astekaria 2016/07/29
arrowItzuli

politika

PILI ZABALA

«Eredu bat topatzen saiatu behar dugu denok eroso egoteko»

Gurutze Izagirre

«Eredu bat topatzen saiatu behar dugu denok eroso egoteko»

Pili Zabala (Tolosa, Gipuzkoa, 1968) buru-belarri murgildu da politikaren lehen lerroan, eta ikasteko grina nabari zaio. Jakitun da Ahal Dugu-ko lehendakarigai izateko abantailarekin abiatu dela. Juan Luis Uriarekin eta Ruben Belaundiarekin lehiatu behar du, ordea, ofizialki hautatua izateko.

Nagua Albak duela bi aste proposatu zizun Ahal Dugu-ko lehendakarigai izateko, eta bi aldiz pentsatu gabe baiezkoa eman zenuen. Zerk bultzatu zintuen horretara?

Ohore bat iruditu zitzaidan, nahiz eta jakin ardura handia dela. Baina gauzak egiteko energia, gogoa, indarra daukadanez, ez nintzen kikildu. Familia etorri zitzaidan burura, oso inportantea delako halako erabaki bat hartzean; zure etxean egongo diren aldaketak, baita sentimenduak ere. Podemos zen. Ez nekien ziur zer pentsatuko zuten. Baina zalantzak argitzen joan dira, eta pozik nago beraien erantzunarekin.

Beste bi lehiakide daude hautagaitzan. Zuzendaritzaren babesa baduzu zuk, baita Madrilgoa ere ?Iñigo Errejon eta Pablo Iglesiasena?. Abantaila duzula iruditzen zaizu?

Suposatzen da. Denok goaz irabaztera, beraiek eta ni. Ea zer gertatzen den. Dena den, Gipuzkoako zerrendan lehenengo izango naizenez, lau urtean legebiltzarrean lanean arituko naiz. Beste prozesua ikusteko dago.

Lehen aldia da Ahal Dugu Eusko Legebiltzarrera aurkeztuko dena. Zer eskaintzen du besteen aldean?

Proiektu plurala. Jende guztien sentsibilitateak jasotzen dituena. Orain arte ez dut horrelakorik ikusi. Pertsona guztiak berdinak gara. Inor ez da inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere, eta hori oso inportantea da.

Irakurri dizugu ez zarela abertzale sentitzen, emakume euskaldun -vasca- eta munduko herritarra baizik. Azalduko zenuke hori?

Ni hemengoa naiz, hemen jaiotakoa naiz, nire arbasoak hemengoak dira, nik maite dut lurra, nire herria. Horregatik, euskalduna naiz. Abertzalea? Ez naiz. Ez dut sentitzen. Nahiz eta hemen jaiotakoa izan, munduko arazo guztien parte ere sentitzen naiz.

Argitze aldera... ez-espainola?

Nik neure burua euskalduna sentitzen dut. Espainiarekin beti eduki dugu harremana, eta gertuena dagoen erreferentzia da. Baina nik neure burua euskalduna sentitzen dut.

Proiektu inklusibo bat defenditu duzu, inor baztertzen ez duena. Baina, gero, aliantzak egiteko orduan... norengandik sentitzen zara hurbilago?

Proiektuak dira inportanteak. Gai sozialetan EAJtik baino EH Bildutik gertuago egon gaitezkeela uste dut; beste arlo batzuetan, proiektuak mahai gainean ipini, aztertu sakonki, eta ikusiko dugu.

Erabakitzeko eskubidearen alde edo aurka zaude?

Lurralde proiektua ez dago eguneratua. Iruditzen zait gaur egun hemen bizi garenon artean saiatu behar dugula eredu egoki bat topatzen, denok eroso sentituko garena. Zenbat eta adostasun gehiago, hobeto.

Galdetuko balitz, baietz edo ezetz erantzungo zenuke?

Proiektuak aztertuko nituzke.

Twitter kontua ireki duzu: lehen hitzak gaztelaniaz, laburpen txiki batzuk euskaraz... zein garrantzi izango du euskarak zuen proiektuan?

Niretzat errazagoa da erdara. Euskara esfortzu bat da, baina maite dut. Landu egin nahi dut, eta prest nago edozein esfortzu egiteko.

Nafarroarekin zein lankidetza posible ikusten dituzu?

Kongresuan saiatu dira lantalde propioa osatzen Nafarroako eta EAEko ordezkariak. Saiatuko gara harremanak normalizatzen, eta, gure aldetik, esfortzu guztiak egiteko prest gaude, ahalik eta eredu egokiena lortzeko.

Irakurri dizugu ez zarela sentitzen ez ezker, ez eskuin, ez feminista... baina zure aurkezpenean azpimarratu zenuen emakume izatearen garrantzia. Zergatik?

Feministaren zehaztasun bat egingo dugu. Genero desberdintasunik ez egoteko lana egingo dut. Baina feminista estereotipo horretan... esan baino nahiago dut lana egin. Nik lana egingo dut, eta orduan ikusiko da emakumeen alde, giza eskubideen alde, eskubide sozial eta politikoen alde, desberdintasunen aurka, aukera berdintasunaren alde nagoen. Ez zait gustatzen esatea «ni naiz hau, hori, hura». Lana eginez ikusten da zer zaren eta zer ez.

Klientelismoa aipatu izan duzu zure agerraldietan.

Gardentasuna oso inportantea da. Klientelismoak onurak dakartza pribilegiatu den horrentzat. Hori aukera berdintasunaren kontra doa. Denok aukera berdinak eduki behar ditugula iruditzen zait. Bezerotasun horrekin, ezagunak dituzulako, padrino-ak dituzulako... horiengana jotzearen kontra nago.

Gatazkaren gaiari lotuta, ETAk armak uztea erabaki zuela bost urte egitera doaz.

ETAk armak entregatu eta disoluzio ordenatura iritsi behar da, nahiz eta oztopoak egon. Ausardia behar da. Gizarteak eskatzen du, eta behin betiko utzi behar du. Bukaera normalizatu batera iritsi behar da.

Eta preso eta iheslarien gaia?

Espetxe politikak humanizatuagoa izan beharko luke. Nazioarteko erakunde prestigiotsuek ere badiote gizarteratze egoki baterako sakabanaketa kaltegarria dela. Eta, are gehiago, familientzat izugarrizko zama jartzen da, eta ez dute zertan jasan. Gaixo dauden presoak ere kontuan izan behar dira; etxean zigorra amaitzeko legezko bideak badaude, eta horretara bideratu beharko genituzke.

Zein balorazio egiten duzu orain arte Bizikidetzarako Idazkaritzak egin duen lanaren inguruan? Poliziaren indarkeriaren biktimen legea ere onartu berri dute...

Hastapenak onak izan dira. Oraindik asko geratzen da egiteko. Onartu den azken legea ez zait batere gustatzen. Hala eta guztiz ere, aurrerapauso txiki bat da.

Zergatik ez zaizu gustatzen?

Motzegi geratzen delako, eta jende asko geratzen delako kanpoan.

BERRIAn argitaratua (2016/07/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA