astekaria 2016/07/29
arrowItzuli

kirola

ION IZAGIRRE

«Itzuli handiek ez naute itsutzen»

Jon Eskudero

«Itzuli handiek ez naute itsutzen»

Laugarren Valentziako Itzulian, bigarren Algarven, bosgarren Paris-Nizan, irabazle Miguel Indurain sarian, aitzin-etapa eta hirugarren Erromandiako Itzulian, etapa bat eta bigarren postua Suitzako Itzulian, irabazle Espainiako Erlojupeko Txapelketan eta, duela egun gutxi, etapa garaile Frantziako Tourrean. Inoizko denboraldirik onena osatzen ari da Ion Izagirre (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). «Horrela begiratuta, bikainak dira emaitzak, baina gehiago nahi dut». Bada, Donostiako Klasikoan parte hartuko du bihar, estreinakoz, eta, gero, Rio de Janeirora abiatuko da, Olinpiar Jokoetan dominaren bat lortzeko ametsarekin. Bada, herritarrek emandako indarra lagun izango du, Gorka anaiarekin batera omenaldia jaso baitzuen atzo, Ormaiztegin.

Handia egin duzu Tourrean, baina egun batzuk pasatu dira jada. Barneratu al duzu eginikoa?

Segundo gutxian sentipen asko izan nituen, eta, bai, datozen egunak oso bereziak izan dira. Momentuan bertan, taldekideekin ospatu nuen garaipena, eta aste honetan etxekoekin ari naiz gozatzen. Lagunekin afari bat ere egitekoa naiz. Halako une berezietan inguruko jendea eduki ohi da gogoan, eta garaipena guztiekin ospatzea da nire nahia. Baina, tira, ezin dut atzera begira bizi, eta dagoeneko etorkizun hurbilean pentsatzen ari naiz. Etxe inguruan ibili naiz bizikletan azken egunotan, eta konfiantzaz gainezka nago.

Aurrera begira zaude, baina Tourrean eginikoa ez duzu berehalakoan ahaztuko. Ikusi al duzu telebistan zure garaipena?

Bai, gau horretan bertan ikusi nuen hotelean. Hari begira gehiago sufritu nuen bizikleta gainean baino. Errepide bustian jaitsi nuen Joux Plane mendatea, eta horrek mesede egin zidan. Ziztu bizian egin nuen aurrera, bi aldiz pentsatu gabe, eta ondo atera zitzaidan. Gero, etxekoekin telefonoz hitz eginda, esan zidaten sufritu zutela, lurrera joateko arriskuagatik. Egia esan, telebistako kamerak ez ninduen oso maiz grabatu, baina merezi izan zuen sufritzea. Asko gozatu nuen.

Noiz ikusi zenuen etapa irabazteko aukera?

Ihesaldiak helmugarako bidea egingo zuela azkar jakin genuenean. Erabateko konfiantza nuen nigan. Joux Planen gora banituen aurkariak aurretik; besteak beste, Alaphilippe eta Pantano. Nibali ere bai gero. Nire uneari itxaroten jakin nuen. Hankek erantzun zidaten, eta mendate gaina gainerakoekin igarotzea erabakigarri gertatu zen. Banekien beherakoan jo beharra neukala.

Lurrera erortzear egon al zinen bihurguneren batean?

Nik dakidala, ez. Horretarako arriskua bazegoen, batez ere azken kilometroetan, herri barnean, baina ondo moldatu nintzen. Hankak eta burua fresko sentitu nituen. Euskal Herrian denetariko eguraldiak izaten ditugu, euria ere sarritan, eta euripean hainbeste entrenatu izanak mesede egin zidan.

Zuk ez ezik, euskal ziklismoak ere poza hartu zuen, zazpi urteko lehortea amaitu baitzenuen.

Etapa irabazi eta gero eman zidaten datu horren berri. Ez nekien hainbeste denbora igaro zenik Juanma Garatek Mont Ventouxen irabazi zuenetik. Tokitan dago 2009a. Uste dut euskal txirrindularitza nahiko osasun onean dagoela, eta halako beste lehorterik ez izatea espero dut.

Zure garaipenak distira apur bat eman zion Movistarri, baina hasierako helburua ez zenuten bete. Zer balorazio egin duzue?

Nairo Quintanarekin Tourra irabaztea zen gure nahia. Pedal kolpe eskasa sentitu zuen hasieratik, eta zapore gazia genuen taldean. Nire garaipenak apur bat gozatu zuen zapore hori, eta ez da ahaztu behar taldeka ere aurrenak sailkatu ginela. Gainera, Quintanak podiuma egin zuen. Gaitz erdi. Halere, etorkizunean Tourra irabazteko gai ikusten dut Quintana.

Froome garaiezina izan al da?

Bai. Espero genuena baino indartsuago agertu da, eta ezin izan zaio inor parean jarri. Mendateetan ondo moldatu da, baina batez ere erlojupekoetan lortu du aldea aurkari nagusiekiko. Horrek esan nahi du onena izan dela.

Baina ukaezina da Skyk erakutsi duen nagusitasuna. Gehiegizkoa iruditu al zaizu?

Sekulako taldea izan du Skyk, ondo orekatutakoa, ordekan eta mendian nagusi izan baita. Maldan gora hamabost bat laguneko taldea geratzen zenean, Skyk lauzpabost ziklista izaten zituen bertan. Horren aurrean gutxi egin ahal izan dugu besteok. Erdi kikilduta ere sentitu gara. Ez dakit gehiegizkoa izan den; nik ezin dezaket iritzirik eman.

Hasiera batean ez zinen Tourrera joatekoa, eta sekulako lana egin duzu. Harritu al zara?

Tourra ez zegoen nire egutegian, baina Erromandiako Itzuliaren ondoren erabaki genuen sartzea. Prestaketa oso ondo bideratu nuen. Gorka anaiarekin altueran prestatu nintzen hiru astez. Lehen astean lotuta egon nintzen, Quintana babestu behar nuelako, eta Pirinioetan ez nuen izan luzimendurako aukerarik. Gero, eguraldi aldaketak mesede egin zidan, eta eroso aritu nintzen. Giro sanoarekin, askoz hobeto.

Astebeteko itzulietarako ziklista zarela esan izan duzu beti. Orain ere bai?

Bai, bai. Gauza bat da etapa irabaztea, eta bestea sailkapen nagusiaren lehian ibiltzea. Erosoago egoten naiz astebeteko lanetan. Movistarren baditugu taldekide onak hiru astetarako. Etorkizunean ikusiko dugu zer erabaki hartu, baina itzuli handiek ez naute itsutzen.

Donostiako Klasikoan ez zara inoiz izan. Zer itxaropen duzu?

Ilusio handiarekin joango naiz, etxean aritzea beti baita oso berezia. Jende ugari izango da errepide bazterretan, eta, ibilbidea ikusita, uste dut ondo moldatuko garela. Hasiera batean, Alejandro Valverde eramango dugu lider moduan, baina etapa garaipenaren lehian sartzeko gai ikusten naiz ni ere. Tourrean irabazteak sekulako konfiantza eman dit.

Eta klasikoa amaituta, Brasilera. Olinpiar Jokoetan dominaren lehian sartzeko gai al zara?

Donostian amaitu, eta Bilboko aireportura joango gara, bai, etxetik pasatu gabe. Domina? Hitz handia da hori. Sasoia biribiltzeko erarik onena litzateke, baina zaila izango da. Nahiago dut ilusio berezirik ez egin, gero kolpea gogorragoa izaten baita. Gorputza ondo badut, hor ibiliko naiz. Esperientzia ahaztezina izango da.

BERRIAn argitaratua (2016/07/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA