astekaria 2016/07/29
arrowItzuli

ekonomia

REQUIEM DOINUAK BANKUENTZAT

Jon Fernandez

REQUIEM DOINUAK BANKUENTZAT

Bankua eta aulkia, biak daude jokoan Italian. Europan gaur egun ahulen dagoen banku sistema erreskatearen atarian dago, eta erreskatea egiteko erak —diru publikoa ala pribatua erabiltzeak— gobernuko aulkia galtzea ekar diezaioke Matteo Renzi lehen ministroari. Etorkizun politikoa urriko erreferendumera lotu du Renzik, eta erreskatearen faktura aurreztaileei ordainarazten badie, Bruselako lege berriak dioen bezala, haien haserre botoak galdeketa galtzea ekar diezaioke. Eta erreferenduma galduz gero, dimititu egingo duela agindu zuen. Ataka horretan, ez du bankuaren eta aulkiaren artean aukeratu nahi. Bankua ala aulkia ez, bankua eta aulkia nahi ditu, biak. Baina, horretarako, Brusela konbentzitu behar du.

Asko du jokoan, politikoki, beraz, Renzik. Baina asko dute jokoan, ekonomikoki, Italiak eta eurogune osoak ere. Euroguneko ekonomia handienetan hirugarrena da Italia, zorpetze publiko handienetakoa ere badu (BPGaren %133), eta hango bankuen ahultasunak ziurgabetasuna kutsa dezake kontinente osora. Berregituraketa bat, 40.000 milioi inguruko kapital ziztada bat, behar du bankak kontuak garbitzeko, baina diru hori nork jarri, hor dago gakoa.

2008ko krisiaz geroztik bankuen erreskateak diru publikoz egin dira Europan, bail-out sistemarekin. Hau da, zergapekoen bizkar eta trukean austeritate politikak ezarrita erreskatatu izan dituzte finantza erakundeak. Bost herrialdetan egindako zazpi erreskatetan —Greziak hiru jaso ditu—, guztira, Europako Batasunak 1,6 bilioi euro jarri zituen bankuen zerbitzura, finantza sektorearen hondamendia eragozteko. 3.200 euroko faktura batasuneko biztanle bakoitzeko.

Faktura garestiegia herritarrentzat. Sistema hori aldatu zuten EBko kideek, eta bail-in sistema dago indarrean joan den urtarrilaz geroztik: orain, bankuak erreskatatzean, lehenik eta behin bankuaren jabeek, akziodunek, hartu behar dituzte euren gain galerak. Horiekin batera, erreskatearen faktura bankuaren zorra erosi duten inbertitzaileek eta 100.000 eurotik gorako gordailuak dituzten bezeroek ere pagatu behar dute.

Herrialde gehienetan bankuen bonuak inbertsio funtsek erosten dituzte; funts horiek ezagutzen dituzte hartzen dituzten arriskuak, eta galerei aurre egiteko gai dira. Italian, berriz, batez ere aurreztaile txikiek erosi dituzte bankuen bonuak, besteak beste, zerga hobariak dituztelako. Hain zuzen, Italiako bankuek menpeko bonuetan dituzten 60.000 milioi euroen herena —20.000 miloi euro— aurreztaile txikien eskuetan daude.

Herritar arruntak dira aurreztaile txiki horietako asko, pentsiodun ugari tartean. Joan den azaroan, adibidez, Erromak likidezia arazoak zituzten lau banku txiki erreskatatu zituen Bruselako arau berriak erabilita, galerak bankuko akziodunen eta hartzekodunen bizkar lagata. 3.600 milioi euroko erreskatea izan zen, eta Italiak ez zuen diru publikorik jarri. Aurrezki guztiak galdu zituen pentsiodun batek bere buruaz beste egin zuen, eta sekulako ekaitz politikoa eragin zuen herrialdean.

Renzik ez ditu gehiegi haserretu nahi bankuen akziodunak, inbertsiogileak eta aurreztaileak. Bere legealdiko erreforma izarra Senatuari botere legegilea mugatzeko konstituzio aldaketa izan da, eta urrian erreferenduma egingo du herritarrek erreforma hori berrets dezaten. Banka egungo legearekin erreskatatzeagatik galdeketa ez galtzeko, Bruselarekin erreskate bigun bat negoziatzen ari da Erroma. Baina hor Europako Batasunaren sinesgarritasuna dago jokoan: arau batzuk ezarri eta gero ez betetzea aurrekari arriskutsua izan daiteke, gainontzeko herrialdeek ere Italiaren faborezko tratu bera eskatuko lioketelako EBri.

'Brexit'-a: aitzakia antzua

Nolanahi ere, erreskate arau berriak lagatzen du tarte bat laguntza diru pribatuz beharrean publikoz egiteko: erreskatea salbuespen egoera batek bultzatu duela aitortzea. Aitzakiatzat brexit efektua erabiltzen ahalegindu da Renzi, baina aukera hori berehala baztertu dute Bruselan.

Brexit-a baino askoz lehenagokoa da Italiako bankuen arazoa. Europako herrialde gehienetako bankuek izan zituzten galerak ekainaren 23ko erreferendumaren ostean, baina merkatuek bereziki jomugan jarri zuten Italiako banku sistemaren ahultasuna. Lehen bi asteetan, bere balioaren %50 galdu zuen, esaterako, Monte dei Paschi bankuak. Munduko bankurik zaharrena da, 1475ean sortua, Italiako finantza erakunde handienetan hirugarrena, eta mailegu toxiko gehien dituena —mailegu guztien ia %40—. Baina arazoa ez zion brexit-ak ekarri, urtea hasi zenetik %78ren galerak pilatu dituelako: kontu liburuek aitortzen dioten balioaren %8 baino ez du burtsan.

Gainontzeko banku nagusiak ere egoera larrian daude: urtarrilaz geroztik Unicreditek %65 egin du behera burtsan , %62 UBI Bancak eta %59 Banca Popolarek. Italiako bankuek 360.000 milioi inguru aktibo toxiko dituzte, horietatik 210.000 oso toxikoak. Mailegu toxikoen erdiak baino gehiago enpresei emandako kredituak dira, eta konpainien berankortasun tasa boskoiztu egin da 2008az geroztik. Toxiko deitzen zaie bueltan kobratzeko oso aukera txikia duten mailegu eta bestelako aktiboei. Sektoreak %16,6ko berankortasun tasa dauka, EBko batez bestekoa baino hiru aldiz handiagoa; eta, bere baliabideen gaineko errentagarritasuna %3,3 du, EBn baino 2,5 puntu txikiagoa.

Euroguneko gainontzeko herrialdeek krisi finantzarioaren urte gogorrenetan egin dituzte banku sistemaren berregituraketak, baina Italiak ez du egin. Urteotan aktibo toxikoak pilatzen jarraitu du, likidezia arazoak handitzen, eta burtsetan balioa galtzen.

Hilotz bizidunen tankera hartu dute bankuek, eta requiem doinuak ugaritu zaizkie. Ignazio Visco Italiako Banku Zentraleko gobernadoreak erreskate beharra aitortu zuen hil hasieran. Hori bai, bankuei diru publikoa injektatzeko eskatu zuen.

Ez da diru publikoa nahi duen bakarra. Renziren erreskate bigunak babes handia jaso du azken asteetan, eta ez edonondik. Alemaniako Finantza ministro Wolfgang Schaeublek begi onez ikusten du ezkerreko eskuarekin jokatzea, baita Vitor Constancio EBZ Europako Banku Zentraleko presidenteordeak ere, eta NDF Nazioarteko Diru Funtsak «malgutasunez jokatzeko» eskatu dio EBri. Lehengo troika, beraz, prest legoke Renziren nahia betetzeko.

Ez dute bankaren krisia eurogunera hedatzerik nahi. Deutsche Banken kalkuluen arabera, Europako bankuek 150.00 milioi euroko kapital beharra daukate. «Europak berehala konpondu behar du arazoa, bestela istripu bat gerta daiteke», adierazi zuen hil hasieran David Folkerts-Landua Deutsche Bankeko ekonomista buruak.

'Bail-out' mozorrotua

Brexit-aren aitzakiaren bidea baztertuta, beste bat negoziatzen ari dira Erroma eta Berlin erreskate biguna justifikatzeko. Tarteko aukera bat litzateke: erreskate publiko bat, aurreztaileei faktura ordainarazi barik, baina euroguneari laguntzarik eskatu barik, eta, beraz, trukean austeritate memorandumik bete behar izan barik. Gainera, Erromak apirilean bankuak laguntzeko sortutako Atlante funtsa erabil dezake tresna gisa. Espainiako Sareb banku txarraren antzekoa da funtsa, baina inbertsio funts pribatu baten egitura dauka, nahiz eta estatuak bultzatutakoa eta lagundutakoa izan. Atlanteren 6.000 milioiren poltsa txikiegia da, baina Erromak handitu dezake, eta haren izaera pribatua baliatu. Mozorrotutako bail-out bat, funtsean.

Europako arauak, gainera, onartzen du estatu batek diru publikoa erabiltzea akziodunei eta hartzekodunei ezer ordainarazi barik, betiere, diru publiko hori soilik «estres azterketak zehaztutako kapital defizitari aurre egiteko baldin bada, eta betiere laguntza kautelazkoa eta aldi baterakoa bada». Gainera, 40.000 milioi euroko erreskate bat ez litzateke zama gaindiezina izango Italiarentzat, BPGaren %2,4 adinakoa izango bailitzateke, orain arte egin diren erreskateetan kopururik txikiena proportzioan.

Bide hori ari da indarra hartzen Erromaren eta Bruselaren arteko negoziazioan, eta ituna ixtear direla publikatu du Financial Times kazetak. Zurrumurru horien harira, %1-%2 arteko igoerak izan dituzte bankuek burtsetan asteon. Hilaren 29an argituko da gehiago kontua, EBA Europako Banku Agintaritzak orduan egingo baititu publiko estres azterketak. Italiako bankuen zuloaren eta beharrizanen tamaina jakingo da orduan, eta erreskatearen zenbatekoa zehaztuko da. Laguntzeko era ere orduan finduko dute.

BERRIAn argitaratua (2016/07/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA