astekaria 2016/07/22
arrowItzuli

mundua

Polarizazioaren biktimak

Amagoia Mujika Tolaretxipi

Polarizazioaren biktimak

Munduaren zati handi bat brexit-ari buruz hitz egiten ari zen egunean, ekainaren 24an, AEBetan beste albiste batek ere hartu zituen komunikabideetako izenburu nagusiak: Auzitegi Gorenak ez zuen erabakitzerik izan Barack Obamaren migrazioari buruzko programaz; hau da, zortzi epaileen artean berdinketa izan zen AEBetan jaioak diren umeen gurasoak ez deportatzeko saiakeraren inguruan. Obamaren planak helburu horixe zuen: AEBetako Kongresuak migrazio erreforma egin bitartean familien banaketa saihestea.

Gaur egun, zortzi epaile daude Auzitegi Gorenean; bederatzigarrena, Antolin Scalia hil egin zen, eta datorren urtean aukeratuko dute haren ordezkoa, presidente berriak kargua hartu ondoren. Beraz, Obamaren proposamenak baiezkoa edo ezezkoa jaso bitartean, aurretik zegoena aplikatuko dute, eta DAPA gurasoen deportazio atzeratuaren programa eta DACA haurtzaroan iritsitako dokumentaziorik gabekoak babesten dituen programa aplikatu ezinik utzi ditu Gorenaren erabakirik gabeko erabakiak.

Kasua, beraz, 5. apelazio auzitegira itzuliko da, eta hark erabaki beharko du Texasko gobernuak ezarritako salaketarekin zer egiten duen. Texasek salaketa jartzean argudiatu zuen programa horien aplikazioa ekonomikoki jasangaitza zela mugaldean diren estatuentzat. Oso litekeena da apelazio auzitegiak Obamaren gobernuaren kontrako erabakia hartzea. Oraingoz, AEBetako presidenteak egin dezakeen gauza bakarra da deportatzeko agindurik ez ematea, hori gobernu federalak egin baitezake soilik, baina auziak eragin sozial eta politiko izugarria izango du.

DAPAk herritartasuna duten 5.000.000 guraso babesten dituela kalkulatzen dute. Ordezkarien Ganberak ukatu egin du orain arte migrazio erreforma bat onartzea edo eztabaidatzea —errepublikanoen esku dago—, eta Gorenaren erabakitasunik ezak legearen linboan uzten ditu immigranteok.

Alejandra Castañeda La Frontera del Norte Tijuanako zentroko (Mexiko) Migrazio Politiken Behatokiko koordinatzailea da, eta bost milioi pertsona horien ziurgabetasunak larrituta dago: «Izugarria da gerta daitekeena. Dudarik gabe, komunitate kaltetuen frustrazioa eta haserrea eragingo du, eta are muturrerago eramango du dagoeneko migrazioak polarizatua daukan kanpaina».

Baina Donald Trump AEBetako presidente bada, akabo immigranteak. Akabo DACA eta DAPA. Senideak elkarrekin mantenduko ditu, bai, «baina joan beharra dute. Edo herri bat dugu, edo ez dugu herririk». Brexit-aren biharamunean, Eskoziatik egin zituen adierazpenok, bere luxuzko golf zelaietatik: «Maite dut jendea ikustea bere herrialdea berreskuratzen. Eta horixe gertatuko da benetan AEBetan eta munduko beste hainbat lekutan. Uste dut antzekotasun bikainak daudela hemen eta gure herrian. Jendeak mugak nahi ditu, ez du bor-borka iristen ikusi nahi nor eta nongoa den ez dakien jendea».

Castañedak zera adierazi du: «Ez du zentzurik murru bat eraikiko duela esateak, dagoeneko badaukagu-eta bat. Latinoen botoa galduta dauka Trumpek, eta horrekin egin nahi duena da bozkatzeko asmorik ez duen herritar zuria aktibatzea, ilusioa sortzea immigrantearen frustrazioa eraginez».

Clintonen alde

Castañedak uste du, bestalde, Hillary Rodhan Clinton presidentegai demokrata «oso argia» izan dela migrazioari buruzko proposamenari dagokionez: «Obama baino ezkerrerago dago. Erreforma bat egitea du helburu, AEBetan bizi diren guztiak arautzeko». Baina, AEBetako Ordezkarien Ganbera errepublikanoen esku dagoen bitartean, nekez egingo du erreformarik Clintonek. «Dena den, ahalegin guztiak egin behar dira Clintonek irabaz dezan. Bestela, infernua izango da milioika familiarentzat».

Enrique Morones Border Angels erakundeko zuzendaria da, eta hura ere kezkatuta dago presidentetzarako kanpainan immigrazioa hartzen ari den lekuarekin eta gizartean dauzkan ondorioekin. Uste du «harreman zuzena» dagoela hautagaiek immigrazioaz hitz egiten duten bakoitzean atzerritarrek jasaten dituzten erasoekin. «Harreman zuzena dago immigrazioaren kontrako erretorikaren eta haien kontrako indarkeriaren artean; Trumpek ahoa irekitzen duen bakoitzean gertatzen dira erasoak kalean. Politikariak immigranteen aurka edozer esan badezakete, zergatik ez dute, bada, herritarrek irainduko? Hori jende askok pentsatzen du».

Trumpen asmoa dokumentaziorik gabeko 11 milioi immigrante kanporatzea dela uste du, eta «mexikarren iritsierak errotik moztea eraiki nahi duen murruaren bidez. Musulmanen auzoak, berriz, bideokamerak ezarrita zaindu nahi ditu, intimitatearen eskubidea erabat urratuta».

1950eko Wetback Operazioa ekarri du gogora Moronesek: «Dokumentaziorik gabeko milioi bat pertsona inguru deportatu zituzten, gehienak Mexiko erdialdeko eta hegoaldeko herrietara, non deportatu langileok ez zeukaten ez lagunik eta ez familiarik». Uste du masako deportazioak egiteak egoera arriskutsuak ekar ditzakeela: «Segurtasun indar armatuak sartuko lirateke etxeetara, kasu asko eta askotan familiak suntsituz, AEBetan jaiotako umeak beren gurasoengandik urrunduz».

Baina Trumpek Mexikori ordainarazi nahi dion murru hori eraikita ere —«bi herrien arteko krisi larria sortuko luke, gainera»—, ez luke saihestuko immigranteak AEBetara iristea: «Hemen geratzen diren erdiak bisarekin iristen dira, eta, AEBetan geratzeko epea amaitzen zaienean, bertan geratzea erabakitzen dute».

Immigranteen kontra hitz egiten dutenei, gainera, xehetasun garrantzitsu batzuk ahazten zaizkiela uste du Moronesek: «Immigranteek eraikitako nazio bat da gurea, eta gure nazioari etorkinek egiten dioten ekarpen ekonomikoa gaur egun izugarria da. Dokumentaziorik gabeko immigranteek 11 mila milioi dolar ordaintzen dituzte zergen bidez. Legezkoak izango balira, 2.200 milioi gehiago ordainduko lituzkete, legez dauden immigranteek ordaintzen dutena ordainduko lukete eta». Zenbaki bat besterik ez da hamaikaren artean. «Oro har, immigranteek ekarpen handia egiten diote gure nazioari».

Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaio presio kolektiboa egitea politikariei. «Immigrazio erreforma eraginkorra eskatu behar dugu, eta ardurarekin hitz egin eta ekin dezatela». Moronesen ustez, gaur egun, immigranteak inoiz baino antolatuagoak daude, eta hauteskundeotan inoiz baino gehiago nabarituko da haien eragina bozetan. «Hillary Clintonen aldeko botoa eskatzen ari gara buru-belarri».

Urtero maiatzean Amaren Egunaren inguruan Tijuanako eta San Diegoren arteko mugan jai bat antolatzen dutenetako bat da Morones. Bi aldeetara egiten dituzte ekitaldiak, eta harresiaren zuloetatik eskua ematen diote elkarri: harresiak banatuak dauzkaten senideen eta lagunen eskuak batzen dira. Duela hiru urtetik, batera eta bestera dauden senide pribilegiatu batzuek elkar besarkatzeko aukera izaten dute harresiaren burdinazko atea zabaltzen dutenean —larrialdietarako atea da—. Morones da egitasmoaren bultzatzailea, eta aukeratzen dituzten familia gutxi batzuek hiru minutu besterik ez dute izaten elkarrekin egoteko. «Ekitaldi xumea da, sinbolikoa, baina zoragarria da familiok sentitzen dutenaren parte izatea».

Duela ez asko, alanbre puntadun batek bereizten zituen AEBak eta Mexiko, Ozeano Pazifikoaren alboan. Orain, berriz, zeruarekin nahasten diren bi hesi handi daude eraikita: lehena 1994an egin zuten, Gatekeeper Operazioaren barruan, eta bigarrena, 2009an, goi-goian xafla zorrotzezko alanbre bat duena, sentsoreak eta kamerak Mexikora eta ozeanora begira dituena, harresia amaitzen den lekuan. Moronesen ustez, «hori da giza osoan giza eskubideak bete daitezela eskatzen duen gobernuak barrura begira egiten duena. Hemen, murru honetan, giza eskubideak bete daitezen eskatzen dugu». Gaur ere bi pertsona hilko dira muga zeharkatu nahian; egunero bi, 1994az gero 15.000 pertsona inguru. Batzuk, polizien tiroak jasota, eta beste batzuk, amestutako mundu baten goseak egarriz jota, zeharkaldi mortuan.

BERRIAn argitaratua (2016/07/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA