astekaria 2016/08/05
arrowItzuli

kultura

«Nire narratzaile maskulinoa lekuz kanpo sentitzen da, zalantzatia da»

Gorka Erostarbe

«Nire narratzaile maskulinoa lekuz kanpo sentitzen da, zalantzatia da»

Apirilean bota zuen baieztapen borobila, Gizajoen katalogoa nobelaren (Elkar, 2016) aurkezpenean: «Gizon bati kentzen badizkiozu bi edo hiru ziurtasun, gizajo bihurtzen da». Orain dator galdera, hiru hilabete geroago, Zarauzko malekoiko terraza batean, bero sapari aurre egin nahian zurito bat freskagarri hartuta, gizonezko idazle bati genero gaien inguruan gizartean itxuraz gertatzen ari den ikuspegi aldaketak nola eragiten dion jakin nahian elkartu ondoren. «Badakit gai irristakorra izan litekeela; baina ez dut arazorik haren inguruan hitz egiteko. Aspaldidanik izan dut inguruan emakumeen iraultzan murgildutako jendea, irakurtzen dut gaiaren inguruan ere, eta neuri sortutako kezkak, zalantzak azal ditzaket, jakina».

Gizajo sentiarazten duten arrazoiez galdetuta, bere belaunaldiak bultzatutako iraultzen artean «arrakasta izan duen bakarrarekin» lotzen du, feminismoarekin. «Ez du bere helburua, genero berdintasuna, lortu, baina borrokaren aldarrikapenak gizarte osora zabaltzea lortu du, eta ez da gutxi». Iraultza horrek «gizonezkoen lekualdatze bat ekarri du, desplazamendu bat», eta mudantza hori bizi du gizonezko idazleak ere, egun. «Nire narratzaile maskulinoa, ondorioz, lekuz kanpo sentitzen da, zalantzatia da. Badaki gizarte patriarkalean zituen pribilegio asko galdu dituela, baina ez daki oso segur zer abantaila eskuratu dituen».

Galdutako segurtasun horiek zeintzuk dira, ordea?: «Garai bateko gizonek esparru maskulinoak zituzten gizon sentitzeko, tabernak batez ere, edo soziedadeak eta kirol elkarteak. Nik ez dut uste gizonago sentitzeko esparrurik dudanik, eta gutxitan sentitu izan dut esparru maskulino horien beharra. Gainera, bai etxean bai lanean ez dut izan aginterik, nahiz eta badakidan lan baldintzetan gizonak direla, oro har, irabazle». Irabazle, esaterako, argitaletxeen munduan? Hor abantailarik izan duen zirikatuta: «Ez dut arazorik izan inoiz nire lanak argitaratzeko, baina orain 25 urte izango banitu, uste dut emakumea izanda errazago argitaratuko nukeela, edo homosexuala izanda; neuri ere, irakurle gisa, nobedosoagoa egiten zaidalako mendeetan isilik egon direnen ahotsa, gizon heterosexual batena baino».

Baina, hala ere, erdi galdua edo nora ezean da gizonezkoa, Gizajoen katalogoa-ko protagonistaren eran. «Bikote harremanetan, kortejo moldeetan eta beste mila arlotan sentitzen gara zalantzati. Eleberriak idazteko gaia ematen duen kontua da». Azken nobelako gizonezko protagonistak berak nobela bat idatzi nahi du bera joaten den literatura tailerreko irakasle emakumezkoak hartarako dohainak dituela esan diolako.

Gizonaren ikuspegia

Azken urteetan, hastapenetan baino maiztasun handiagoz plazaratzen ditu literatur lanak Joxean Agirrek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1949). 1980ko hamarkadan hasi zuen idazle ibilbidea, ordea, Longa kapa beltza (1986) eta Lehen triptikoa (1987) lanekin. Ahots maskulinoa gailendu izan da ia erabat haren lanetan, Elgeta-n (1998), Romain zen bere izena (2003), Zwei Frauen (2011) edota Gizajoen katalogoa azkenengoan, batzuk nabarmentzearren. «Gizonezko horren karikatura egiten aritzen naiz behin eta berriz nire lanetan, konbentziturik egungo literaturaren ezaugarrietako bat karikaturarako joera dela, eta, karikatura horiek errazago egiteko, topikoetan oinarritzen naiz».

Agirreren literaturan, gizon eta emakumeen arteko harremanek ardatz trinko bat osatzen dute. «Literatura, nik hala ulertzen dut behintzat, esperientziatik elikatzen da, eta ez pentsamendutik. Uste dut nobelagile bati esperientzia baten lekukotasuna eskatu behar zaiola, eta ez pentsamendu politikoki zuzen bat. Nire lekukotasuna nire adineko gizonezko batena da. Nobelaren gai nagusia edozein dela ere [azken eleberrietan literaturaren edo sorkuntzaren ingurukoak dira], beti dago narratzaile gizonezko bat, nobelari tonua ematen diona eta harreman erromantikoez, bikote bizimoduaz, banaketaz... hau da, generoen arteko harremanez ari dena edo kontu horiei buruzko ikuspegia ematen duena».

Baina generoen arteko harremanen gaia ez du tratatzen inoiz zuzenean, fondoko musika konstante bat da izatekotan, ur sakonetako ur-lasterra; idazleak badu argudiorik horrela izan dadin: «Ni abertzalea naiz, eta nazio borroka oso tarteka edo zeharka agertzen da nire lanetan; ezkerrekotzat dut neure burua, eta borroka soziala ere oso zeharka bakarrik agertzen da, eta gauza bera gertatzen da feminismoarekin». Eta harreman horiei buruz hitz egiteko, ikuspegi maskulinoa erabiltzen du. Eta «garai jakin batekoa» gainera. Bere gizonezkoa non kokatzen duen azaltzeko, Mari Luz Esteban antropologo feministaren argibide bat darabil Agirrek: «Matrimonioa sentimentalizatu egin zen XIX. mendean, sexualizatu XX.ean eta 1970eko hamarkadatik aurrera maitasun eredua etengabe apurtu eta berregiten hasten da, eta maitasun abenturak ugaltzen. 1970eko urteetatik aurrerako giroan kokatu ohi ditut nire narratzaileak».

Emakumeek idatzitako literatura ere sarri irakurtzen du, eta, hura irakurtzen duenean ere, —Annie Ernaux, Christine Argot, Soledad Puertolas, Danele Sarriugarte eta Itziar Ziga aipatu ditu, besteak beste— «emakume baten lekukotasunak» eskatzen dizkie. «Catherine Milletek bere bizpahiru liburuetan emakume baten lekukotasun ezin gordinagoak eman dizkigu, eta horixe eskertzen diogu». Gizajoen katalogoa liburuaren aurkezpenetako batean gertatutakoarekin borobiltzen du literatura ulertzeko moduaren inguruko gogoeta: «Emakume batek esan zidan berak literatura emakume eredugarrien bila irakurtzen zuela, eta esan behar izan nion nirekin jai zuela ziur asko. Literaturak ez du zertan araugilea eta eredugarria izan». Ricardo Piglia idazle eta kritikari argentinarra — «literatura da estaturik ez duen lurralde bakarra»— edota Milan Kundera idazle txekiarra ere —«nobela da inork egiarik ez duen lurraldea»— akordura etorri zaizkio. «Goizero ordenagailu aurrean esertzen garenean, ez gaitu kezkatzen idatzi ditugun lerroak politikoki zuzenak diren edo ez. Hori saio batean edo zutabe batean gertatzen da. Idatzi duguna literatura al den galdetzen diogu geure buruari».

Badira, oraintsu, euskal literaturan, generoaren gaineko diskurtso berriekiko ardura, edo hark eragindako esperientzia nahiz gogoetak, aldez edo moldez agertu dituzten gizonezko idazleak, nolabaiteko genero bustidura islatu dutenak; Anjel Lertxundi (Zu), Koldo Izagirre (Lorea, Gernika andrazko bat), Ramon Saizarbitoria( Lili eta biok), Juan Luis Zabala (Txistu eta biok )... Alabaina, Agirrek berak aitortzen du genero berdintasunaren aldeko borrokak ez duela eraginik bere literaturan, edo, behintzat, posizio aldaketa bat izatekotan, aspaldi izan zuela. «Hamabost urte nituenetik feminista militanteak izan ditut ondoan, eta kontrapisu gisa sentitu izan dut beti indar hori nire bizitzan. Egia da azken 30 urteetan feminismoak fronte berriak ireki dituela gizartean, baina ni zailduta harrapatu naute aldaketa hauek». Hori bai, borroka feministak «izan du eraginik azken urteotako emakume idazleen loraldian», haren irudiko, «baina, eraginak eragin, emakume idazle bakoitzaren ibilbidea oso da desberdina», Arantxa Urretabizkaia, Miren Agur Meabe, edo Danele Sarriugarterena, adibidez. «Horrek erakusten du literaturak, gizartearekiko loturak badituen arren, autonomia handiarekin egiten duela bere bidea».

Begirada «ebaluatzailea»

Agirrek ere bere literatur autonomiari helduta egin nahi du bidea. Bere autonomia defendatzen du. Bere narratzailearen begirada; ohikoa du emakumea seduzitu nahi duen gizonezkoaren begirada voyeur-a : «Batzuei badakit gustatzen zaiela, eta beste batzuei ez zaie gustatuko». Begirada hori «ebaluatzailea» dela dio. «Mundu guztiak egiten du, gizonezkoek eta emakumezkoek, merkatu erotikoan edo sexualean mugitzen garen unetik. Lehen, badakit emakumeek egindako ebaluazioa psikologikoagoa zela, eta gizonezkoena, fisikoagoa. Gogoratzen naiz Parisera 1969an edo 1970ean ikastera joan ginenon artean mutilok, gehienok, soziologia ikasten genuela, eta neska taldeak psikologia, eta igande arratsaldeak igarotzen zituztela mutilon izaerak ebaluatzen, zer trauma, zer arazo genituen ikertzen. Eta badakit, baita ere, mutilon ebaluazioak fisikoagoak izaten zirela». Gerora ebaluazio mota horiek «berdintzen» joan dira, Agirrek dioenez. «Nire narratzaileak uste dut ebaluazio nahiko osoak egiten dituela eta gorputzari buruzkoak egiten dituenean ere ez nau deseroso sentiarazten».

Berak idatzitako liburuak berrirakurtzeko ohiturarik ez du, eta egin behar izan duenetan bai sentitu izan da deseroso. «Hasierako lan bat edo beste literarioki ahulak iruditzen zaizkit». Bere hirugarrena, Elgeta, irailean berrargitaratuko dute Beterriko Liburua saria eman ziotelako eta 111 Akademiak saritutako guztiekin bilduma berezi bat egin behar dutelako. Berriro irakurri du «nobelatxoa», eta «etsigarria» zaio: «Hogei urteotan ez dudala gauza handirik aurreratu ikusi baitut. Genero ikuspegiari dagokionez, nire betiko topikoekin egindako jolasak, emakumearen gorputzaren erotizazioa eta beste hainbat konstante ageri dira».

Eta datozen liburuetan ere agertuko ditu konstante horiek ziurrenik, baina jada idazten ari den nobelan badu berritasun bat ere: «Emakume bat ageri da, maitasun istorio baten bukaeraz lehen pertsonan mintzo dena; maitasun istorio baten kontaketa da ikuspegi maskulinotik eta femeninotik; alde horretatik, genero berdintasunaren ikuspegitik mami gehixeago izan dezake».

Ondorio nagusi bat ere bota du solasaldiaren amaieran, behin zuritua amaituta. «Literatur gaietarako esparru emankorra da harreman intimoena, baina genero berdintasun aldetik zailena edo konplexuena». Eta, berriro ere, Pigliaren makulua: «Literatura eremu pribatuko utopia bat da». Eta azalpen zehatzagoz errematea. «Lan munduko berdintasuna, edo erakunde politiko nahiz zibiletakoa askoz ere errazagoa dela iruditzen zait; borroka eta denbora kontua da. Baina emozioen munduan badirudi zailagoa dela, rolak trukatu edo berdinduz gero, desioa hoztu egiten dela. Etorkizunean, beharbada, formula berriak asmatuko dira, eta nobelak izan dezake, zergatik ez, zeresanik horretan, baina hori politika fikzioa egitea da»

BERRIAn argitaratua (2016/08/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA