astekaria 2016/07/22
arrowItzuli

mundua

«Latinoek ez badute masiboki bozkatzen boz hautetan, ez dute sekula egingo»

Adrian Garcia

«Latinoek ez badute masiboki bozkatzen boz hautetan, ez dute sekula egingo»

AEBetako Alderdi Errepublikanoen Konbentzioa martxan dago, eta Donald Trump izendatzekoak dira bihar ofizialki Etxe Zurirako hautagai. Bide luzea egin du politikari polemiko eta xenofoboak, analista askoren aurreikuspenen aurka. «Trump fenomenoak zuen herrialdean harridura sortzen badu, imajinatu hemen». Eric Herzik (San Diego, AEBak, 1955) Nevadako Unibertsitateko irakaslea da, Zientzia Politikoetako doktorea. Hautagai errepublikanoak sektore askotan eragiten duen izua dela eta, Etxe Zurirako lasterketan demokratek aurrea hartuko dutelakoan dago. «Aurretik ere bete-betean okertu naiz, eta Trump gailendu da primarioetan. Nik neuk ere kontuz hartzen ditut neure hitzak».

Orain urtebete, pentsaezina zen Trump hautagaia izatea. Nola lortu du Alderdi Errepublikanoko gainerako hautagaiei gailentzea?

Trumpek gutako asko txundituta utzi gaitu. Ez nuen sekula pentsatuko horren urrutira iritsiko zenik. Alderdi Errepublikanoaren barne arazo larria islatzen du; oso zatituta dago alderdia, eta ezin izan dira ados jarri kontsentsuzko hautagai baten bueltan, Trumpen aurka egin zezan. Errepublikano askok pentsatuko dute kontsentsuzko presidentegai bat hautatu zutenean, Mitt Romney esaterako, hauteskundeak galdu zituztela.

Zein ezaugarri dituzte, oro har, primarioetan Trumpen aldeko botoa eman dutenek?

Frustratuta dauden errepublikano boto-emaileen zati bat da; zuriak, oro har. Ironikoki, ez dira klase altukoak; langileak dira gehienak.

Hedabide askotan Erresuma Batuko brexit-aren aldeko boto-emaileekin alderatu dituzte.

Alderaketa bikaina iruditzen zait. Alde batetik, edadetu, haserretu eta natibisten [zurien, anglosaxoien eta protestanteen] blokea dago. Eta, nire ustez, honako puntu honetan laburbil daiteke bi fenomenoen arteko antzekotasuna: britainiarrek EBtik irtetea eskatu zuten, baina agintariek ez dute ideiarik ere hori nola egin. Egindako promesak gezurra ziren. Donald Trumpen promesekin gauza berbera gertatzen da: ez daki nola bete hitzemandakoa, ezinezkoa delako. Esan gabe doa Boris Johnsonek eta Trumpek antz handia dutela.

Zergatik jaso du Trumpek eliteen aurkako zigor botoa?

Askok Trumpen izaera gatazkatsuari buruz hitz egin dute, baina, gero, nabarmentzen dute zerbait egin beharra dagoela, ezin dela jarraitu politika ohi bezala egiten. Trump eliteari lotuta egon da urte askoan, eta eliteak bultzatutako legeez aprobetxatu da dirua egiteko. Baina azken urteetan langile frustratuen txapelduna bihurtu da, nolabait. Inoiz kargu publikorik ez betetzeak lagundu dio horretan. Gobernua eta bi alderdien buruzagitzak zigortu nahi dituztenentzat aukera bat da Trump, outsider bat [sistematik kanpokoa] delako.

Politika polarizatua dirudi AEBetan. Gizartea ere modu berean al dago erdibituta?

Bai. Orain hamar urte, jendeak AEBetako polarizazioari buruz hitz egiten zuen, kulturen arteko gerra deiturikoa. Barack Obamak hitzaldi sonatu bat eman zuen 2004. urtean, eta talde erlijioso, etniko eta sozialen artean zubi bat eraikitzen saiatu zen. Baina okerrera egin du denak, eta ez diot errua Obamari egozten. Errepublikanoek Obamaren aurkako blokeo kanpaina bortitza egin dute hasiera-hasieratik, karguaren zina egin aurretik. Eta, gero, hari egotzi diote errua ezer ez egiteagatik. Kontserbadoreek uste dute Obama haien armen, elizen eta lanen atzetik dagoela. Estatistika objektiboak hartuta, baina, argumentu horiek ez dute ez hanka ez bururik: Obamaren agintaldian inoiz baino arma gehiago saldu dira, eta, munduko beste ekonomiekin alderatuz gero, batez ere Europarekin, AEBetakoa egoera nahiko onean dago.

Trumpen kanpaina kontraesanezkoa izan da. Zein da haren ideologia? Hautatua bada, aurreikus al daiteke zer politika mota egingo dituen?

Ez dakit zein den haren ideologia; mugitzen den ororen aurka egiten du. Esaten du kontserbadorea dela, baina merkataritza askeko ituna bertan behera uztearen alde dago. Ez dago haren kontserbadurismo sozialaren inguruko zantzurik: hainbat emazte izan ditu, ezkontzaz kanpoko harreman pertsonalei buruzko albisteak... Ez dakit nola AEBetako kontserbadore kristauek onar ditzaketen Trumpen jokabidea eta iruzkinak. Azken finean, haien izenean hitz egiten du. Egunero ateraldi batekin dator; ez dakit hurrena nondik joko duen. Azkenekoan Saddam Hussein miretsi zuen.

Zein eragin izango du migrazioak hauteskundeetan? Trump oso gogorra izan da kanpotarren aurka, eta latinoen botoa erabakigarria izan ohi da. Nola jokatuko dute hauteskundeetan?

Trumpek ezinezkoa izango du latinoen botoa eskuratzea. Halere, migrazioaren gaia oso polarizatua dago. Amerikarren erdiek pentsatzen dute arazo larria dagoela immigrazioarekin: etorkinek ekonomia hondoratzen dutela, terroristak direla eta gaixotasunak ekartzen dituztela. Trumpek migrazioaren aurkako blokearen sostengua du. Baina, aldi berean, latinoak, beltzak eta beste gutxiengoak beldurtu ditu. Latinoek masiboki bozkatuko dute haren aurka? Ikusteko dago. Loti erraldoia deitzen zaie latinoei hauteskundeetan, talde handia izanik ere gutxik bozkatzen baitute. Hauteskunde hauetan bozkatzen badute, esan dezakegu loti erraldoia ez dela sekula esnatuko.

Trump opari bat al da Hillary Clintonentzat? Alegia, errazago irabazi ahal izango dute demokratek Trumpen aurka beste edozein hautagai errepublikanoren aurka baino?

Nik uste dut beste edozein hautagai errepublikanok askoz hobeto egingo lukeela; Ted Cruz kenduta, oso estremista baita. Halere, aurretik ere okertu izan naiz.

Nola ikusten duzu Alderdi Errepublikanoa? Posible al da denak Trumpen inguruan biltzea, edo are gehiago pitzatuko da?

Zaila izango dute errepublikano askok Trumpen alde bozkatzea. Errepublikano guztiak batera ekar ditzakeen gauza bakarra ez da Trump, baizik Clintonen aurkako gorrotoa. Obamaren aurka duten gorrotoaren antzekoa da.

Mezu elektronikoen afera erabiltzen dute Clintonen aurka egiteko. Nola eragingo dio horrek demokraten hautagaitzari?

Kontu horrek eztabaida piztuko du. Badaude gai hori indartu nahi duten politikari asko, konbentzituak daudelako Clinton deabrua dela. Berdin du FBIk eta auzitegiek zer dioten; ezerk ez die iritzia aldaraziko. Errepublikanoek beste auzi bat abiatu nahi dute, ikerketaren ikerketa bat egiteko. Baina hori dagoeneko bazen ikerketa baten ikerketa.

Zer eragin izan dute primarioek demokraten hauteskundeetarako kanpainan? Bernie Sandersek ezkerrera birarazi al du zertxobait alderdia?

Bai. Sandersek askok espero baino hobeto egin zuen. Heroi antzeko bat da alderdiko ezker hegalarentzat; batez ere, boto-emaile gazteengan arrakasta handia izan zuen, eta Clintonek arreta jarri behar du sektore horretan. Halere, primarioek ez dituzte demokratak zatitu, errepublikanoek haien erro ultraeskuindarretan eta kontserbadoreetan sakondu baitute.

Konbentzituko al ditu Clintonek ezker hegaleko boto-emaileak?

Uste dut baietz. Hein batean, Sandersen ahotsaren alde pragmatikoa da Clinton. Adibidez, Sandersek osasun sistema publiko unibertsala nahi zuen. Hori ez da gertatuko AEBetan, ezinezkoa delako. Baina Clintonek jarraituko du bultzatzen osasun sistema osoago bat.

Obamak, 2008ko hauteskundeetan lehiatu zenean, ilusio handia piztu zuen. Ez dirudi Clinton eragin berbera sortzeko gai denik, AEBek izan dezaketen lehen emakume presidentea izan arren.

Ez nago ados horrekin. Clintonek izendapena jasotzean eta kanpainak aurrera egin ahala sortuko da horrelako sentimendua, batez ere emakumeen artean. Kontuan hartu parean Donald Trump sexista egongo dela.

Primarioetako lehian, demokraten sektore feministak Sandersen alde egin zuen.

Adinaren kontua izan zen gehienbat. Emakume gazteek ez zuten Clinton babestu, belaunaldi feminista desberdinen artean zatiketa handia dagoelako. Gazte feministen artean ez dute partekatzen Clintonen adineko feministen historia: emakume izategatik lanak ukatu zizkieten, eta generoaren araberako bazterketa zuzena sufritu zuten. Gazteek hori ez dute sufritu, nahiz eta oraindik ere parekidetasuna ez den erabatekoa. Gazteek arreta handiagoa jarri dute Sandersek proposatutako irtenbide ekonomikoetan. Baina, hauteskundeetan, emakumeen boto ia erabatekoa jasoko du Clintonek.

Texasko eta Lousianako polizien aurkako erasoak eztabaidaren erdian jarri dira. Zein ondorio ekarriko dituzte hilketek?

Black Lives Matter mugimenduak protesta baketsuak egin ditu, oro har. Baltimoren egon ziren liskarrak kaleetan, Poliziaren hilketari erantzunez. Baina Dallaskoa mugarria izan da; Polizia hartu dute jopuntuan. Ez dut uste inork babestuko dituenik hilketa horiek. Urteetan garatu den arazo bat islatzen dute, eta ez dirudi konponbidea laster etorriko denik.

Polizien aurkako erasoak areagotzeko arriskua ikusten al duzu?

Dallas eta Baton Rouge hirietako tiroketen eta halako gertakari larrien ostean, antzeko erasoak gertatu ohi dira. Horrelako beste gertakari batzuk etor daitezke, baina ez dut uste joera hori zabalduko denik. Bi tiroketak militar beteranoek egin zituzten, baina motibazioak desberdinak ziren. Dirudienez, Dallasko hiltzaileak zurien aurkako gorrotoagatik egin zuen, eta, Baton Rougekoa, berriz, eskuin muturreko mugimendu bati lotua zegoen.

Hilketa horiek arriskuan jar al ditzakete Black Lives Matter mugimenduaren helburuak?

Ikusteko dago AEBetako politikariek eta gizarteak nola erreakzionatzen duten. Aurreikusten dut indarkeriaz erantzungo dutela beltzen aurka, batez ere kontserbadore zuriek; Poliziaren aurkako gerra sustatzen duen mugimendutzat hartuko dute. Edonola ere, ezin dute gatazkaren muina baztertu: Poliziak beltzei tiro egiten die zuriei ez bezala.

Armen kontrolarekin ere zerikusi zuzena du gertaerak.

Hain zuzen ere. Dallasko tiratzaileak legezko sistemaren bidez erosi zuen arma. Orlandoko sarraskiaren ondoren, errepublikanoek ez zuten eztabaidatu ere egin nahi izan armen politikaren inguruan. Esaten duten gauza bakarra da: «Arma gehiago behar ditugu». Haien arabera, mundu guztiak arma bat edukiko balu denak salbu geundeke.

Errepublikanoek ez dute armen kontrola zorroztu nahi, baina zer egin dezake Hillary Clintonek indarkeria gutxitzeko?

Clintonek ez du arrakastarik edukiko horretan. Armak saltzeko orduan egiten diren kontrolak estutzen badira, izango du eraginen bat. Baina arazoa da AEBak armaz gainezka daudela.

BERRIAn argitaratua (2016/07/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA