astekaria 2016/07/22
arrowItzuli

bizigiro

Nostalgikoen patua berritzen

Ainhoa Zaragueta Lasa

Nostalgikoen patua berritzen

Umeak eta ez hain umeak pantailari begira daude azken egunotan; inoiz baino gehiago. Noizean behin, pantailatik begirada altxatzen dute, zerbaiten bila. Nora ezean ibiltzen dira, eta, bat-batean, puntu batean finkatzen dira. Orroak, poz oihuak eta kexak, denak pantailarantz. Hemen da Pokemon Go aplikazioaren sukarra. Hego Euskal Herrian aurreko ostiraletik jokatu daiteke, eta Iparraldean aste honetan eskuragarri izango dela adierazi du Nintendo enpresak. Enpresa japoniar horrek aplikazioaren kaleratzea atzeratzea erabaki zuen, Nizako atentatua zela eta.

Jatorrizko jokoetako Bildu guztiak! lelopean, Japoniako Nintendo enpresak Pokemon Go aplikazioa kaleratu du, eta nostalgikoak ditu xede. Aplikazioa Android eta iOS sistemetako sakelakoetan eta tabletetan erabil daiteke. Astebete eskasean, jendea kalera ateratzera behartu du, izaki horiek lortu ahal izateko.

Aplikazioaren helburua pokemon izakiak biltzea eta entrenatzea da. 1990eko hamarkadako jokoen bertsio honetan, ordea, jokalaria mundu errealean kokatzen da, ez birtualean, eta jokoaren mapa mundua bezain zabala da. «Geokokapenean oinarritzen da aplikazioa», azaldu du Aitor Aretxaga informatikariak. Aplikazioak, sakelakoaren GPSa erabiliz, mapa bat azaltzen du, eta han erabiltzailea kokatzen da. Errealitate areagotuari esker, herriko plazan, kaleetan, edota etxeko sofan aurki daitezke pokemonak. Gainera, herrietan barrena PokeStop edo Pokeguneak sakabanatzen dira, garrantzi historikoko edo kulturaleko guneetan, batez ere. Ondorioz, besteak beste, Gasteizko Green Capital plaza, Portugaleteko zubi ondoa, Iruñeko Kukuxumusu denda eta BERRIAko Andoaineko egoitza ondoko Martin Ugaldeko eskultura Pokeguneak dira. Pokeguneetan, erabiltzaileek beren abenturarako objektuak jasotzen dituzte; pokemonak biltzeko behar diren poke ball-ak, esaterako.

Jolasten hastea erraza da oso; aplikazioa doan deskarga daiteke. Behin kontua sortuta —Gmail kontu bat edukitzea nahikoa da—, erabiltzaileari mundu errealeko mapa bat agertuko zaio, eta pokemonak biltzen has daiteke.

Jokoa sinplea iruditu arren, mundu erdian zirrara sortu du. «Besteetatik ezberdintzen da jokoa; gure mundura ekarri dute», azaldu du Unai Bilbaok, Akting informatika enpresako informatikariak. Aplikazioaren arrakastaren arrazoietako bat izan da mundu errealaren eta jokoaren elementuen arteko interakzioa. «Pokemon Go hiru gakotan oinarritzen da: nostalgia, geokokapena eta errealitate areagotua», azaldu du Aitor Aretxaga informatikariak. Nintendo marka ezaguna da mundu osoan, eta jokoaren nostalgikoek aukera aprobetxatu dute gaztetako oroitzapenak mundu fisikora eramateko. Planteamendua berritzailea ez izan arren, arrakastaren arrazoi nagusia formatua izan da: «Abantailetako bat sinpletasuna da, erabiltzaileek informazio gehiena lehenagotik dakite eta», azaldu du Bilbaok.

Munduan sukarra

Munduko 30 herrialdetan jokoa eskuragarri dago dagoeneko, eta eragindako sukarrak aldekoak eta aurkariak sortu ditu auziaren inguruan. Erabiltzaile askoren temak debekatutako lekuetan sartzera eraman ditu, baita arriskutsu direnetan ere; Bosniako gobernuak, esaterako, erabiltzaileei ohartarazi die ez ibiltzeko Pokemonen bila minak dauden eremuetan. Erabiltzaileek egoera burugabeak ere sortu dituzte; orain dela egun batzuk, New Yorkeko Central Parken ehunka lagun bertaratu ziren Pokemon bitxi baten bila. Edonola ere, Pokemon GO-k eragin ona izan duela baieztatu dute askok sare sozialetan, ibiltzeak osasun fisikorako dakartzan onurak direla eta.

Jokoaren etorkizuna airean dago: «Moda bat izan daiteke soilik; ikusi egin beharko da», adierazi du Bilbaok. Nintendok zabaltzeko asmoa duela helarazi du; Japonian, esaterako, Pokeguneak enpresentzako negozio aukera izango dira, publizitatea egiteko. Hemendik aurrera, norberaren patua izango da Pokemon guztiak biltzea edo sukarra mirestea.

BERRIAn argitaratua (2016/07/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA