astekaria 2015/10/30
arrowItzuli

kirola

Mende bat oroitzapen

Jon Eskudero

Mende bat oroitzapen

1915. urtean abiatu, eta dagoeneko mende bat betea du euskal selekzioak. Bada, mendeurrena ospatzeko, selekzioak historian izan dituen hainbat protagonista bildu zituen atzo, Astorek, Arrasaten (Gipuzkoa), Jatorrian txiki, garaipenean handi lemapean. Garai ezberdinak baina, nola ez, sentimendu bat eta bakarra ezagutu izan duten hainbat lagun. Hiru belaunaldi ezberdin. Denetan beteranoena: Inaxio Kortabarria. Hura baino gazteagoak ere baziren: Pablo Gomez, Agustin Aranzabal, Mikel Lasa, Aitor Lopez Rekarte eta Igor Gabilondo, kasu. Baita egungo jokalariak ere: Mikel Gonzalez, Dani Garcia, Aintzane Encinas eta Vanessa Guimbert. Mikel Etxarri hautatzailea ere bertan zen.

Bada, goiza hasteko, protagonista horiek ongi etorria jaso zuten. Euskal selekzioko jokalariak eta zaleak janzten urteak daramatza Astorek, eta oroigarri bana oparitu zieten jokalariei. Ondoren, Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak hartu zuen hitza eta, motz izan arren, garbi hitz egin zuen. «Guztion ametsa da euskal selekzioak ofizialtasuna lortzea, baina ez da bide erraza. FIFAk oztopo asko jartzen dizkigu. Lanean ari gara etengabe gure ikurrina eta futbola mundu osora zabal dezagun». Presidenteak gaineratu zuen euskal selekzioak ia ziur abenduaren 27an jokatuko duela Bartzelonan, Kataluniaren aurka.

Eta, Elustondoren hitzen ondotik, jokalari ohiek eta egungoek hitz egin zuten. Selekzioa ordezkatzeak zer dakarkien azaldu zuten, euren esperientziak ere partekatu zituzten eta, nola ez, gauza berbera aldarrikatu zuten: ofizialtasuna.

1. Zer da zuretzat euskal selekzioa?

2. Zein da zure oroitzapenik onena?

3. Lortuko al du inoiz ofizialtasuna?

INAXIO KORTABARRIA Realeko jokalari ohia

«Ofizialtasuna lortzeko, gure artean konpondu behar dugu lehenbizi»

1. «Gure garaian, jendeak amorru handia zeukan, politikoki garai gogorrak ziren, eta gogotsu zeuden gure bihotzeko taldea zelaian ikusteko. Jokalariok Euskal Herriko gizartearen ispilu bilakatu ginen, eta ohorea izan zen gure selekzioa ordezkatzea».

2. «Gogoratzen dut emozio izugarria sentitu nuela lehen aldian. Zaleak desiratzen zeuden euskal selekzioa lehian ikusteko, eta begietan igarri nuen hori partida hasi baino lehen. Oilo ipurdia jarri zitzaidan. Nik Bilbon, Donostian eta Gasteizen jokatu nuen euskal selekzioarekin».

3. «Gaztea nintzenean, ez nuen inoiz pentsatuko euskal selekzioak hainbeste partida jokatzeko aukera izango zuenik. Eta, tira, horrek itxaropen pixka bat sortzen dit ofizialtasuna lortzeko. Bidea eginda dago, eta, orain, Eusko Jaurlaritzaren eta beste instituzio batzuen konpromisoa behar da. Bestela, alferrik da. Indarrak batuz gero, posible da. Lehenik gure artean konpondu beharra daukagu».

MIKEL ETXARRI Gizonezkoen selekzioko hautatzailea

«Jokalariek taldearekin duten konpromisoak betetzen nau gehien»

1. «Nire bihotzeko taldea da. Hautatzaile kargua eskaini zidatenean, utzita nion entrenatzaile izateari, baina ez nuen bi aldiz pentsatu. Euskal selekzioan sartzea ohore izugarria zen. Eta, orain, oso pozik ari naiz lanean. Jokalariek taldearekin duten konpromisoa izugarria da, eta horrek bete egiten nau. Behin, Urzaizek min hartu zigun partida bezperan, eta Guerrerori deitu genion. Hura oporretan zegoen baina, hegazkina hartu, eta azkar etorri zen jokatzera. Xabi Alonsoren eredua ere ederra da. Bera arduratzen zen Real Madrili baimena eskatzeaz euskal selekzioarekin jokatzeko».

2. «Venezuelan irabaztea ederra izan zen. Estonian jokatzea ere bai. Han, gainera, UEFAko protokoloa jarri ziguten, eta ilusioa egin zigun. Ordea, Kataluniaren aurka jokatu genuen bezala jokatzeak eman dit niri poz gehien orain arte. Uste genuen partidak gal genitzakeela, haiek maila handia dutelako. Baina ez. Katalunian bina egin genuen, eta hemen bana. Horrek erakusten du euskal selekzioak maila izugarria duela eta edonoren aurka lehiatu dezakeela».

3. «Erdi zahartua nago jada, eta ez dut uste ofizialtasuna ezagutuko dudanik. Baina, lortzen badu, jakingo dut nagoen lekuan nagoela, seguru. Emaitza onak lortzea garrantzitsua da ofizialtasuna lortzeko. Hautatzaileok talderik onena osatzen saiatzen gara beti».

IGOR GABILONDO Realeko eta Athleticeko jokalari ohia

«Partida gehien jokatu dituen jokalaria ni naizela sentitzea ohorea da»

1. «Uste dut euskal selekzioarekin partida gehien jokatu duen futbolaria ni naizela: hamabi, guztira. Hori jakitea eta sentitzea ohorea da. Txikitatik amesten nuen hori, eta ametsa bete nuen lehen aldia ederra izan zen».

2. «Realeko zein Athleticeko jokalaria izanda ordezkatu nuen euskal selekzioa. Ondorioz, denak lagunak nituen. Eta Venezuelarako bidaia gogoangarria izan zen. Oporraldi txiki batzuk igaro genituen, eta irabazi egin genuen gainera. Pena hartu nuen futboletik erretiratzean, ezingo nuelako gehiago selekzioarekin jokatu».

3. «Urtean behin soilik jokatuta ez da erraza aldarrikapenak egitea. Orain, urteroko festa ohitura bihurtzea da gakoa, baina ez da erraza izango. Halere, lanean segi behar dugu, etsi gabe».

DANI GARCIA Eibarreko jokalaria

«Bigarren B Mailatik nentorren, eta deiak ilusio izugarria egin zidan»

1. «Gure bihotzeko taldea izan arren, jokalari gisa urrun ikusten nuen beti euskal selekzioa. Reala eta Athleticeko jokalariek osatzen zuten gehienbat deialdia, eta niri deitu zidatenean ilusio izugarria egin zidan. Bigarren B Mailatik nentorren, eta harro sentitu nintzen gure koloreak defendatuko nituelako».

2. «Partidaren egunean bertan ohartu nintzen partida bat baino gehiago zela. Aldarrikapen bat. Eta partaide sentitu nintzen. Gainerako taldekoekin batera egotea ere aberasgarria izan zen».

3. «Nahiago nuke ofizialtasuna lortuko bagenu. Ametsa egia bihurtzea izango litzateke. Ez da erraza izango, baina jokalariok dena jarriko dugu gure partetik».

VANESA GIMBERT Athleticeko jokalaria

«Ofizialtasuna lortuko bagenu, inoren inbidiarik ez genuke izango»

1. «Gu euskaldunak gara, eta euskal selekzioa ordezkatzea da gerta dakigukeen gauzarik onena. Nik, pertsonalki, horretarako aukera izan dut, eta oso harro nago. Emakumeen futbolarentzat ere bikaina da euskal selekzioak taldea izatea».

2. «Aurtengo maiatzean Tallinen izan ginen. Estoniaren aurka jokatu eta irabazi egin genuen. Bidaia eta garaipena gainerako lagunekin konpartitzea ederra izan zen. Ez zait sekula ahaztuko».

3. «Ez dakit lortuko dugun, baina, lortuko bagenu, ziur nago inoren inbidiarik ez genukeela izango».

BERRIAn argitaratua (2015/10/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA