astekaria 2015/10/30
arrowItzuli

kultura

KARMELE JAIO

«Heriotza kontuan hartzeak hobeto bizitzen lagun dezake»

Juan Luis Zabala

«Heriotza kontuan hartzeak hobeto bizitzen lagun dezake»

Hiru ipuin libururen eta bi nobelaren ondoren, bere aurreneko poema liburua kaleratu du Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970): Orain hilak ditugu (Elkar). Ez da deseroso sentitu, ez duelako haustura handirik sumatu orain arte prosan kontatu duenaren eta orain poesiaren bidez azaleratu duenaren artean, aurrekoaren «jarraipena» egiten zuela iruditu zaiolako azken batean. Liburuan argitaratzeaz gain, poemak zuzenean errezitatu ere egin zituen Jaiok, Donostian, irailaren 8an, Aitor Agirre eta Triku Villabella gitarristekin batera eta Ander Elorzaren irudien laguntzaz. Azaroaren 5ean Bilbon egingo dute errezitala berriro, zuzenean, Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbo Hiria euskaltegiak antolatuta, eta Durangoko Azokan ere egingo dute beste saio bat, laburragoa, Ahotsenean. «Oraingoz, ez dugu saio gehiago programatuta, baina egiteko moduan gaude, eskatzen badigute», adierazi du Jaiok. Gustura baitago esperientzia horrekin. «Polita izan da nik idatzitakoa beste hizkera batzuetara pasatua ikustea, nik idatzitakoak beste arlo batzuetako sortzaileei zer eragin dien ikustea».

Orain hilak ditugu liburuarekin, narratibatik poesiara jauzi egin duzu. Noiz eta nola hasi zinen liburuko poemak idazten?

Nire alde irrazionaletik sortu ziren liburuko poemak. Ez naiz ni ipuin liburua amaitu nuenean, beste ipuin batzuk idazten hasi nintzen. Tarteka poema batzuk ere idatzi nituen, eta ikusi nuen gutxika-gutxika nire gogoa horretara bideratzen zela. Kostatu egin zitzaidan onartzea, eta nire betiko esparrura itzultzen nintzen, narratibara. Baina azkenean jabetu nintzen buruak eskatzen zidana poemak idaztea zela, eta orduan horretara jarri nintzen.

Izenburutik hasita, heriotzak presentzia handia du liburuan, baina, liburuaren aurkezpenean esan zenuenez, bizitzaz hitz egiteko baliatzen duzu heriotza.

Heriotza oso modu fisikoan agertzen da liburuan. Agertzen dira hildakoen zapatak, agertzen da gorpu bat autopsia batean... Horrekin, heriotza gure bizitzaren gauza erreal bat dela sentiarazi nahi dut. Egia da heriotzatik abiatzen naizela, baina bizitzaz hitz egiteko. Iruditzen zait heriotza kontuan hartzeak lagun dezakeela hobeto bizitzen, gehiago gozatzen, txikikerietan ez galtzen... Oso gomendagarria da heriotza hor dagoela eta gure bizitzaren parte inportantea dela kontuan izatea.

Heriotza gordin agertzen da liburuan, baina beti dago esperantzarako lekurik. Bizitzaren indarra heriotzarenari gailentzen zaio.

Liburuaren azken parteko poemak, Hildakoekin doazen zapatak atalekoak, heriotzari buruzkoak dira batez ere, baina amaitzen dut bizitzak duen indarra aipatzen, baldosa artean hazten den belarrak duenaren antzeko indar hori. Nahiz eta gu hilko garen, gure inguruan dauden arbolek bizirik jarraituko dute, eta beste pertsona batzuk sortuko dira. Liburuko azken-aurreko poeman esaten dut eguzkiak goizero barre egiten diola heriotzari hilarriak laztanduz.

Adin jakin bati edo bizitzako garai jakin bati atxikitako poemak dira, neurri handi batean, liburukoak; heriotza gertuago ikusten da adin horretan, garai horretan.

Izan daiteke. Une jakin batean idatzitako liburua da. Gaztetan, heriotza gauza abstraktu moduan ikusten da, baina gero heltzen da une bat, zeinean heriotza gauzatu egiten den, gauza bihurtzen den, modu oso literalean. Bat-batean hildakoak dituzu, bai aurreko belaunaldikoak eta bai zeure belaunaldi berekoak ere. Inguruan hori ikusteak, heriotza gauzatu egiten dela ikusteak, heriotza benetakoa bihurtzen dela ikusteak, horrek bizitzari begiratzeko beste modu bat ematen dizu, eta bizitzako une horretan dago liburuko poemetan agertzen den ahots hori. Konturatzen da zein benetakoa den heriotza, eta zein azkar doan bizitza.

Zeure ahuldade batzuk agerian utzi dituzu liburuko zenbait poematan, zeure «putzuak», zeuk adierazi izan duzunez. Kezkarik edo erreparorik sortu dizu horrek?

Nik uste dut idazlea idazten duen guztian agertzen dela beti, batzuetan besteetan baino mozorrotuago bada ere. Liburu honetan beharbada normalean baino gehiago agertzen naiz, baina azken batean ipuinetan eta nobeletan ere beti agertzen da idazlea; beti geratzen da idazlea, modu batean edo bestean, agerian. Ez beharbada pertsonaiari gertatzen zaion horretan, baina bai ikusteko moduan, egiten dituen aukeraketan... Egia da hemen badagoela aldaketa bat, zenbait poematan kontu autobiografikoak daudelako. Baina ez denetan, hala ere. Nik asmatutako pertsonaiak ere badaude. Kontu autobiografikoak dauzkaten poemekin izan dut erreparo pixka bat, horietan agian gehiago biluzi naizelako, baina gainditu egin dut erreparo hori.

Egunerokotasunak eta egunerokotasunarekin lotutako xehetasun txikiek presentzia handia dute liburuan. Eta haien aldeko aldarrikapen bat ere sumatzen da. Adituen arabera poema honela amaitzen da. «Adituen arabera/ Barne-barneko Produktu Gordinaren/ %85 gutxienez/ etxe barruan/ ekoizten da».

Bai, badago eguneroko gauza txikien aldarrikapen hori, eta baita kontu domestikoen, etxekoen, arlo pribatukoen aldarrikapen bat ere, fokua normalean gerizpean izaten den alderdi horri begira jarrita, neurri batean lelo feministak dioena gogoratuz: pertsonala politikoa dela, etxean gertatzen dena soziala ere badela. Dekorazioak atalean gizarteari begiratzen diot, baina betiere etxetik, arlo pribatu horretatik, horren garrantzia aldarrikatuz. Gure gizartean desoreka handia dago, oro har, pribatuaren eta publikoaren artean. Garrantzi handia ematen zaio kanpoko bizitzari eta oso gutxi barrukoari, eta desoreka horren ispilu ere badira liburuko poema batzuk.

Egunerokotasunaren eta abenturaren arteko konfrontazio moduko bat sumatzen da poema askotan.

Desioaren bi aldeak agertzen dira Ez dabil haizerik atalean. Batetik, deskribatu nahi nuen desioaren itzaltzea, agortzea; eta, bestetik, desioa pizten den unea. Guk bizitza erreala deitzen dugun horrekin batera, aldi berean, beste bizitza bat bizi dugu, gure barne pentsamenduena. Hori ere erreala da. Kalean zabiltza eta gauza errealak ikusten dituzu, baina pentsatzen ari zaren hori eta barruan daramazun guztia ere erreala da zuretzat. Liburuko poema batzuetan errealitate horien arteko konfrontazio bat dago.

Zure kasuan genero berria da poesia. Nola sentitu zara poesia idazten eta argitaratzen?

Bi sentsazio diferente izan ditut. Batetik, hasiberriarena, neurea ez den esparru batean gauza berri bat egitearena; bestetik, gero eta gehiago, aurretik egindako guztiaren jarraipen bat egitearena. Azken batean, nire poema hauek oso narratiboak dira, oso ipuin modukoak, eta liburuko poemen gaietan ere aurreko liburuetan agertzen diren konstante batzuk agertzen dira. Ez dut sentitu halako jauzi handirik. Hasieran, bai, orain arte jarraipen batekin landu gabe neukan lurralde batean sartzen nintzelako, baina gero sentitu dut aurretik prosan idatzitakoaren jarraipena egiten ari nintzela, beste lege batzuekin egina bada ere. Horregatik, ez dut haustura handirik sentitu.

Hizkeraren aldetik ere ez dago aldaketa handirik. Zure prosa bezala, poesia ere oso gardena da.

Bakoitzak bere idazteko modua dauka, eta ni beti soiltasunaren bila ari naiz. Bilatutako soiltasun bat izaten da. Idazketa prozesuan denbora asko eskaintzen diot zuzenketari eta garbiketari, soberazko hitzak kentzeari. Ez dut nahi izaten idazlearen eskua gehiegi erakutsi. Nire funtzioa leiho bat garbitzen duenaren funtzioaren antzekoa izatea nahiko nuke. Irakurleak leihoaren bestaldean dagoena ahalik eta garbien ikustea, ahal bada nire eskua eta nire trapua ikusi gabe. Hori izaten da nire kezka bat. Eraginkortasun bat bilatzen dut beti, eraginkorra izatea. Edertasuna horretan oinarritzen dela uste dut, eraginkortasunean.

Bai poesian eta bai prosan, ezta?

Bai, bietan. Horregatik diot ez dudala haustura handirik sentitu poema hauek idaztean. Nire betiko tresnak erabili ditut.

Zer generotakoa izango da zure hurrengo liburua: poesia, ipuinak, nobela...?

Ez dut uste poesia izango denik. Ipuin batzuk baditut idatziak, baina ez dakit ipuinekin jarraituko dudan edo zerbait luzeagoa egiten hasiko naizen. Hor nabil... pentsatzen. Erosoago sentitzen naiz laburrean, baina ez dakit oraingoz zeri helduko diodan.

BERRIAn argitaratua (2015/10/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA