astekaria 2015/10/02
arrowItzuli

politika

Bide berriak jorratzeko gertu

Joxerra Senar

Bide berriak jorratzeko gertu

«Beti da komenigarria gertu bizi garenok gertu sentitzea, eta gertutasun hori erakutsi didazue». Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak jasotako arreta eskertu zion Uxue Barkos Nafarroako lehendakariari. Orain gutxira arte urruntasuna izan da bi gobernuen artean, baina Barkosek kargua hartu zuenetik bi hilabete bete direlarik, aldaketa islatu nahi izan zuten bi agintariek. Duela bi urte, bilera bakarra baino ez zuen egin Urkulluk Yolanda Barcinarekin, eta, hortik harago, arlo instituzionalean ez zuten ezer gehiago egin. Orain, harreman politiko iraunkorra izango dute, eta Urkulluk Ajuria Enean hurrengo bilera egiteko gonbitari baiezkoa eman zion Barkosek. Horrez gain, orain arte izenpetutako lankidetza hitzarmenetan sakondu nahi dute bi gobernuek, eta bide berriak garatu bi lurraldeetako autogobernua garatzeko eta defenditzeko.

Goizean, 11:30ean, Nafarroako Jauregiaren atarian agurtu zuen Uxue Barkosek Iñigo Urkullu. Ordubete inguruko bileraren ostean, jauregiko Areto Berdean komunikabideen aurrean agerraldia egin zuten, XVIII. mendeko pertsonaien koadroez inguratuta eta ordu laurdenero doinua jotzen zuen urrezko erlojuaren aurrean. Bilkurak ikusmin handia piztu zuen, 35 komunikabidek eman baitzuten agerraldiaren berri. Euskaraz mintzatu ziren biak lehenik, eta gazteleraz ondoren.

«Gure asmoa da gure harremanak normaltasunera eramatea», izan ziren Barkosen lehen hitzak. «Harreman normalizatua berreskuratzeko saioa egiten dugu, gure historiak eta errealitateak hala dioelako eta etorkizunak zein herritarren ongizateak exijitzen digulako», gaineratu zuen. Urkulluren irudiko, «oso bilera emankorra» izan zen lehena izateko.

Bezperan, politika orokorreko eztabaida izan zuen Eusko Legebiltzarrean Urkulluk, eta, han, foru nazioaren kontzeptua erabili zuen estreinakoz. Horri buruz galdetuta, Barkosek ongietorria egin zion «garrantzi eta sakontasun politikoa duen proposamenari», baina Nafarroan foru subiranotasunak izan ditzakeen gaizki-ulertuen inguruan, Barkosek adierazi zuen bi lurraldeek erabaki ahalmena dutela. «Subiranotasuna da gizarte batek bere etorkizun politikoa erabakitzeko tresna, eta, horregatik agurtu dut proposamena. Bide berriak irekitzen ditu, harreman sozioekonomiko, kultural eta instituzionalez gain politikoak ere bideratzeko, betiere herritarrek hala erabakita».

Bileran bi agintariek kezka agertu zuten EAEko Kontzertu Ekonomikoak zein Nafarroako Itun Ekonomikoak jasan ditzaketen erasoengatik. «Estatua garai politiko nahasian dago, eta autogobernuan aldaketak eragin ditzaketen erreforma konstituzionalen aurrean erne egotera eta elkarrekin lan egitera eraman behar gaitu», zioen Urkulluk. Haren esanetan, ez dute «fronte komun» bat eratuko, baina asmoa da defentsa prestatzea eta Itun zein Kontzertu Ekonomikoaren ahalmenak garatzea. Bi gobernuek lantaldeak osatuko dituzte.

Lanerako beste esparru bat euroeskualdea da, eta Europako Batasunean esku hartzeko aukerak irekitzen ditu. Iragan legealdian, dekretuz eta parlamentua aintzat hartu gabe, Barcinak erabaki zuen Akitania eta EAErekin batera osatutako euroeskualdetik ateratzea Nafarroa, «bertan dirua jartzea ez delako lehentasuna». Erabaki harekin oso kritiko, Barkosek euroeskualdean berriro sartzeko eskaera egin dio Urkulluri, eta hark, egungo euroeskualdeko presidente moduan, begi onez hartu du. Akitaniaren oniritzia baino ez da falta.

UPNren gobernuek eragindako urruntasunaren adierazle argiena seinale digital bidez ETB Nafarroa osoan ikusteko ezintasuna izan da. 2009an, Patxi Lopezek eta Miguel Sanzek protokolo bat izenpetu zuten, baina arazo ekonomikoa zegoela argudiatuta, UPNko agintariek ez zuten ezer egin. Horri buruz galdetu zioten Urkulluri: «Ez, ez zen arazo ekonomikoa. Gaia teknikoa da, eta, batez ere, borondate politiko izatea». Horri buruz aurreko gobernuekin ez zuela eztabaidatu aipatu zuen: «Neure buruari galdetzen nion ea nola zen posible nafarrek munduko kate guztiak ikusi ahal izatea Euskal Telebista izan ezik».

Iragan legealdian, Nafarroako Parlamentuko gehiengoak egoera konpontzeko agindu zion Gobernuari, eta, mandatu hori aintzat hartuta, bi gobernuek lantaldeak osatu dituzte. Barkosen arabera, datorren astean aztertuko dituzte alternatiba teknikoak, baina ez zen ausartu data bat ematera. «Borondate kontua soilik balitz, gaur bertan konpondua legoke». Dena den, berandu baino lehen bideratzea espero du.

Lankidetzan sakondu

Orain arte, Nafarroaren eta EAEren artean hamazazpi lankidetza hitzarmen izenpetu dira. «Horietako batzuk indarrean daude, eta beste batzuk indargabetuta», azaldu zuen Urkulluk. Bi lehendakariek arlo sektorialetan sakontzeko asmoa azaldu zuten. Lehenik, azpiegitura eta komunikazioan, eta, hor, AHTren egoera aztergai izan zuten. Bigarrenik, osasun eta hezkuntza arloko hitzarmenak: iaz, Bortzirietan osasun arretari buruzko hitzarmena lotu zen, adibidez. Hirugarrenik, industria garapena, merkataritza, turismoa eta lehen sektorea: nazioarteratzeaz ere hitz egin zuten, eta Urkullu kezkati agertu zen Volkswagenen egoerarekin. Laugarrenik, euskara eta kultura. Bosgarrenik, finantza harremanetan autogobernuaren defentsa. Azkenik, segurtasuna.

BERRIAn argitaratua (2015/09/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA