazteenetan bigarrenak baino lau urte gutxiago ditut. Oro har, talde beteranoa da gurea eta Ipotxa deitzen didate. Nire ahizpak dira, eta zelai barruan zein kanpoan laguntzen naute. Oso gustura nago.

Kiroletik arlotik kanpo zerbaitek ilusioa egiten al dizu?

2014an 18 urtetik beherakoen jokoetan egon nintzen, Nanjinen (Txina), eta atletismoa ikustea harrigarria izan zen. Brasilen, gustatuko litzaidake Usain Bolten lasterketa bat ikustea, edo erreleboak. Atletismoa ikusi nahiko nuke.

Argazkirik eskatzeko asmorik?

Aukera badut, eta norbait ezaguna bada, eskatuko diot, bai.

BERRIAn argitaratua (2016/08/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA