astekaria 2015/10/30
arrowItzuli

mundua

Ekintzek definitzen dute eskubidea

Samara Velte, Berriemaile berezia

Ekintzek definitzen dute eskubidea

Independentziari buruzko eztabaidetan, zaharkituta geratu da autodeterminaziorako aldarrikapena. Erabakitzeko eskubideak ordezkatu du hura, eta babes zabala lortu du euren etorkizun politikoaren inguruan libreki erabaki nahi dutenen artean. Euskal Herrian, 2004ko abenduan Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamenak -Ibarretxe plana izenez ezagutuak- erabakitzeko eskubidea zuen hizpide, eta Gure Esku Dago dinamikak termino horien gainean eraiki du bere aldarrikapena. Katalunian ere instituzioetarainoko bidea egin du: 2013an ofizialki eratu zuten Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Itun Nazionala, eta parlamentuak onartutako Subiranotasun Aldarrikapenak ere eskubide horixe zeukan aipagai.

Erabakitzeko eskubidearen arazoa da, teknikoki, ez dela eskubide bat. «Nik ez dut inongo testu juridiko edo hitzarmenetan ezagutzen», dio Josep Costak, Pompeu Fabra Unibertsitateko Teoria Politikorako irakasleak. «Gogoeta politiko eta akaso eufemistikoetatik jaiotako neologismo bat da: autodeterminaziorako eskubidea esan nahi duten pertsonek asmatutako kontzeptua da, baina autodeterminazioa aipatu gabe».

Juridikoki, filosofikoki eta politikoki definitzeko dago erabakitzeko eskubidea deitu ohi zaiona. Horrek balioa kentzen ote dio aldarrikapenari? Ezezkoan da Costa: «Autodeterminaziorako eskubideari buruzko eztabaidan urrunago joateko balio digu. Erabakitzeko eskubidea esaten dugunean, printzipio unibertsal bat aldarrikatzen ari gara: printzipio demokratikoa. Horrek indar handia du, eta inork ez du zalantzan jartzen. Erabakitzeko eskubidea ukatzea printzipio demokratikoa ukatzea bezala da».

Definizio zenbait

Sarritan, modu paretsuan erabili ohi dira autodeterminazioa eta subiranotasuna. Kontzeptuak ongi bereizi behar direla uste du Costak: «Subiranotasuna da estatu batek kanpoko esku hartzerik gabe politikoki izateko daukan gaitasuna. Printzipioz, estatu guztiak dira subiranoak». Autodeterminazioa, aldiz, herriei dagokien zerbait da: «Nazioarteko zuzenbideak eskubidea aitortzen die euren estatus ekonomiko, politiko eta kulturala erabakitzeko. Baina prozedurazko kontzeptua da: herri batek, autodeterminazioaren bidez, erabaki dezake estatu izatea; eta subiranotasuna, kasu horretan, emaitza litzateke». Autodeterminazioak ez du zertan sezesio edo banatze bat ekarri; herri batek erabaki dezake bere kabuz independentzia ez den estatus politiko bat.

«Kontu honetan badago gutxiegitan aipatzen den zehaztasun bat», nabarmendu du Costak. «Batzuek diote autodeterminazioa soilik koloniei dagokiela, baina ez da egia: nazioarteko hitzarmenek diote herri guztiek daukatela eskubide hori. Beste eztabaida bat da zer den herri bat eta zer ez; baina hori ez dago argituta eta ez dugu argituko».

Herrien autodeterminaziorako eskubidea aipatzen duen Nazio Batuen Erakundearen 2.625 ebazpenak hainbat ñabardura ditu, ordea. «Autodeterminaziorako eskubidea eduki arren, ez du sezesiorako eskubiderik bermatzen erabat demokratikoak diren estatuetatik; alegia, bere herritar guztiak modu paretsuan ordezkatuta dauzkaten estatuetan, inperioak ez direnetan eta koloniarik ez dutenetan».

Kasu horietan, Costak dioenez, autodeterminazioa ez dago debekatuta; beste modu batera gauzatzen da soilik. «Dena den, gehiago zehaztu behar litzateke zer den bere herritarrei tratu justua ematen dien estatu bat; koloniak izatea edo ez izatea baino gehiago da hori».

NBEren adierazpen hori independentziaren aldekoek zein kontrakoek erabili izan dute, ustez kontrakoak diruditen hainbat baieztapen dakartzalako: alde batetik, esaten du herrien autodeterminazioak «berebiziko garrantzia» duela «estatuen arteko harreman adiskidetsuak» sortzeko garaian; bestetik, gaitzetsi egiten du «estatu edo herrialde baten batasun nazionala eta lurralde osotasuna hausteko edozein ahalegin». Costak azaldu duenez, sezesiozko mugimendu batek ez du estatuen lurralde osotasunaren aurka egiten: «Lurralde osotasuna estatuen arteko printzipio bat da: batek bestea inbadituko badu, edo ahaleginduko balitz beste estatuko herritarrak bereizten gero berekin elkartzeko, hori balitzateke lurralde osotasuna haustea». Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak antzeko interpretazioa egin zuen Kosovoren independentziaren inguruan: ez zuela Serbiaren lurralde osotasuna hautsi, printzipio horrek estatuen artean soilik funtzionatzen duelako. «Bistan da lurralde bat banatzeko prozesua estatuaren batasun politikoaren aurka doala, baina ez du zalantzan jartzen lurralde osotasuna».

Inguruko kasuak

Kosovoko kasuaz gain, alde bakarreko oso banaketa gutxi gertatu dira Europan; jurisprudentzia gutxi idatzi da haien inguruan, eta legelariek ez dute helduleku handirik iragarpen ziurrak egiteko. «Jugoslaviako eta Txekoslovakiako kasuak aipatu izan dira, baita SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunekoa ere, baina ez dira sezesioak: aurreko estatua desegin eta haren lekua beste estatu batzuek hartu zuten kasu horietan».

Europako Batasunaren barruan ez da izan independentzia prozesu argirik. Aljeria 1962an banatu zen Frantziatik; ofizialki ez zeukan kolonia estatusik, baina deskolonizazio prozesutzat jo izan da oro har. «Independentzia lortuz gero Europako Batasunetik aterako garela dioten teoria horiek, neurri handi batean, Aljeriako esperientziatik datoz», azaldu du Costak: «Han, bistan da, inork ez zuen zalantzan jarri Frantziatik bereiziz gero Europako itunak ere indarrik gabe geratuko zirela, ez baitzen Europako lurraldearen parte ere».

Groenlandian aurkakoa gertatu zen: hark bere kabuz erabaki zuen Europako Batasuneko parte ez izatea. Orain, bertako herritarrek Danimarkako naziotasuna dute, baina ez dira EBko herritarrak, Danimarka EBko kide izan arren. «Groenlandiakoa sorkuntza hutsa da: herritarrek eurek erabaki zuten, autonomiaren mesedetan, Europako merkatu komunean ez egotea, eta hainbat hitzarmenen bidez moldatu zuten gainerako estatuek harekiko harremana».

Gerta liteke, ostera, lurralde bat Europako Batasunaren barruan egotea, baina hark han inolako eskumenik ez izatea. Zipre, esaterako, bitan banatuta dago: «Zipreko herritar guztiak dira EBko herritarrak, baina iparraldean de facto agintzen duten turkiarrek ez dituzte Europako hitzarmenak indarrean sartu». Eurorik ez dute erabiltzen, eta EBko estatuek ez dute hango gobernua aitortzen. Baina Europako Parlamentuan haientzako erreserbatutako eserlekuak daude ofizialki. «Orain proposatzen ari dira Ipar Ziprerekin Europako hitzarmenak negoziatzea, EBko estatu izaera aitortu gabe. Alegia, ofizialki izan gabe, baina praktikan bai».

Esperientzia horiek guztiek gutxi balio diete Espainiatik bereizi nahi duten herriei; eta Eskoziako kasuak ere ez, sezesioa gertatu izan balitz adostua izango zatekeelako. «Kasu horiek frogatzen dutena da Europa espero gabeko aurrekariz beteta dagoela, eta bere garaian juridikoki ezinezkoak eta politikoki pentsaezinak ziren hainbat irtenbide topatu zituztela. Azkenean, errealitate politikoa gailendu ohi da».

Demokraziaren pare

Teoria eta aurrekari mataza horren erditik sortu da erabakitzeko eskubidea. «Kontzeptualki, ideia anbiguo samarra da, baina, funtsean, printzipio demokratikoaren aldarrikapen bat da, edozein herriren estatus politikoarekin lotua», uste du Costak. «Europako hitzarmenek estatuen lurralde osotasuna aitortzen dute, baina printzipio demokratikoen eta giza eskubideen aldeko klausula bat ere badakarte. Eta sezesiorako eskubidearen inguruko eztabaidak badu aztertu ohi ez den ifrentzua: lurralde osotasunaren defentsak ez du zilegi bihurtzen estatuen printzipio demokratikoa haustea. Izan ere, herritarrek behin eta berriz demokratikoki adierazi badute estatu berri bat sortu nahi dutela, nola eragotz dezake estatu batek hori, printzipio demokratikoa hautsi gabe?».

Galderak berak bistan uzten du legediaren hutsunea: zerbaiterako eskubidea ez izateak ez du esan nahi debekatuta dagoenik. «Eta nik behintzat ez dut ebazpenik ezagutzen estatuei printzipio demokratikoa ukatzeko eta herritarren parte hartzeko eskubidea zapaltzeko baimena ematen dienik, herritar horiek estatu batetik bereizi nahi dutelako soilik», gehitu du Costak.

Erabakitzeko eskubideak, hain justu, abantaila hori dauka: eztabaida juridiko eta teorikoaz harago, errealitate politikoak eta funtsezko galderak jartzen dituela auzitan. «Nolabait esateko, erabakitzeko eskubidearen aurkakoa zapaltzeko eskubidea da. Sezesio baterako oinarriak eztabaidagarriak izan daitezke, eta akaso bitartekariak faltako dira, baina statu quo-ak ere legitimazio bat behar du. Eta herri baten adierazpen demokratikoa erreprimitzen duenean, zilegitasun hori galdu egiten du».

BERRIAn argitaratua (2015/10/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA