astekaria 2016/07/22
arrowItzuli

iritzia

Vietnamgo sindromea

Miren Amuriza

Vietnamgo sindromea Miren Amuriza

Vietnamgo gerra 1955etik 1975era bitartean izan zen V, herrialdearen ipar eta hegoaldearen arteko enfrentamendu basatia (Txina eta Sobietar Batasunaren babespean aritu ziren lehenak, Estatu Batuekin bigarrenak). Heroi adoretsu gisa bertaratu ziren ehunka soldadu amerikar bueltan ziren ia hamarkada bi geroago, fisikoki eta psikologikoki larriki zaurituta. Ongi etorri loriatsurik ez, ordea, haientzat; gerra galdu zutelako bezainbat mugimendu bakezalearen hedapenagatik. Zailtasun handiak izan zituzten gizarteratzeko, lana bilatu edo harreman afektibo-sozialak berreraikitzeko. Desorientazioa, deserrotzea, inpotentzia, depresioa; porrot sentipen hura omen «Vietnamgo sindromea».

Bada haiek etxeratu ziren garaitsuan (aldeak alde), gurean dozenaka neska-mutil zihoazen sasira aberriaren, herriaren, alde; armak, adio besarkadak, zakuak, erabaki berunezkoak lepoan hartu eta segi aurrera. Harrezkero milaka lagunen bizimodua egituratu da, zuzenean nahiz zeharka, borroka armatuaren bueltan. Bataila hura amaitu zenez geroztik, noraezean dira horietarik asko: erakundearen erreferentzialtasuna falta dutelako; beraiek defendatu aberria, herria barik, jendea delako orain edota lepoan hartu zama guztien pean orbain minberak dituztelako nabari.

Testuinguruaren latzak harrizko bilakatu du militante eta senide frankoren azala, zeinak krik-krak arrakalatu ahala, azpiko haragi zaurgarriak agerian utzi baitizkie askori aspaldion. Nekez egingo dio ekarpen eraikitzailerik taldeari birfundazio pertsonalean trabatuta dagoen horrek, nekezago oraindik adinarekin erresilientzia gaitasuna galdu duenak. Premiazkoa da, hala ere, emozioak eta berauen kudeaketa mahai-gaineratzea; nahiz horrela desagerrarazi, gerrak, txiki zein handiak, irensteak ez baitu egundo bakerik ekarriko. Ezen, gaitza bainoago, zer da hauskortasuna ezpada dohain bat?

BERRIAn argitaratua (2016/07/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA