astekaria 2016/07/22
arrowItzuli

bizigiro

NADIA QURTXI

«Gasteizen beti erabili izan da euskara»

Jon Rejado

«Gasteizen beti erabili izan da euskara»

Zergatik ditu Arabako hiriburuak bi izen? Eta egia al da euskarazko lehen hiztegia Gasteizen egin zela? 2011. urtean egin zuen lehengoz GEU elkarteak Atzo, gaur eta biharko Gasteiz euskalduna bisita gidatua. Ordutik, elkarteak hamaika aldiz antolatu du bisita, euskaraz. Aste honetan beste norabide bat eman diote, ordea. Beste hizkuntzetara zabaldu dute bisita: gaztelaniaz eta darijaz egitea pentsatu zuten, Marokon eta Magreben gehien hitz egiten den arabieraz.

Bisita hori egiteko, Nadia Qurtxirekin (Marrakex, 1995) jarri zen harremanetan GEU elkartea, Gasteizen ingeles ikasketak egiten ari den urretxuarrarekin. Asteazkenean egitekoak ziren arabierazko bisita, baina azken unean urrira arte atzeratu dute.

Atzo, gaur eta biharko Gasteiz euskalduna bisita gidatua euskaraz egin da aurretik. Zergatik orain arabieraz?

Ideia izan da euskararen historia gerturatzea euskaraz hitz egiten ez dutenengana. Gaztelerazko bisitara nahiko jende joan zen. Arabieraz egiteko asmoa ere bazegoen, interesa pizteko, euskara kulturen arteko kohesio hizkuntza gisa zabal dadin. Bisitara datozenei jakinarazi nahi diegu Gasteizen badaudela tokiak non hizkuntza hori ikas eta erabil dezaketen.

Alde Zaharrean euskararen bizitza sozialaren erreferentzia asko al daude?

Hori da, eta hala helarazi nahi diegu bisitara datozenei: euskara oso bizirik dagoela Gasteizen, eta ez dela bigarren mailako hizkuntza.

Zer gertatu zen bisita bertan behera geratzeko?

GEU elkartekoek hainbat kontaktu egin zituzten, baina etortzekoak ziren gehienak Marokon daude oporretan. Pertsona bakarra agertu zen. Atzeratzea erabaki genuen, urrira arte-edo, jendeari denborarekin abisatu ahal izateko.

Bisita gidatua prestatu ahala, pasarteren batek atentzioa eman al dizu?

Agian, prestatzen hasi aurretik, pentsatzen nuen Gasteizen ez dela euskara erabili denbora luzean; beste askok pentsatzen dute hori. Dena den, ikusi dut beti erabili izan dela euskara, beti egon direla lekukotzak, eta jendeak beti erabili izan duela. Horrekin badaude hainbat pasadizo...

Adibidez?

1869. urtean, Henry Stanley esploratzailea Gasteizera etorri zen. Idatziz jaso zuen nola, hirira heltzean, jende pila bat ari zen euskaraz hotelen izenak iragartzen. Horrek atentzioa ematen du, ez baitziren gazteleraz, euskaraz baizik. Hau da, askok pentsatzen badute ere garai horretan euskara desagertuta zegoela, orduan guztiek hitz egiten zuten.

Hainbat galdera erantzungo dituzu etorkizuneko bisita gidatuan, baina... zergatik Gasteizko bi izenak?

Garai batean, Goiuri jauregia dagoen lekuan, herri txiki-txiki bat omen zegoen. Haren izena Gastehiz zen, h tartekatuarekin. Gerora, Nueva Victoria hiria bihurtu zen, eta, azkenik, Vitoria. Labur-labur azaldu dut, baina horregatik ditu gaur egun bi: Vitoria, eta Gasteiz, garai bateko herria gogora ekarrita.

Eta euskarazko lehen hiztegia Gasteizen egin zuten?

1562. urtean, euskara-gaztelera hiztegia egin zuten, 6.000 hitzekin: Dictionarium Linguae Cantabricae. Zenbaitek diote hitz horiek Gasteizen bildu zituztela.

Bisita gidatua Alde Zaharretik doa. Zeintzuk dira geldialdiak?

Oihaneder aurrean hasi, eta Goiuri jauregira doa bidea. Handik Ramon Bajo ikastetxetik jarraitzen du, Pintore kalera... Hainbat alor jorratzen dira puntu horietan guztietan: umeen eta helduen euskalduntzea, historiako pasarteak...

BERRIAn argitaratua (2016/07/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA