astekaria 2016/07/22
arrowItzuli

bizigiro

MAGGIE KLINGER-LAUER ETA ELSBETH SUREAU

«Donostiako metroa ez da beharrezkoa»

Iñaki Balerdi Toledo

«Donostiako metroa ez da beharrezkoa»

Proiektu handien inguruko seigarren Europako foroa egin dute Baionan asteburuan. Han eta Donostian hitzaldiak eman dituzte Stuttgart XXI mugimenduko kide Maggie Klinger-Lauerrek, Elsbeth Sureak eta Pierre Sureak, Alemaniako hiri horretan egin nahi duten tren geltoki berria salatzeko asmoz.

Zer ondorio atera duzue proiektu handien Baionako forotik?

MAGGIE KLINGER-LAUER: Ekologia eta klima aldaketa izan dira aurtengo gai nagusiak. Klima aldaketan duten eraginagatik, proiektu handi horien aurka egiteko zilegitasuna dugu.

ELSBETH SUREAU: Beste taldeekin eginiko hartu-emanetan konturatu gara gobernuek metodo berberak erabiltzen dituztela. Foro bat egitea ezinezkoa bada, Berlinen, Erroman edo Bartzelonan, manifestazio bat egingo dugu.

Stuttgarreko tren geltokia berritzeak ur mineralak hondatu ditzake.

M. K. L.: Lurpeko urak ponpatu behar dituzte, eta eremua hondatu dezakete. Budapesten daude Europako ur mineral gehienak, eta hurrengo hiria da Stuttgart. Bainu termalak daude Stuttgarten, eta eragile ekonomikoa da hori.

E. S.: Bailararen norabidean dago eraikita geltoki zaharra. Mendien tartetik egin nahi dituzte tunelak, kontrako norabidean.

Zer zerikusi du proiektuarekin Mercedes-Benzek?

M. K. L.: Proiektuari probetxua aterako diote luzera begira. Egitasmoaren aldeko jarrera diruz lagundu zuen Mercedesek. Mercedesen hiria da Stuttgart, eta, politika horrekin, kamioi gehiago egingo dira salgaiak garraiatzeko.

Salgaiak ala pertsonak dauden trenak ibiltzen dira geltokian?

E. S.: Salgaiak garraiatzea ezinezkoa izango litzateke geltoki berrian. Stuttgart aurreko geltokian salgaiak trenetatik kamioetara aldatzeko asmotan dabiltza.

M. K. L.: Adituek esan zuten proiektu hau ez dela errentagarria tren konpainiarentzat, baina lortuko duten lursaila errentagarria izango zaie espekulatzeko. Geltokitik bidaiari gutxiago igaroko direla espero dute, eta, bestalde, egunero 28.000 auto gehiago erabiliko ditu jendeak.

1994an alternatibak eskaini ziren, proiektua aurkeztu zenean.

E. S.: Geltokia berritzea eta hobetzea izan zen lehena.

M. K. L.: Egindako tunelekin beste erabilera batzuk bultzatzea da beste alternatiba bat. Lurpeko parkinga edo autobus geltokia egin daitezke.

Zer iritzi duzue Donostiako metroaren igarobideaz?

M. K. L.: Gure esperientzia berdina da, baina tokiko mailan. Ez da beharrezkoa. Etekinak lortzea da helburu bakarra. Dauden autobusekin eta aldiriko trenekin nahikoa izango litzateke. Konektaturik ez dagoen auzo batean tranbia egin daiteke, baina, lehenago, metro bat behar den ala ez eztabaidatu behar da.

Eta abiadura handiko trenaren inguruan?

E. S.: Frantziako zatian lanak geldituta daudela entzun dugu, baina, lotutarik ez badago, zentzugabea da. Hiriak lotzeko geroz eta tren azkarragoak egitea enpresa handien mesederako izango da; ez da baliagarria herritarrentzat.

Europan mugimenduak elkartu behar dira?

E. S.: Elkarrekin lan egitea eta gai jakin batzuetan ekintzak egitea adostu genuen Baionan. Abenduko bigarren astean, elkarrekin ekintza bat egitea pentsatu dugu, eta, urrian, Europako Batasuneko erakundeei txosten bat emango diegu, Estrasburgon.

Krisialdiak proiektu handi hauetan eraginik izan du?

E. S.: Lisboan egin nahi zuten AHTa geldiarazi dute krisiagatik. Diru publikoarekin finantzatzen dituzte proiektu horiek, eta krisitik aterako garela esaten dute.

BERRIAn argitaratua (2016/07/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA