astekaria 2016/07/29
arrowItzuli

politika

Zain, eta itxaropen handirik ez

Gorka Berasategi Otamendi

Zain, eta itxaropen handirik ez

Senidearen heriotzari buruzko erantzunen baten zain denbora luzea daramate Izaskun Iantzik (Urnieta, Gipuzkoa, 1966) eta Miren Gerestak (Zizurkil, Gipuzkoa, 1966). 23 eta 17 urte daramatzate Gurutze Iantzi ahizpari eta Jose Luis Geresta anaiari gertatu zitzaiena noiz argituko eta aitortuko. Eusko Legebiltzarrak etzi onartuko du 1978-1999 artean «motibazio politikoko indarkeria egoeran» eragindako giza eskubideen urraketen biktimak aitortu eta ordaina emateko legea —EAJk eta PSE-EEk adostua—, baina Iantzik eta Gerestak ez dute argi haien kasua legeak onartuko dituen ala ez. Eskaria aurkeztuko dute, baina «ezer gutxi» espero dute, erakunde publikoek denbora luzez entzungor egin dietela eta.

Zizurkilen elkartu dira Geresta eta Iantzi BERRIArekin, Pasus plazan. Lehen Joxe Arregi plaza zen —Espainiako Poliziak torturatuta hil zen Arregi—, baina udalak izena aldatu zion 2008an, eta Gerestaren omenezko eskultura kentzea ere erabaki zuen egun berean. Plazaren alboetako batean, Koldobika Jauregiren Barne kanta oroitarria dago, torturatuei eskainitakoa.

«Legebiltzarreko legea urrats txiki bat da Espainiako Estatuaren biolentziaren ondorioz izan diren hildakoak aitortzeko, baina, nire iritziz, oraindik asko dago faltan. Ez daukat oso argi zein izango diren aitortuko dituzten hildako horiek», dio Izaskun Iantzik. Haren esanetan, justiziazkoa da Gurutze ahizpa biktima horien artean egotea; ez du argi, ordea, legearen irizpideek jasoko ote duten. «Niri oso gogorra iruditzen zait, 23 urteren ondoren, oraindik onartua ez izatea. Ez dut ulertzen. Oso haserre nago, eta minduta». Iantzi eta Gerestaren senideek ez dute legeaz azalpenik jaso Jaurlaritzaren aldetik.

Gurutze Iantzi epailearen agindurik gabe eraman zuten Urnietako etxetik, atxilotuta, 1993ko irailaren 23an, ETArekin lotuta. Bi egun lehenago atxilotu zuten Julen Irastorza, Iantziren senarra. Hogei lagun inguru eraman zituen guztira poliziak, operazio batean. Gurutze atxilo eraman eta hurrengo egunean jaso zuen familiak heriotzaren berri, telegrama bidez. Bertsio ofizialaren arabera, bihotzekoak jota hil zen, era naturalean. Harekin batera atxilotu zituztenen tortura salaketen eta familiaren auzi medikuaren txostenek, aldiz, bertsio ofizialaren kontrako zantzu ugari biltzen dituzte.

Miren Gerestaren iritziz ere, «urrats txiki bat» da Eusko Legebiltzarreko legea. «Gauza asko gelditzen dira egiteko oraindik. Gutxienez, egindakoaren aitortza lortzeko. Hori bakarrik nahiko nuke nik».

Jose Luis Geresta hilik aurkitu zuten 1999ko martxoaren 20an, Errenteriako Zamalbide auzotik gertu. Bala zauria zuen buruan, eta pistola bat aurkitu zuten gorpuaren aldamenean. Bertsio ofizialaren arabera, bere buruaz beste egin zuen Gerestak. Familiaren auzi medikuaren autopsia azterketak, ordea, auzitan jartzen du bertsio hori. Gerestari bi hagin falta zitzaizkiola eta beste bat erditik moztua zuela jasotzen du txostenak, besteak beste.

Miren Gerestak nabarmendu du gertatu zenaren egia argitzea erakundeen betebeharra dela. «Bi kasuotan ere ikerketa bat eskatzen ari gara, 23 eta 17 urte geroago. Eginda beharko lukeen gauza bat da». Iantzik ere ezinbesteko jotzen du egia argitzea. «Bertsio ofiziala heriotza naturala izan zen, baina heriotza naturaletik ezer gutxi du. Bahiketa epailearen agindurik gabe, torturatua, eta auzi medikuaren jarrera. Zantzu horiek nahikoa izan behar ziren garai hartan ikerketa abiatzeko, baina artxibatu egin zuten, eta kasua itxita dago».

Iantzi eta Geresta Jaurlaritzaren Memoriaren Mapan aipatzen dira, ez biktima aitortuen zerrendan, «egiaztatze eta ikerketa lan handiagoa behar» duten kasuen atalean baizik. Agiri horrek, familien auzi medikuen txostenek eta Gurutze Iantzirekin batera atxilotuak izan zirenen tortura salaketek frogatzen dute bertsio ofizialean argitu gabeko gertakari ugari dagoela. Espainiako Estatuaren indarkeriaren biktimen aitortzarako etzi onartuko den legeak ikerketarik gabeko kasuak aintzat hartuko dituela jasotzen du 2.3 artikuluak, «defentsa gabezia» kasuak giza eskubideen urraketa direla ulertuta.

Legearen gabeziak

«Garbi dago hildako guztiak ez direla berdinak». Gerestak biktimen arteko mailakatzea salatu du; pairatu duten indarkeriaren jatorriaren arabera sailkatzea. Iritzi berekoa da Iantzi. «Badirudi gure hildakoen giza eskubideak beste maila batean daudela. Hori garbi uzten du legeak. Ordaina ez da beste biktimen bera».

Era berean, oker deritzote aitortza eskaria egiteko legeak bi urteko epea ezartzeari. Iantziren esanetan, «Egia jakin behar dugu, eperik gabe. Gaur, bihar, urtebetera... baina jakin egin behar dugu. Bestela, ez dago justiziarik». Horrez gain, biktimek eskaria aurkezteko dituzten zailtasunak kontuan hartu behar direla ohartarazi du. «Orain guk datuak jaso behar ditugu, aurkeztu, bakoitzaren mina gainditu... Ni geldiarazita egon naiz sufritu dudanarengatik, eta nahikoa lan da hau aurrera eramatea».

Biek adierazi dute erakundeen jarrerak min hori areagotu duela. «Ez dira hildakoak bakarrik. Nola eta nortzuk eragin dituzten ere bada», salatu du Gerestak. Haien senideak ETAko kide zirela ziurtatu den bakoitzean, «errugabetasun printzipioa hautsi» eta estatu indarkeria justifikatu dutela ere gaitzetsi dute. Torturaren errealitatea ezaguna izan arren, erakundeek axolagabe jokatu dutela adierazi du Iantzik. «Ez dute ezer ere egin. Beti saiatu dira estaltzen, salaketa ETAko kideen jarraibidea zela esanez».

Ez dute baztertzen legea «bide baten hasiera» izatea. «Baina Espainiako Estatuaren mehatxua ere hor dago», ohartarazi du Gerestak. «Hildako batzuk onartzen badituzte, beti da aurrerapauso txiki bat, baina beste asko ez dakit non geldituko garen».

BERRIAn argitaratua (2016/07/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA