astekaria 2016/07/29
arrowItzuli

kultura

Eskuaren ahalmen abstraktua

Mikel Lizarralde

Eskuaren ahalmen abstraktua

Bi erakusketa batean. Edo erakusketa bat beste batekin solasean. Ibon Aranberrik (Itziar, Gipuzkoa, 1969) urtebete eman du armagintza ikasketetan eta hartatik eratorritakoetan eraikitako piezak biltzen, eta elkarrizketan jarri ditu Eibarko Armagintzaren Museoan (Gipuzkoa) ikusgai diren ohiko piezekin: kalibratzeko makinekin, eskopetekin, bestelako armekin... Erakusketa bat osatu du hala; edo erakusketa iraunkorra ikusteko modua aldatu, behinik behin. Makina eskua da, Donostia 2016ren Bake-ituna proiektuaren Aldiriak sailaren barruan dago erakusketa; gaur arratsaldean irekiko dute, Eibarko Armagintzaren Museoan, 19:00etan, eta irailaren 16ra arte izango da ikusteko moduan.

Armagintzaren industriari lotutako herria izan zen denbora luzez Eibar, eta industria horri loturiko ikasketa teknikoek garrantzi handia izan zuten garai batean han. Gerora, industria hori eraldatu egin zen, baina ikasketetan piezak egiten segitu zuten, industria zibilera bideratuak baziren ere. Gutxienez, 1970eko hamarkadara arte. Ibon Aranberri: «Horrek erakusten du transmisio zuzena egon dela armagintzaren industriatik XX. mendean garatu ziren beste industrietara. Dena eskualde batean».

1970eko hamarkadara bitartean Eibarren antolatu izan ziren erakusketa batzuen nolabaiteko isla da Armagintzaren Museoan paratutakoa. Garai hartan, ekain aldera, Armeria Eskolako ikasleek ikasturtean landutako lanak jartzen zituzten herritarrek ikus zitzaten, eta, denborarekin, ia-ia gertakari sozial ere bilakatu ziren ikasleen erakusketa haiek. «Interesatzen zitzaidan, forma soil eta abstraktu horiek, zeinak enigmatikoak izan daitezkeen, tradizio industrial eta armagile oso batekin lotzen direlako».

Armagintzaren Museora sartzen den bisitariak bi erakusketa ikusiko ditu, nahiz eta ez duen zertan bata eta bestea bereizi. Batak, museorenak berarenak, ibilbide didaktikoa egiten du, eta, armagintzari lotutako tresnak ez ezik, bestelako industria batzuetarako eginikoak ere erakusten ditu; Eibarren tradizio handia izan duen bizikleta industriaren aleak, besteak beste.

Beste erakusketak Eibar eta inguruan landu ziren piezak biltzen ditu museoa zeharkatzen duten hiru ardatzetan banatuta, eta Aranberriren beraren instalazioa da. «Lan abstraktuak dira, oro har. Ikusi, eta ez dakigu pieza horiek zertarako diren. Horrek eramaten gaitu eremu ludiko batera, jolas egoera batera». Era berean, museora eta museoan jarrita dauden lan makina batzuetara propio egokitutako ohol luzeen gainean jarritako metalezko pieza horiek armak egiteko instrukzio formak ere izan dira. Forma abstraktuak batere abstraktua ez den industria batentzat. «Hor dikotomia sakon bat sortzen da, oso erakargarria egin zaidana».

Armagintzaren Museoa arma fabrika bat izan zen eraikin batean dago, eta hainbat aretotan zeharreko ibilbide bat proposatzen du. Aranberriren proposamenak, berriz, ordena jakinik gabeko ibilbidea egiten du. Eraikina zeharkatzen du puntatik puntara, eta areto batetik bestera igarotzeko ebakiak edo sarbideak baino ez ditu uzten libre. Alde batetik, museoaren beraren ibilbidean eragiten du, baina, bestetik, ez du oztopatzen. «Distortsio psikologikoagoa da fisikoagoa baino».

Orain dela urtebete inguru hasi zen Aranberri mende erdi baino gehiago dituzten pieza horiek biltzen, «arkeologia lana egiten», berak dioenez. «Eibarko gizartearen arakatzea» aipatu du artistak, baina hiri armagina ere gainditzen du proiektuak, Eibarkoaren aurretik ere izan baitzen beste eskola bat, Liejakoa (Belgika). Hura ere armagintzari lotutako hiria izanik, ikasketa plana Eibarkoaren aurrekoa izan zen. «Denboran atzera egindako bidaia izan da, forma soil eta kamuts batzuetatik abiatutako bidaia bat». Armagintzak eman zion tresnak egiteko modu bat Eibarri, eta, gero, modu horiek bestelako industrietara ez ezik —bizikletak, josteko makinak—, inguruetara ere hedatu ziren. Lanaren mekanizazioa eta automatizazioa ezartzearekin, ordea, amaitu egin zen tresnak eskuz egiteko beharra, eta baita, haren ondorioz, ikasketetako ariketa modu bat ere.

Eibarko Armeria Eskolako ikasle ohiek elkarte bat dute eratua, eta garai bateko memoria gordetzen saiatzen dira. Baina urteetan egindako pieza horiei guztiei ez zaie ondare baliorik eman, eta, ondorioz, barreiatu ez ezik, asko eta asko galdu ere egin dira denborarekin. Ondorioz, Aranberrik eta Nader Koochaki proiektuaren koordinatzaileak —«interlokutorea eta konplizea», artistak berak dioenez—, inurri lana egin behar izan dute. Piezak jasotzeko nahia ahoz aho zabaldu dute, eta mila inguru bildu.

Material ez-artistikoak

Bake-ituna proiektu handiaren barruan kokatutako egitasmoa izanik, Aranberriren instalazioak jolas moduko bat ere planteatzen du Donostiako San Telmon eta Koldo Mitxelenan jarri dituzten bi erakusketa handiekin. «Haiek arte piezetatik edo lanetatik abiatuta osatutako erakusketak dira. Hau, berriz, material ez-artistikoekin eraikitako erakusketa da, baina material horiek asmo artistikoa izan dezakeen osotasun bat sorrarazten dute». Erakusketa nagusiarekiko elkarrizketa horrek badu isla Aldiriak sailaren barruan prestatu dituztenen artean ere. «Momentu ezberdinetan gertatzen dira, baina gero badituzte gako batzuk elkartzen dituztenak. Hasieran, harreman horiek nahiko lausoak eman dezakete, baina agerikoak dira».

BERRIAn argitaratua (2016/07/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA