astekaria 2016/07/29
arrowItzuli

iritzia

Euriaren usainak

Miren Amuriza

Euriaren usainak Miren Amuriza

Sarkorra zer da ba udako trumoi egunetako euri usaina; aroma umel, berde, epel, antzinako hori. Euri tantek azalera porotsu batekin talka egiten dutenean, lurpeko aire burbuila ñimiñoak atxikitzen dituzte. Burbuilok, nola txanpainarenak kopan, euri urarekin gorantz egin, lur azalean lehertu eta behe-behetik ekarri gasak eta elementu aromatikoak askatzen dituzte; landareek, halaber, olio naturalak isurtzen zaparrada bakoitzarekin. Horrelaxe batzen ditu haizeak eta bilakatzen arnasa.

Poema batekin egin dut topo asteon, «I am Sirian» izenekoa, Youssef Bou Yihea gaztearena: «Ene lurraren esentzia dut sekta bakarra, euria egin ondorengo lurraren usaina; nire erlijio bakarra Siria da». Ghada al-Atrash idazle eta itzultzaile siriarrak (Kanadatik) ingelesez emana zen. Al Atrashek aspalditik du bere sorterriko poetika aztergai eta dioenez, orain urte batzuk pentsaezina zatekeen panorama literarioa sortu da bertan. 2011n gatazka lehertu zen arte, apenas zuen zirrikiturik adierazpen askatasunak, Al Asaden erregimenaren eta erradikal islamisten zentsuran preso. Harrezkero erabat irauli da, ordea, egoera, sare sozialen hedapenak idazteko espazio bat ez eze, indarra eman baitio jende askori. Poetika berria gazteagoa omen, gordinagoa; metaforak eta irudi alegorikoak barik, deskribapen literalak erabiltzen dituzte eta siriar identitateaz mintzo dira erlijioaz bainoago. Idazle horietako zenbait atxilotu, bahitu, desagerrarazten ari diren bitartean, asko dira erbestetik kideen testuak itzuli eta hedatzen dihardutenak. «Ene bihotza ematen dut mutil haren determinazio berarekin; zeinari gibela porra elektriko batekin kolpatu baitzioten txizan odola egin arte eta hala ere, zutitu eta hurrengo manifestaldira joan baitzen» zioen Najal Abdul Samadek.

Eta pentsatu nuen zer usain izango duen euriak hainbeste odol iragazi duten lurretan.

BERRIAn argitaratua (2016/07/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA