astekaria 2016/07/22
arrowItzuli

kultura

Inguruari begiratzeko erak

Ander Perez

Inguruari begiratzeko erak

Jesus Mari Lazkanoren (Bergara, Gipuzkoa, 1960) obran ez da giza figurarik ageri. Xehetasun eta errealismo handiz margotutako paisaia natural zein urbanoak dira nagusi tamaina handiko koadroetan. Eta, halere, ikusezina izanagatik, gizakiaren presentzia ezinbesteko elementua da, eta motibazio nagusia, azken batean, koadroari ekiteko. Paisaiak, finean, ez baitira paisaia hutsak, baizik gizakia inguratzen eta baldintzatzen duten errealitatea. Eta errealitate horren behaketan jardun du artistak kasik lau hamarkadaz.

Inguruari begiratzeko, edonola, ez dago modu bakarra, nahiz eta, sarri, bat baino ez erabili, Lazkanok dioenez: «Erakutsi diguten bezala begiratzen dugu». Eta horren aurka matxinatu nahi du margolariak: «Artistaren betebeharra da gauzak zalantzan jartzea, eta gauzak begiratzeko beste modu batzuk erakutsi eta exijitzea». Azken batean, dioenez, «margotzea errealitatera hurbiltzeko modu bat da». Xede horren atzetik doaz haren obra gehienak.

Lan horietatik guztietatik, artistaren ibilbide osoko ehun baino gehiago aukeratu ditu Kutxa fundazioak, eta Donostiako Kubo aretoan bildu ditu, publikoari erakusteko. Atzo aurkeztu zuten Lazkano. Ikusmira erakusketa, eta urriaren 16ra bitartean egongo da ikusgai. Asteartetik igandera zabalduko dute, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara, doan. Gainera, tailerrak eta bisita gidatuak izango dira mostrak iraun bitartean.

Atzera begirako erakusketa da zabaldutakoa, baina baita erakusketa antologikoa ere. Are, bien arteko «hibridoa» da, Javier Gonzalez de Durana komisarioaren hitzetan. Lazkanoren ibilbideari begiratu bat egin diote, eta, aldi berean, ibili horretako obra onenak aukeratu dituzte. Gonzalez de Duranaren arabera, ez da ohikoa 56 urte dituen artista bati halako erakusketa bat eskaintzea, baina, Lazkanoren «emankortasun ikaragarria» kontuan hartuta, ez du baztertu aurrerantzean halako gehiago egitea.

Artista pozik agertu da, erakusketarekin «bizi ibilbide osoa» erakusten duelako. Ez da esajerazioa: 5 urterekin idatzitako koaderno bat eta 9 urterekin ondutako koadro bat jarri dituzte ikusgai, Kuboko erakusketarako propio margotutako lanekin batera. Perspektiba hori izateak «entrenamendu» gisa balio dio Lazkanori, orain artekoa berrikus baitezake hala, gaizki egindakoak aztertu eta aurrerantzean konpontzeko. Horrek, halere, erronka latza ere badakarkio: «Hurrengo koadroa margotzea zailagoa izango da».

«Errealismo ez erreala»

Paisaia da Lazkanoren obraren elementu zentral eta ezinbestekoa. Behaketa da haren jardunaren oinarri, eta behatutakoa islatuz osatzen ditu obrak. Alde horretatik, Diaz de Duranak uste du paisaien generoaren tradizioaren «oinordeko» dela: «Tradizio hori sakonean ezagutu eta haren baliabideen jabe egiten da». Halere, «ez da horretan geratzen, berritu egiten du, eta urrats bat gehiago egiten du aurrera». Azken batean, ikonografia eta informazio garaikidea gehitzen dio paisaiari, «gure garaiko pertsona batek bakarrik izan dezakeen informazioa».

Era berean, mota askotako paisaiei heltzen die koadroei ekiteko garaian. Alde horretatik, «haren paisajismoa panpaisajismoa da», komisarioaren arabera. Hau da, ez da paisaia eredu batera mugatzen, nahiago du abanikoa osorik zabaldu. Donostiako erakusketan, haren hastapenetako mikropaisaietik hasi —kale bazterrak, hirietako oinezkoentzako pasabideak, arrandegiak, ateak— eta itsaso nahasiak, mendi elurtuak, etxe orratzen paisaiak, ahanzturari utzitako eraikinak eta aztarna arkeologikoak ikus daitezke, besteak beste.

Horietan guztietan, Diaz de Duranaren arabera, «hausnarketarako gonbita» egiten du artistak. Atzo azaldu zuenez, asko idazten duen artista da Lazkano: obra egin aurretik, bitartean eta ondoren idazten du, eta, modu intuitiboan bainoago, aurretik landutako ideiarekin doa koadroaren bila. Hausnarketa horren ondorioz, komisarioak dioenez, ikuslea «harritu» egiten duten elementuak ageri dira. «Haren koadroetako paisaia ia bakar bat ere ez da existitzen agertzen den moduan. Hango eta hemengo elementuen nahasketak izaten dira, edo perspektiba nahasketak. Horrek ezinegona sortzen du, zerbait arraroa gertatzen ari den sentsazioa». Eta horregatik dio Diaz de Duranak Lazkanoren estiloa errealismoz josia egonagatik «errealismo ez erreala» dela.

Artistaren esperientzia, edonola, guztiz da erreala. Euskal Herrian zein munduan barreneko bidaietan zuzenean ikusi eta ezagututako paisaiak eramaten ditu koadroetara. Artistak izan beharreko inplikazioarekin du lotura horrek, Lazkanoren ustez: «Ozeanoan igeri egitea, mendietako hotza sentitzea, gerriraino bustitzea erreka bat gurutzatzean... horiek dira errealitatearekin lan egitea baimentzen didaten egoerak. Eta horrek ematen dio lanari nahikoa energia karga. Paisaia ikusgarrien 50.000 irudi deskargatu nitzake Interneten, baina lekuak ezagutu eta sufritu behar ditut; bestela, irudia hutsa izango da». Are gehiago, artistak uste du esperientzia hori bizitzeak koadroaren ikuslearekin «konexio emozionala» eratzea dakarrela.

Edonola, «kaotikoa» da haren jarduna, hark dioenez. Erakusketaren ordenak, antza, ez du zerikusirik haren lanarekin. «Dena da desastre bat; nik oso gaizki margotzen dut, eta oso imajinazio txikia daukat. Kostatzen zait koadro bat egitea. Horregatik idazten dut hainbeste, eta bidaiatu, pentsatu. Hortik sortzen dira koadroak, ondorio modura».

Prozesu hori erakutsi nahian, Kuboko gela txikian formatu txikiko lanak, zirriborroak eta marrazkiak paratu dituzte, besteak beste, Lazkanoren lan metodoa azaltze aldera. Gainera, aretoko beste txoko batean, artistak bere ibilbidean erabilitako hainbat koaderno, ohar eta idatzi jarri dituzte, obra handiak egin aurretik izandako gogoetak eta esperientziak bistaratu nahian.

Gainerakoan, modu kronologikoan antolatuta ageri dira koadroak, tamaina handikoak gehienak. Bilbo inguruko hastapenetakoak dira lehenengoak, eta Erroman eta New Yorken izandako egonaldietan egindakoek presentzia nabaria dute. Elementu historiko eta geografikoak elkar nahasita ageri dira sarri, «espazioarekin eta denborarekin jolastea» baita, azken batean, Lazkanoren xedea, hark hala aitortuta. Finean, inguruari bere dimentsio guztietan egindako begirada baita artistarena. Edo, komisarioak dioenez, leku bakoitzean denboran zehar jazotakoaren interpretazioa: «Paisaiak garai ezberdinetako sedimentazioa dira. Garai horiek beren arrastoa utzi dute, eta artistak margotutako espazioan islatzen dira horiek. Igarotako denbora irakur daiteke bertan».

BERRIAn argitaratua (2016/07/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA