astekaria 2016/07/22
arrowItzuli

politika

PELLO AIZPURU

«Ahal dutena egiten ari dira Pasaiako badian gertatu zena ezkutatzeko»

Ander Perez Zala

«Ahal dutena egiten ari dira Pasaiako badian gertatu zena ezkutatzeko»

Pasaiako «segadaren» kasua ez artxibatzeko eskatzeko elkarretaratzea egin zuten senideek, atzo, Donostiako Auzitegiaren atarian. 2005ean zabaldu zuen berriro kasua auzitegiak, baina, otsailean, senideek jakin zuten auzia artxibatzeko erabakia hartu zuela. Biktimen senideek eta Azpeitiko Udalak jarritako helegitea atzera bota du Gipuzkoako Auzitegiak, eta, orain, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko dute. Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistako lau kide hil zituen Pasaiako badian, tiroz, 1984ko martxoaren 22an: Rafael Delas Txapas (Iruñea), Jose Maria Izura Pelu (Iruñea), Pedro Mari Isart Pelitxo (Azpeitia) eta Dionisio Aizpuru Kurro (Azpeitia). Azken haren anaia Pello Aizpuruk zail ikusten du Espainiako Justiziatik emaitzarik lortzea, baina ziurtatu du ez dutela amore emango.

Helegitea berriz ere atzera bota ondoren, zein dira sentipenak?

Guretzat beste kolpe gogor bat da. Urteak pasatu ahala, ikusten dugu ez dagoela Pasaiako auzia argitzeko borondaterik, eta sinestezina iruditzen zaigu demokrazia izeneko batean nola den posible kasu hau ikertzeko ez asmorik ez borondaterik egotea. Pasaian egon zirenen testigantza zuzenak daude. Senideontzat ankerra eta mingarria da; azken erabaki hau oso gogorra izan da.

Judizialki aurrera joko duzue.

Garbi daukagu aurrera egingo dugula, eta, daukagun guztia kontuan hartuta, ez dugula etsiko. Espainiako Justiziatik zerbait lortzea oso zaila dela iruditzen zaigu, baina, Europako bidea hasi baino lehen, hemen ditugun aukera guztiak probatu behar ditugu. Hurrengo pausoa Auzitegi Konstituzionalera jotzea izango da; hala ere, ez dugu emaitza positiborik lortzeko itxaropen handirik. Judizialki oso zaila ikusten dugunez emaitzaren bat lortzea, beste bide batzuk lantzen ari gara; adibidez, dokumental bat prestatzen ari gara Pasaiako errealitatea benetan zein izan zen erakusteko asmoz eta jendeak egia jakin dezan. Guk erakutsi nahi dugu frankismoko fusilatzeez gain demokraziak ere badituela; Pasaiakoak fusilatzeak izan ziren. Eta hori ezkutatu nahi dute, nire ustez, era batera edo bestera. Ahal duten guztia egiten ari dira Pasaiako badian gertatu zena ezkutatzeko.

Dokumentalaz gain, beste bideren bat bilatu duzue?

Duela zazpi hilabete, Eusko Jaurlaritzari bilera bat eskatu genion kasu honetaz hitz egiteko. Zazpi hilabete pasatu dira, eta oraindik ez dira gai izan gurekin biltzeko ere. Alderdiak eta politikariak prentsa eta telebistan biktimei buruz eta aitortzari buruz hitz egiten ikusten ditugu, baina gu zeharo baztertuta gaude. Ez dira gai izan gurekin hitz egiteko.

Eusko Jaurlaritzak biktimen txostenean sartu zuen Pasaiako kasu hau iaz.

Polizia biktimen lege bat onartzear daude, eta ez dakigu hor sartuko gaituzten ala ez. Dakiguna da iaz Jaurlaritzak 130 herritako biktimen txosten bat egin zuela, eta txosten horretan gure kasua kontuan hartu zutela, baina «gehiago ikertu behar den» kasu gisa kontsideratu zuten. Sinestezina iruditzen zaigu: zeinek ikertu behar du gehiago? Hau da, frogak daude: Joseba Merinoren testigantza, eta Paco Etxeberriaren autopsia, besteak beste. Oso polita da hori paper batean ipintzea, baina ikerketa aurrera eramateko egiazko borondaterik ba al dago?

Beste instituzio edo alderdi politiko baten babesa jaso duzue?

Orain arte ez dugu babesik izan. Batere ez. Daukagun babes bakarra da Azpeitiko Udalarena, 2001ean alkateak akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki zuen unetik aurrera, talde guztien onarpenarekin. Eta horrela jarraitu du. Alde horretatik, babesa sentitzen dugu, baina instituzionalki hor geratzen da babesa, eta besteen aldetik baztertuta sentitzen gara. Ez dute nahi gurekin bildu.

BERRIAn argitaratua (2016/07/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA