astekaria 2016/07/22
arrowItzuli

gizartea

INAXIO GRIJALBA

«Emozionalki jasoko dituen norbait behar dute askotan haurrek»

Arantxa Iraola

«Emozionalki jasoko dituen norbait behar dute askotan haurrek»

Erabateko zentzua du, Inaxio Grijalba (1975, Zarautz, Gipuzkoa) psikologo eta psikoterapeutaren arabera, harreran eta adopzioan hartutako umeen premiei aparteko arta eskaintzeak. «Haurren eta pertsonen garapena kontuan hartuta, lehenengo bi urteak funtsezkoak dira, eta kasu horietariko ia guztietan lehenengo bi urte horietan gertatu dira garapenean eragina izan duten hainbat bizipen». Pairamen iturri dira sarritan: «Esaterako, guraso biologikoekiko haustura, eta haustura izateaz aparte bizi izan dituzten baldintzak eta egoerak desegokiak izan dira askotan. Eta eragina dute garapenean». Haur horiek izaten dituzten zailtasunei buruz mintzatu zen atzo, hain justu, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Harreran eta adopzioan hartutako umeak. Nola erantzuten zaie eskolatik? udako ikastaroan. Esperientzia luzea du haur eta nerabe horien artan, eta ikusi eta ikasitakoak azaldu nahi izan zituen.

Zailtasunak aipatu dituzu. Zein eratako zailtasunak izaten dira?

Ez daukagunean segurtasun bat, ez dugunean sentitzen harremanetan segurtasun bat, gehiago egongo gara arreta jarrita aspektu horietan: harremanekin loturikoetan. Ondorioz, ezingo dugu horrenbesteko arreta ipini eremu akademikoan. Hainbat aspektu egongo dira baldintzatuta horren ondorioz; kasu bakoitza ezberdina da, baina, oro har, horrela da.

Landu daitezkeen zailtasunak dira, ezta? Hobetzeko bidean...

Landu daitezkeen gauzak dira, baina aurrera egiteko kontuan izan behar dugu haur horiek askotan inguru seguru eta egonkor bat behar dutela. Haien esperientziak desegonkorrak izan ziren lehen urteetan, egokitu dira egoera horietara, eta garatu dituzte hainbat defentsa horietan bizitzeko. Baina gure eremuek seguruak izan behar dute, egonkorrak. Horretan eskolak rol funtsezko bat dauka: ordu asko egiten dituzte haurrek eskolan.

Eta, zure esperientziaren arabera, zer moduzko arta ematen die zailtasunokin doazen haurrei?

Orokorrean hitz egitea beti da konplexua. Eskoletako profesionalen artean denetik dago: esaterako, badaude batzuk malguagoak, gehiago ikasteko prest daudenak, eta ulerberagoak direnak gai horien aurrean. Baina, alderantziz, badira askoz ere itxiagoak ere. Egia da pertsonek jarrera ona izanda ere, gero sistemak berak mugatu egiten dituela sarri; gure haurrek askotan behar izaten dute norbait une jakin batzuetan eutsiko dituena, geratuko dituena pixka bat, emango diena arreta bat... Emozionalki jasoko dituen norbait. Eta profesionalak, askotan, nahiz eta asmo ona izan, ez du aurkitzen espaziorik, energiarik eta baliabiderik horretarako. Beharrezkoak diren laguntzak justifikatzea oso zaila da askotan: joera oso patologizatzailea dago alde horretatik. Laguntza justifikatzeko nahasmendu bat izatea eskatzen da askotan, eta gure kasuan sarri nahasmendurik ez dago: dagoena da behar berezi bat, batez ere, harremanei eta atxikimenduari dagokienez.

Zer egin behar da laguntzeko?

Sortu behar da inguru terapeutiko bat: egonkorra, segurua, ulerbera. Hori egiten badugu, haurrek aurrera egingo dute. Aurrera egite horretan, kontuan izan behar dugu umearen heldutasuna; duten heldutasunaren eta adin kronologikoaren artean askotan aldea egoten da. Horren haritik, harengandik zer espero dugun moldatu beharko dugu. Hori guztia eginda, haurrek aurrera egiten dute; beren erritmora, beren eskakizunak eginez, beren behar eta laguntzak eskatuz.

Haurren arazoak patologizatzera jotzen dela esan duzu. Maiz ikusten dituzue halako kasuak?

Patologizaziorako eta medikalizaziorako joera dago. Ni kritikoa naiz; iruditzen zait haurrak medikatzeko joeran interes ekonomikoak daudela. Ikerketa bat dago eginda: AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Frantzia aztertuta erakusten du hiperaktibitatearekin eta arreta gabeziaren nahastearekin diagnostikatutako haurren ehunekoa AEBetan %20tik hurbil samar dagoela; Frantzian, %2-3an. Frantziako eta AEBetako haurrak, ordea, ez dira hain ezberdinak. Hor dagoena da profesionalek daukaten joera. Hemen zer gertatzen den? Denetik dago. Baina joera hori hemen ere bada, eta baliabide gutxi egoteak ez du laguntzen: azkenean, baliabiderik ez izanik, eta arreta bat eskaintzeko aukera txikiagoa edukita, medikazioa konponbide erraz bat da, eta medikatuta dagoen haur bat errazago goberna daiteke. Nik ikusi ditut ongi diagnostikatu ez diren kasuak; egia da arreta gabeziako nahasteak badirela, eta ongi diagnostikatu behar dira, baina ez dira horrenbeste.

Inklusioa errazagoa izango da patologiaren bat diagnostikatua duen batentzat?

Inklusioa baliabide gehiago lortzetik bakarrik etorriko balitz, nik esango nuke baietz. Eta nik uste dut badagoela joera bat, behar horrek bultzatuta, gehiegi patologizatzeko haurrak.

Era horretan errazagoa izaten delako baliabideak eskuratzea ume horri laguntza emateko...

Hori da. Eta esango nuke, oro har, hezkuntza sistemak ez diela erantzunik ematen umeek emozionalki, une jakin batean, izan ditzaketen beharrei. Familiako banaketa edo gatazkak, doluak, migrazioak... Sisteman ez dago lekurik horiei behar duten erantzuna emateko. Ez dut esan nahi terapeuta bat behar dutenik eskolan, edo irakasleak psikologo aritu behar duenik... Baina une jakin batean, haurra krisi egoera batean dagoenean, egoera zehatz horiei erantzuna emateko ez dago baliabiderik hezkuntza sisteman. Behar da patologia bat, eta kasu horietako askotan ez dago.

Eta umeek zailtasun kognitiboak dituztenean, nola jokatu?

Gizarte produktibo batean bizi gara: neurtu eta ekoizten den horri balio handia ematen zaio. Akademikoki ere helburu curricularrak hor daude, eta askotan oso modu zurrunean ezartzen den zerbait da. Hor, ordea, eduki behar dugu malgutasun bat; jakin behar dugu egokitzen haurraren garapena. Badaude bideak, baina bide horiek jorratzea ez da erraza izaten askotan: praktika errealean zailtasunak daude hezkuntza sistema malgutzen duten espazioetara haurrak bideratzeko.

Eskoletatik laguntza eskari asko jasotzen al dituzue?

Bai, asko. Sarri eskea izaten da, gainera, gainezka egin duen profesional batena: gelaren kontrola galdu du. Aholkularitza eskatzen digute, irtenbide bat. Daukaten egoerak sarri urruntzen ditu gure haurrak ulertzetik, horien gaineko ikuspegi erreal bat izatetik.

BERRIAn argitaratua (2016/07/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA