astekaria 2016/07/29
arrowItzuli

politika

RUBEN BELANDIA. EAEKO AHAL DUGU-REN PRIMARIOETAKO LEHENDAKARIGAIA

«EAJ boteretik botatzea da datozen bozetako helburua»

Ander Perez Zala

«EAJ boteretik botatzea da datozen bozetako helburua»

Ruben Belandia Fradejas (Basauri, Bizkaia, 1961) EHUko liburuzaina da 1980tik, eta Leioako campuseko liburutegiko zuzendari atxikia. Arlo politiko, sozial eta sindikalean badu ibilbide bat egina; besteak beste, Steilas sindikatuko kidea da. Ahal Dugu-ko kidea da hasieratik, eta Esnatu Leioa herri hautagaitzako zinegotzia Leioan, 2015eko maiatzeko udal hauteskundeetatik. EAEko Ahal Dugu-ren lehendakarigaia hautatzeko primarioetan lehiatzen ari den hautagaietako bat da. Zurekin Ahal Dugu korrontearen izenean aurkeztu da Belandia, uste dutelako alderdiaren helburuak hobeto ordezkatu eta argiago transmititu behar direla.

Zergatik aurkeztu duzu zeure burua EAEko Ahal Dugu-ren lehendakarigai izateko?

Pili Zabala eta Juan Luis Uria hautagaiek helarazten duten mezu politikoa ez da batere argia, ezta gure gustukoa ere. Uste dugu mugimendu politiko batek daukan ardura dela gauzak argi esatea, eta Ahal Dugu-ren helburu politikoa izan behar dela EAEn aldaketa sakona lortzea; alegia, azken hamarkadetan nagusi izan den gobernatzeko era autoritario eta klientelista aldatu eta apurtzea. EAJrentzat, Euskadi bere batzokia da, eta hori amaitu behar da. Zehaztu beharra dago ez gaudela [EAEko] Ahal Dugu-ko zuzendaritzaren aurka. Gu aurkeztu gara Ahal Dugu-ren helburuak hobeto ordezkatu eta argiago transmititzeko.

Gabeziarik sumatzen duzu EAJren kudeaketan?

Jaurlaritzak sinetsarazi nahi digu Euskadi paradisua dela, baina ez da hala. Egunero daude etxegabetzeak, argindar mozketak; langabeziak eta prekaritateak ere gogor jo du biztanleria. Konturatu gara jende askorentzat oso zaila dela hilabete amaierara iristea. Gure ustez, arrazoia ez da diru falta; M-15en esan zen bezala, lapurrak sobera dira. Zementuaren alde gobernatu da hemen azken hamarkadetan. Autorik pasatzen ez den errepideak ditugu —Bizkaiko Supersur—, dirutza handia gastatzen ari dira AHTa eraikitzeko, eta Gipuzkoan erraustegia eraikitzear daude. Gai sozialetarako ez dagoela dirurik diote. Egin behar dena da herritarrak erreskatatzeko plana abian jarri. Horretarako, hasierako Ahal Dugu berreskuratu nahi dugu.

Zer zuen, bereziki?

Freskura handia zeukan, horizontaltasuna bultzatzen zuen, eta aniztasuna eta parte hartzeko aukera ahalbidetzen zuen. Azken hilabetean etiketa gehiegi erabili ditugu. Gure barruan adostasun gehiago daude desadostasunak baino; hori baliatu behar dugu.

Euskadi Aldatu hautagaitza da zurea; zer aldatu behar da?

Esan bezala, EAJren gobernatzeko era autoritario eta klientelista. Hemen, bipartidismo berezia egon da indarrean azken hamarkadetan, EAJren eta PSEren artean. Gure erakunde gehienen kontrola partekatzen dute, eta, horren ondorioz, gauzak ez dira aldatzen. Gehienetan, merkatuen menpe gobernatu dute. Partekatzen dituzte ate birakariak, politikatik energia enpresa handietako administrazio kontseiluetara joateko joera, eta horrelakoek ondorioak dituzte gure eguneroko bizitzan. Adibidez, ezin dira energia iturri alternatiboak bultzatu: itsasoko olatuak energia iturri gisa erabil daitezke, eta aukera hori ez dute behar bezala garatzen. Nire ustez, arrazoia da Iberdrolaren agindupean ibiltzen direla. Gobernatzeko modu hori aldatu behar da, jendearen alde gobernatzeko. Helburua EAJ boteretik botatzea da. Adostasun puntualak egon daitezke, baina ez dago jeltzaleekin adostasun orokorrik lortzeko aukerarik. Ezkerreko gobernu bat osatzeko prest nago EH Bildurekin eta PSErekin batera, baina alderdi sozialistak aldaketa handiak egin beharko lituzke bere politiketan gurekin gobernua osatzeko.

Zure hautagaitza «pertsonek eta pertsonentzat eginiko proiektu bat» da.

Enplegua sortu behar da, prekaritatea murriztu, industria politika garatu ekologia bultzatuta eta I+G+Bn oinarrituta, jendea hobeto bizitzeko. Etxe kaleratzeak gelditu behar dira. Kaleratze gehien egiten dituen enpresa Visesa da, Jaurlaritzaren enpresa publikoa. Hori aldatu behar da, baita pribatizazioak ere. Pertsonen ongizateari lotutako zerbitzuak ezin dira enpresa pribatuen irabazi iturri izan.

Nolako lurralde eredua defendatzen duzu?

Erabakitzeko eskubideak oinarria izan behar du. Herriak burujabea izan behar du bere etorkizuna erabakitzeko, eta zehazteko Espainiako Estatuarekin eta gainontzeko herriekin nolako harremanak nahi dituen. Gure ustez, erabakitzeko eskubidea ez da inongo nazionalismoren adierazgarri, eskubide demokratiko bat baizik. Baina ez dugu uste lurraldearen eredura soilik mugatu behar denik; gizarte eredura begira ere aplikatu behar da. Espainiari dagokionez, konfederazioa planteatuko genuke. Hautagaitza osatzen dugunok uste dugu Euskadiren ikuspuntutik konfederazioa izan daitekeela eredu egokiena.

Zer profileko pertsonek osatzen dute zure lantaldea?

Gure arautegiaren arabera, zerrenda guztiek parekideak izan behar dute, eta guk baldintza hori betetzen dugu, hala izan behar dela uste dugulako. Osatu dugun taldea prestatuta dagoen jendez beteta dago, borrokan eskarmentua duena. Gizarte mugimenduetan esperientzia dute, eta konprometituta daude. Eta, noski, Ahal Dugu osatzen duen jendea da.

EAEko hauteskundeei begira, Ezker Anitza eta Equorekin koalizio gisa aurkezteko formula errepikatuko zenuke?

Bai, errepikatuko nuke. Are gehiago, formula hori gehiago sakonduko nuke. Azken hauteskundeetan denboraz justu ibili ginen koalizioa egitean, eta ez genuen behar bezala zukutu. Uste dugu formula hori sakondu behar dela, harreman estuagoak definitzeko. Emaitzak hobeak izango dira. Herritarrak dira euren bozken jabeak. Planteamendu argiak aurkeztu behar ditugu hauteskunde hauetan. Azken bozetan [Espainiakoetan] egindako eztabaidan argi geratu zitzaigun mezua ahultzea ez dela inola ere onuragarria emaitza hobeak lortzeko, eta gu bide horretatik goaz.

Esnatu Leioa herri hautagaitzako zinegotzia zara Leioan. Nola aztertzen duzu orain arte izandako esperientzia?

Erakundeetatik indarra egin daiteke, eta kontrolatu zer egiten den. Kontua da erakundeetan ezin garela dekoratuaren loreontzi bat izan. Gure planteamendua gehiengo berriak lortzea da, aldaketa sakonak bultzatzeko. Eta herritarren mobilizazioa ezinbestekoa da aldaketak gauzatzeko. Oso garrantzitsua da erakundeetan egiten diren aldaketak mobilizazioen bidez defendatzeko prest egotea gizartea. Herriak presioa egin behar du euren aldeko aldaketak gauzatzeko. Zinegotzi naizenetik gehien harritu nauena izan da zer interes dagoen Leioan animaliei tratu txarra eragiten dieten jarduerak edo ekintzak finantzatzeko. Elikagai bankuari baino diru gehiago ematen zaie, eta nahikoa gogorra egin zait.

BERRIAn argitaratua (2016/07/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA