astekaria 2016/07/29
arrowItzuli

politika

ANDONI ORTUZAR

«EAJ eta EH Bildu herri akordio handiak egiten ikusten ditut»

Gotzon Hermosilla

«EAJ eta EH Bildu herri akordio handiak egiten ikusten ditut»

Egunotan AEBetan dago Andoni Ortuzar (Abanto, 1962) EAJren EBBko presidentea, Alderdi Demokratak Hillary Clinton presidentetzarako hautagai izendatzeko Filadelfian antolatu duen biltzarra dela eta. Hara abiatu aurretik elkarrizketa eskaini dio BERRIAri Sabin Etxean duen bulegoan, eta, batez ere, Euskal Herriko egoera politikoa eta Eusko Legebiltzarrerako udazkeneko hauteskundeak izan ditu mintzagai.

Zelan ikusten dituzue Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak?

Euskal boto-emaileak gero eta selektiboagoak dira botoa emateko orduan, eta aukera egiten dute garai politikoaren eta instituzioaren arabera. Azkeneko urteotan ikusi dugu hori: hauteskundeen aurreko jokabidea oso desberdina izan da, eta, esate baterako, Gasteizko hirian lau alderdi suertatu dira garaile —EAJ, EH Bildu, PP eta Ahal Dugu—, hauteskunde motaren arabera. Baina, azkenean, ura bere bidera dator. Nik uste dut jendeak badakiela hauteskunde autonomikoetan izaera dagoela jokoan, nazio izaera, autogobernua, eta uste dut alderdi abertzaleok abantaila horrekin ateratzen garela.

Litekeena da EAEko hauteskunde horien ostean orain arte ikusi gabeko itunen edo akordioren bat egotea, emaitzek derrigortuta. EAJ prest dago horretan sartzeko?

Jakina. Denok dakigu legebiltzarrean eragile berri bat indartsu agertzen denean, seguru asko Ahal Dugu-k egingo duen moduan, joko zelaia aldatu egiten dela eta litekeena dela bestelako itunak egin behar izatea. Baina uste dut zalantza, EAJk hori nola hartuko duen baino gehiago, beste bat dela; alegia, Ahal Dugu zelan sartuko den herri honetako normaltasun instituzionalean. Guk frogatu dugu guztiekin hitz egin eta itunak egiteko gai garela.

Zuzenago galdetuko dizut: EAJk bere burua ikusten du EH Bildurekin Eusko Jaurlaritzarako akordioren bat egiten?

Ez dakit, orain arte ezker abertzaleak beti ezetz esan digulako. Baina EAJ eta EH Bildu herri akordio handiak egiten ikusten ditut. Gobernua osatzeko zailagoa da, bazkideen programen arteko gutxieneko koherentzia bat egon behar delako, eta ezker abertzaleak beti areagotu ditu gurekiko aldeak, gu euskal eskuina bezala aurkezten saiatu dira, gure politiken alde sozialdemokratak ikusi nahi gabe, eta, orain, zail ikusten dut haiek deabru gisa aurkeztu duten horrekin gobernurako ituna egitea. Baina posible ez ezik, beharrezko ikusten dut ezker abertzalearekin akordioak egitea herri mailako gai nagusietan: bakean eta elkarbizitzan, autogobernuan, garapen ekonomikoan, euskal nortasunean eta abarretan.

Zer iruditu zaizu Pili Zabalaren hautagaitza Ahal Dugu-ren lehendakarigaia izateko?

Ez dut askorik ezagutzen. Aurrekoan Madrilen egon nintzen harekin, eta emakume irekia eta positiboa iruditu zitzaidan. Apur bat harritu nau, haren soslaia gehiago delako gizarte zibileko pertsona batena. Edozein modutan, gure kultura politikoa oso bestelakoa da: guk militantzian sinesten dugu, eta horrelako operazioak urruti gelditzen zaizkigu. Onena opa diot, hauteskunde emaitzetan izan ezik, jakina, hori nire alderdiari opa diodalako.

Hurrengo agintaldia EAEko estatus politiko berriarena izango dela uste al duzu?

Hala nahiko nuke. Amaitzear dagoen hau izatea nahiko nukeen, baina ezinezkoa izan da, seguru asko beharrezkoa zelako etapa hau igarotzea, nork bere proposamena egin eta banatzen gaituen hori nabarmentzearena. Baina egindako lanarekin zoru bat eraikitzeko modua badagoela uste dut, eta hurrengo agintaldian lehentasuna izan beharko litzateke hori. «Maltzagaraino joatea» esaten zuen Telesforo Monzonek. Nahiko nuke hurrengo agintaldian Maltzagaraino iristea.

Ez du ematen PSE-EE horretarako prest dagoenik.

Gai honetan PSE-EEk azkarrago jokatu behar du; bestela, bakarrik geratuko da PPrekin. Hautatu behar du gai honetan iraganean ainguratuta gelditzen den edo etorkizunari begiratzen dion. Gizartearen zati handi batekin konektatu nahi badu, autogobernuaren gaian pausoa aldatu behar du. PSE-EE ezin da izan Espainiako alderdi baten ordezkaria; euskal gizartearen zati baten ordezkaria izan behar da.

Gai honetan EAJ, Ahal Dugu eta EH Bilduren arteko adostasuna nahikoa izango litzateke aurrera egiteko?

Akordioak ahalik eta askotarikoena izan behar du, eta 1979koak baino adostasun handiagoa bildu behar du; bestela, gaizki ibiliko gara. Politikan, adostasunak legebiltzarretako botoen bidez neurtzen dira. Edukiei dagokienez, nik uste dut akordio berriak Euskadiren nazio izaera aintzat hartu behar duela, aldebikotasunetik Euskadiren eta gainerako erakundeen arteko harremana arautu behar duela menpekotasunik gabe, eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauzatzeko esparru bat zedarritu behar duela.

Litekeena da mahaiaren beste aldean, Madrilen, PPren gobernu bat egotea, eta ezaguna da zer jarrera izan duen orain arte.

Erraza ez da, baina badakite gaiari buelta bat eman behar zaiola. Espainiako Estatuaren ereduak ez du funtzionatzen. Ekonomikoki ez da bideragarria, lurraldeen arteko tentsioak sortzen ditu eta nazioen arazoari ez dio erantzunik ematen. Ez ikusiarena egin dezakete, baina ez luzera.

Eta ate guztiak itxita aurkitzekotan, alde bakarreko mugimenduren bat egiteko aukera baztertzen du EAJk?

Baztertu, ez dugu ezer baztertzen, baina aldebakartasuna aipatzen denean, jakin behar dugu aldebakartasunaren bidea adostasunarena baino zailagoa izaten dela normalean. Kontua ez da «akordiorik ez badago, banoa» esatea; joatea oso konplikatua da, Europaren gaia hor dagoelako. Espainiak ate guztiak itxiko balitu, euskaldunok buruargiak izan beharko genuke, beste ezer baino gehiago. Ikusiko dugu beste kasu batzuetan aldebakartasunaren bide hori zertan amaitu den.

Ia astero izaten dugu euskal presoen giza eskubideen kontrako eraso baten edo haien senideek eta lagunek pairatutako istripu baten berri. Askotan leporatu dizuete zuen jarrera ez dela hain irmoa urraketa horien inguruan, iraganean izandako beste urraketa batzuen inguruan izandakoarekin alderatuta.

Bai, badakigu. Ostiralero senideak hemen izaten ditugu, bidaian abiatu aurretik elkarretaratzea egiten dutelako Sabin Etxearen aurrean.

Uste duzu EAJren jarrera behar bezain irmoa dela giza eskubideen urraketa horien aurrean?

Guk behin eta berriro eskatu dugu beste espetxe politika bat; bidezkoa delako, eta, gainera, inteligenteagoa delako. Bidezkoa da, ostiralero ikusten ditudalako hemen senitartekoak, batzuk oso adinekoak, autobusetara igotzen milaka kilometro egiteko, askotan jakin barik kartzelara sartzeko aukerarik izango ote duten, eta hori drama bat da, senitartekoek ez dutelako ezeren errurik. Gainera, PP egiten ari dena ez da inteligentea. Beste espetxe politika batekin presio handia kenduko litzaioke senideen kolektibo horri, eta ezker abertzaleari ere bai, aukera emanez beste esparru batzuetan ausartago jokatzeko. Oso keinu gutxirekin pauso handiak eman litezke.

Hala ere, eskakizun horren aldeko mobilizazioetan normalean ez duzue parte hartzen.

Guk, alderdi gisa, geuk deituriko mobilizazioetan parte hartzen dugu; bestela, ez. Salbuespen bat egon zen [2014ko urtarrileko manifestazioan], orduan pentsatu genuelako kontua harago zihoala eta manifestazio eskubidea bera ere arriskuan zegoela. Ez zen oso esperientzia positiboa izan, alde batean zein bestean ez gintuztelako ulertu, baina ez gara damutzen. Neuk gidatu nuen erabaki hori eta ez dut damurik, pentsatzen dudalako Madrili mezu argia helarazi behar geniola. Gaur egungo Euskadin, espetxe politikan aldaketak eragiteko, manifestazioak baino gehiago ekintza politikoak behar dira. Manifestazio eta leloen garaia igaro da. Errespetu osoz esaten dut, bakoitzak nahi duena egin dezakeelako, baina presoen inguruak bestelako jardunbide politikoak asmatu beharko lituzke. Horretan hurbil aurkituko gintuzkete, elkarrekin hitz egiten badugu.

«Hurbil» egongo zinateketela esaten duzunean, konpromiso bat adierazten ari zara?

Bai, baina beste esparru batzuk ere landu beharko genituzke. Borondate eta konfiantza politikoa da gakoa. Agintaldi honetako arazoetako bat izan da ez garela gauza izan EAJren eta ezker abertzalearen arteko konfiantza giro bat sortzeko. Espero dut hurrengoan gauza izango garela, uste baitut EAJk eta ezker abertzaleak ariketa hori egin beharko dugula: herri honek izan behar duenaz pentsatzen duguna elkarrekin partekatzea, alegia.

BERRIAn argitaratua (2016/07/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA