astekaria 2016/07/29
arrowItzuli

politika

UXUE BARKOS

«Egindakoa ez da baloratzen, gogo handia zegoelako aldatzeko»

Joxerra Senar

«Egindakoa ez da baloratzen, gogo handia zegoelako aldatzeko»

Lehenik, hauteskunde bitarteko kanpainaren prestaketa; ondoren, Nafarroako Gobernuko lehendakariaren agenda betea. Bi urteko lasterketa luzearen ostean, oporrak hartzeko irrikan dago Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria (Iruñea, 1964). Atzera begiratzerakoan, «gauzak ongi bideratu diren» sentipena du. Aurrera begira, berriz, gizartearekiko eta gobernuari babesa ematen dioten lau indarrekiko konpromisoa nabarmendu du. «Haiekin leialtasun osoz jokatu behar dut». Urtebete egin du karguan, eta txantxetan aipatu ohi du «presidentetzako lehen mailan» dagoela.

Zer analisi egiten duzu lehen urtebeteari buruz?

Oso urte berezia izan da. Oro har, oso positiboa izan da, baina egia da denbora gehiago behar dela gure erronkei eta konpromisoei aurre egiteko. Badakit asteon Maiorga Ramirezek EH Bilduren izenean esan duela polikiegi goazela, eta ulertzen dut kritika, baina denbora politikoak oso garrantzitsuak dira inposizioaren salaketei aurre egiteko; ez politikoki egiten diren kritikei aurre egiteko, baizik eta gizartearen aurrean erantzuteko. Gizarte osoari aldaketa sakonaren mezua eman nahi diogu, lasaitasun osoz.

Ados ez dauden sektoreek denbora behar dute aldaketa barneratzeko?

Azkenean, lehen unetik, aldaketa oso sakona da. Inbestidura saioan azpimarratu nahi izan nuen abertzalea naizela, baina ulertzen dudala Nafarroan gehiengoa ez dela. Adierazpen horrekin aldarrikatu nahi nuen zein den politikoki gure gizartearen aniztasuna. Horregatik, oso garrantzitsua da, historikoa, normaltasun osoz halako egoera politiko berri bat bizi izana. Apokalipsia ez da iritsi, eta ez da iritsiko. Normaltasun osoz bizi dugu aldaketa sakon bat.

Zer dakar lehendakari abertzalea izateak?

Ez du garrantzi berezirik, baina egoera bada oso garrantzitsua. Azken 20, 40, 80 urteotan Nafarroaren biztanleriaren zati bat gestioaren eremutik at izan da; ez du izan erantzukizunik. Arrazoiak hainbat izan dira, eta ez du marraztu ongi lurraldearen aniztasuna. Oso garrantzitsua da sinbolikoki, eta politikoki ere bai.

Urtebete honetan, zeintzuk izan dira zailtasun nagusiak?

Ez dakit zailtasuna den edo errealitatea den. Gobernu berri bat ginen. Orain, esperientzia bat dugu. Bestalde, gogora dezagun Nafarroan administrazioa eta gobernua esku berean egon direla azken hogei urteotan; hau da, lan egiteko modu bat zegoen, eta politikoki ere bide beretik zihoazen. Abiapuntua aldatzeko urte zaila izan da, baina probetxuzkoa.

Funtzio publikoan aurreko kargu publiko batzuei eutsi izanak ezinegona eragin du, eta Euskalerria Irratian aurreratu zenuen postu batzuk berrikusiko dituzuela. Okerra izan al zen?

Galdetu zidaten ea gobernu krisirik izanen den, eta ezetz erantzun nuen. Gobernu barruan, orain da lantaldeak berrikusteko garaia. Oso osasuntsua da hori edozein lantaldetan. Horretan gabiltza. Ez soilik hori: administrazio publikoaren gainean gogoeta berezia egiten ari gara. Aldaketak izanen dira? Ziurrenik, bai. Non? Ikusiko dugu, edo ikusten ari gara.

Lehen hilabeteak bereziki zailak izan ziren Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariarentzat. Burutik pasatu zaizu kentzea?

Momentu honetan ez dut ikusten. Polemikak aztertuz gero, bi dira: lan eskaintza publikoa ez genuen behar bezala kudeatu, eta PAI. Gainerakoan, ez dakizu zer lan ona egin duen taldeak. Badakigu Hezkuntza Saila zer den hemen eta edozein gobernutan. Pentsa uztailaren 23an izan zela kargu hartzea, irailean ikasturte hasiera zetorrela, eta abuztu osoa «PAI kenduko dute!» oihukatuz iragan zutela batzuek.

Aldez aurretik ezaguna zen diskurtso alarmista erabiliko zutela. Hasieratik aurre egiteko beste diskurtso bat falta izan da?

Begira, joan den egunean hemen bertan eserita nengoen sindikatu bateko ordezkari batekin, eta leporatu zidan ez dugula onartu zerrenda bakarrarena. UPNren hogei urteen ondoren, lehen urtea egin dugu. Bost urteren ostean, lan eskaintza publiko bat atera dugu, eta, bertan, postuen erdiak euskarazkoak dira. Gainera, lortu dugu azterketak egun desberdinetan egitea. Hori gutxi al da?

Uste duzu ez dela baloratzen behar bezala?

Ez da baloratzen egindakoa. Ulertzen dut. Gogo handia zegoen aldatzeko, hainbestekoa, ezen... Kataluniako politikari batek, lagun on batek, esan zidan gertukoekin izango nuela zailena, gehiago nahiko dutelako. Adibidez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan CCOOk, UGTk eta CENek zituzten kontratu zuzen guztiak desegin ditugu. Sinatu dira azken kontratuak, eta, urte baten bueltan, hori desagertu egingo da.

Baina aurten bost milioi euro jasoko dituzte haiek.

Badaude hainbat hitzarmen, eta jarraituko dute, baina, hemendik aurrera, lehiaketa batera aurkeztu beharko dira, mundu guztia bezala. Nafarroako Unibertsitateko Klinikaren kontratuarekin, berdin; kendu egin dugu, eta ez da ezer gertatu, eta sekulako kalapita piztu zuten. Klinikarekin bai, sinatu dugu gero beste itun bat, baina nafar guztientzat. Ezer ez dela aldatu? Agian, ez dugu polemikarik sorrarazi, eta oso tonu leunean eman dugu informazioa.

Harri koskor ugari topatu duzue bidean. Erreleboa hasieran esan zen bezain eredugarria izan zen?

Besaulki honetan bertan, Yolanda Barcinarekin boterea eskualdatu genuen, eta ondoren esan nuen formetan bikaina izan zela baina edukietan ikusteko genuela. Hemen eserita, ikusten nuen ez zidala ezer esaten. Formetan bikaina izan zen, eta edukietan goitik behera huts egin zuten.

Gozoki pozoitsu asko utzi zizkizueten?

Bai, bai. Urtebete pasatuta, askok galdetu ohi digute zerekin topo egin dugun. Gehienbat, aurreko hiru edo lau urteetan ezer egin ez zuen gobernuaren ondarea utzi zigun UPNk: gauzak usteltzear zeuden, hainbat arlotan liskar sutsuan, beste arlo batzuetan planifikaziorik eza... Sanzen garaian, berriz, Nafarroan ez zegoen dirua gastatu zuten funtsezkoak ez ziren azpiegiturak eraikitzeko. Azkenean, zerk harritu nau gehien? Azken urteetan ez dela ezer egin.

Zaila da urtebete honek gizartean utzi duen lorratza neurtzea. Nola jokatu behar duzue?

Kalean jendea hurbiltzen zait, %99,9an errespetuz, eta denetarik entzun ohi dut. Jende askok dio horrela jarraitzeko. Hona etorri gara beharrezkoa zena egitera; baina ez dugu ahaztu behar, aldi berean, gure lana ez dela jendearen kontra jotzea. Zuk izan dezakezu ideiarik onena eta apusturik ederrena, baina, adibidez, Erriberan ulertzen ez bada zergatik egin dugun PAIren gogoeta, buelta bat eman behar diogu. Gurasoek ulertzen ez badute eta maisuek horregatik momentu gogorrak bizi badituzte, bideratu behar dugu azaltzeko eta, agian, erritmo berriak ezartzeko. Jendearen kontra jotzea ez da politika egitea. Hau ez da enpresa bat, non efizientzia neurtzen den erritmoan edo produktuaren kalitatean. Lortu behar dugu gizarteak ulertzea eta onartzea, ez gure posizio politikoa, baizik eta hartzen ditugun erabakiak. Alderdien kritika badakigu non dagoen, baina gizartearen ahotsa eta parlamentuko kritika entzun behar dira, eta, gizarteak ezetz esaten badu, entzun egin behar da.

Gizartearen beste sektore batek kalean euskararen arloan gehiago egiteko beharra azaldu du. Bateragarriak dira bi jarrerak?

Bien eskubideak hartu behar ditugu aintzat, baina, euskalgintzak edo gizarteak euskara eskatzen duenean, ez du gazteleraren kontra egiten; aldiz, beste kritika batzuk euskararen kontra egiten dira. Hor badugu pedagogia lan bat egiteko Nafarroa osoan. Euskara gurea da, euskaldunona eta euskaldun ez direnena.

Lehen urtebetean, Euskadi-Akitania euroeskualdean sartu da Nafarroa, eta Jaurlaritzarekin lankidetza hitzartu duzue. Zer onura praktiko ekarriko ditu?

Ez da gutxi. Askok diote ez dela ezer gertatu. Adibidez, Europako Batasunak iragarri berri du Espainiako defizitak jarraituz gero neurri bereziak hartuko dituztela. Besteak beste, egiturazko funtsak eten ditzakete. Horrek kalte handia egingo luke Nafarroan, baina euroeskualdearen barruan beste mota bateko funtsak jaso ditzakegu, edo beste proiektu batzuetan parte hartu.

UPNrekin Nafarroak bizkarra erakutsi zien bizilagunei?

Nire ustez, bai. Adibidez, Akitaniarekin ez zegoen ezer, EAErekin zer esanik ez, eta Errioxa eta Aragoirekin baziren bi hitzarmen, oso zaharkituak. Azkeneko urteetan ez dute ezer egin. Aragoiko eta Errioxako presidenteek eurek akordioak berritzeko borondatea azaldu didate. Ez zen bakarrik posizio politiko bat; lan falta ere bazegoen.

Tentsioa eragin du Aroztegiak. Zergatik jarraitu duzue proiektuarekin?

Udalerriz gaindiko eragina duen plana legalki ondo zegoen, eta proiektuak aurrera jarraitzen du. Gobernua ez da nor atzeratzeko. Gobernuaren posizioa ez zen proiektuaren aldekoa edo kontrakoa. Teknikoki eta juridikoki ondo egina badago, aurrera jarraitu behar du.

Lau urtean dena egin behar duzue, ala helburuak izan behar du gehiago irautea?

Datozen hiru urteetan gauza asko egiteko asmoa dugu, eta planifikazio orokorra egina dago. Zer esan nahi du aldaketak: lau urte baino ez direla behar? Ez, fokua jartzen dugu zenbait gauzatan, eta datozen zazpi urteotara begira gaude. Herritarren eskuetan izanen da azterketa hori gainditzea.

Egungo gehiengoa handitzea al da erronka nagusietako bat?

Ikus dezagun nola bideratzen diren gauzak. Beldurrik gabe. Hiru urte barru hauteskundeak gaizki ateratzen badira baina norbera lasai badago, herritarren azterketaren nota onartu behar du; baina, era berean, hiru urteotan herritarren erabaki hori ez da izan behar helburu bakarra.

Zuk eta EH Bilduko Adolfo Araizek diozuenez, erritmoa motelago edo azkarrago, neurriek atzeraezinak izan behar dute. Nola?

Hori da gure ideia. Askotan, erraza da neurri batzuk hartzea, komunikazioa oso ikusgarria baita. Beste batzuetan, erabakiak askoz ere motelagoak dira adierazpidean, baina sakonak eta bereziak dira, era berean. Adibidez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan egindako aldaketak atzeraezinak dira, baita irratien eta ETBren kasuan ere, eta arlo sozialeko legeetan; besteak beste, errenta bermatuan eta Etxebizitza Legean.

Konfiantza eta leialtasuna nola daude urtebeteren ondoren?

Nire ustez, oso ondo. Urtebete zaila izan da. Egoera politikoak ere zailtasun handiak jarri ditu. Bi hauteskunde orokor izan ditugu, eta gobernua sostengatzen duten alderdien artean bakoitza bere kabuz aurkeztu da. Horrek ez du minik eragin. Azken hauteskundeen biharamunean, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako bozeramaile guztiek argi eta garbi aldarrikatu zuten gobernuari babesa ematen jarraituko dutela. Gauzak oso ondo bideratu dira, leialtasunez eta argitasunez.

PSN iaz abstenitu egin zen inbestiduran, baina lehen urtean norenik gabeko lekuan geratu da, UPN eta PPrekin bat eginda. PSNren zain jarraitzen duzue?

Aste honetan ikusi dugu Madrilen zer gertatu den. PSOE ez da ausartu katalanekin akordio bat sinatzera Kongresuko Mahaiko presidentea izateko, eta Rajoyk lortu du. Nik ez dakit benetan zer aurpegi geratu zaion [Pedro] Sanchezi, baina izugarria izan behar du. Espainian gobernu aurrerakoia eraikitzeko aukera bota du. Edo orain arte ezarritako marra gorriak zeharkatzen dituzte, edo ez dute ahalmenik aurrera egiteko. Podemosen esku gera daiteke erantzukizuna, eta PSOEk galduko du. Ispilu horretan ere begiratu behar du PSNk.

Eta UPN nola ikusten duzu?

Shock egoeran jarraitzen du. Aurreneko urtean Espainiako bi hauteskunde izateak lagundu egin dio UPNri tentsio politiko bat izateko. Emaitzak ez dira onak izan zenbakiei begira, baina momentua bideratzen lagundu die. Hala ere, UPNk asmatu beharko du, batetik, zer oposizio mota egin nahi duen Nafarroan hogei urtez gobernuan egon ondoren; eta, bestetik, zer estatus mota nahi duen Nafarroarentzat. Hiru urte ditu erantzuteko.

BERRIAn argitaratua (2016/07/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA