astekaria 2016/07/29
arrowItzuli

iritzia

Zurekin oporretan

Onintza Enbeita

Zurekin oporretan Onintza Enbeita

Ez dakit zenbat urte izango genituen elkar ezagutu genuenean: Bederatzi? Hamar? Dakidana da orduan esan izan baligute ze egoera, leku eta herritan elkar ikusiko genuen ez genukeela sinetsiko. Euskal Herriak, baina, halakoxe gauzak ditu: zu Rennesen zauzkate Paristik pasatu ostean. Ni, ostera, Muxikan bizi naiz.

Dispertsioa eta kartzela inork ez ditu nahi bere eguneroko hiztegian. Guk ere ez, baina hortxe daude. Eta gauza guztien gainetik, ulertezina badirudi ere, edozein tabernatan, edozein egunetan, edozein ordutan lagun bik izango luketen edozein elkarrizketa izaten saiatzen gara bisita guztietan. Horregatik esplikatzen dizkizut zehaztasunez Saint Michelgo eskailerak, Dinarreko harresia, Vitreko gaztelua, Saint Maloko itsasoa... biok Muxikako edo Iurretako kafetegi batean bageunde bezala. Zurekin konpartitu nahi izaten ditut zure aitzakian ikusten ditudan paisaiak, lekuak, jendea... eta gustatzen zait barre egitea Renneseko zapatuetako azokan daudenik eta lorerik handienak erosten dizkizudalako.

Nire dispertsio sentimentalak zure izena hartu zuenean zapaldu nuen Paris lehen aldiz. 2008ko azaroa zen. Munduko hiririk bisitatuena omen da. Guri esango digute! Fleuryn izan zinen urteetan ezagutu nuen Eiffel dorrea elurtuta, ikusi nituen Louvreko lorategiak loratzen, ito nintzen abuztu batez Campos Eliseosen, erori zitzaizkidan zuhaitz hostoak Montmatreko udazkenean, joan nintzen trenez, galdu nuen behin hegazkin bat, joan nintzen familiarekin, bakarrik, lagunekin... baina Parisez gogoratzen dudan lehen gauza, Montparnasseko hilerria da. Agian, hori izango da turismo kartzelarioa egiten dugunon patua: gauza tetrikoetatik abiatzen gara erlaxatzeko omen diren oporretara.

Rennesera eraman zintuztenean pentsatu nuen lehen gauza beste hiri bat ezagutuko nuela izan zen. Egia aitortu behar badizut, Parisez nazkatu samar nengoen. Ez da ezer pertsonala: lehengusina Soto del Realetik Almeriara eraman zutenean, «gutxienez eguzkia hartuko dugu», erantzun nion telefonoz abisua pasatu zidanari. Arazoa ez baita egiten digutena; egiten diguten horretaz, guk egiten duguna baino. Halako zerbait idatzi zuen behin zure herrikide batek. Eta niri gustatu egiten zait oporretan zu zauden lekura joatea.

Madrildar batek galdetu zidan behin zergatik joaten nintzen hainbeste Frantziara: Aste Santuan, Gabonetan, udan... «Gustatzen zaidalako», esan nion. Eta egia da. Bisita batetik ateratzean bihar arte batekin agurtu ahal izateak ematen didan pozak ez du parekorik. Ordu bi eta erdi isildu gabe egon ondoren, kalea zapaldu eta, «kaka! Ez diot esan nire umeentzat beste aita bat ezagutu dudala» pentsatzea ez da hain garratza, bihar arte esan dizudanean. Eta agian bihar ere ahaztu egingo zait esatea, baina astebete elkarrekin egiteak hori du ona: garrantzitsuak diren gauzak gogoratu egiten ditugu lehenago edo beranduago. Garrantzitsuak ez diren gauzak ordea, haizeak eramaten dizkigu egunero elkarrekin dauden lagunei eramaten dizkien moduan.

Nik behar dut zuregana joatea oporretan. Ezin dugu elkarrekin Tenerifera joan, baina zeuk egindako pastel horiekin atetik sartzen zarenean, ni Tenerifen baino hobeto sentitzen naiz. Aste oso bat, lau bisita elkarrekin egoteko, hamar ordu konpartitzeko. Horiek dira gure oporrak, elkarrekin konpartitzeko ditugun minutuak. «Nola etorri zara oraingoan?», galdetzen didazu, eta nik bidaia kontatzen dizut: autobusez, kotxez, bakarrik, lagunen batekin, trenez... nekea ere ez dizut ezkutatzen askotan. Lagunak gara; ez dugu zertan elkarri ezer disimulatu. Zure berririk ez dudanean izaten ditudan kezka guztiak joan egiten zaizkit zurekin nagoenean, eta, orduan, oporretan sentitzen naiz. Mundu guztiak esaten du deskonektatzeko direla oporrak, eta zurekin konektatzeak ardura askotatik deskonektatzen nau ni; beraz, oporrak.

Azkenengoz elkarrekin izan ondoren, uztail honetan, igandean, 07:00etan iritsi nintzen Bilbora, neure maletari tiraka. Metroan betaurrekoak saltzera etorri zitzaidan senegaldarra ere, gaupasa eginda zegoen. Zenbatetan ibili izan garen geu ere horrela. Baina egun hartan guk ez genuen erresakarik izango, eta horrek irribarre txiki bat atera zidan. Behinola Parisko trenean Baionan jaitsi ziren frantsesak ikustean festarako gogoa joan zitzaidanean bezala: gerratik bueltan etxera zetozen soldaduak ziruditen. Ni, orduan ere, aste guztiko maletarekin nentorren bueltan. Halakoetan sarri pentsatu ohi dugu geu garela tren edo hegazkin edo autobus edo dena delako guztian kartzelara joango diren bakarrak, eta horrek halako angustia bat sortzen digu. Denak oporretara eta gu kartzelara. Bada, ez. Gureek ere badute opor usaina, nahiz eta buruz dakizkigun lekuetan pasatzen ditugun. Helmugak inposatu egin badizkigute ere, bidea geuk egiten dugu.

BERRIAn argitaratua (2016/07/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA