astekaria 2016/07/22
arrowItzuli

politika

Jakintzatik konpromisora

Gotzon Hermosilla

Jakintzatik konpromisora

Joan den igandean zendu zen Jose Ramon Rekalde (Donostia, 1930; Donostia, 2016) PSE-EEko kide historikoa eta Eusko Jaurlaritzako sailburu izandakoa. Jardunbide akademikoa eta konpromiso politikoa uztartu zituen Rekaldek bere bizitza osoan: zuzenbideko doktore zen, Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko katedraduna izan zen, eta hainbat liburu idatzi zituen politikaz eta zuzenbideaz, baina hori guztia ez zuen oztopo izan zenbait ardura publiko bere gain hartzeko; nabarmenenak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila —1987tik 1991ra— eta Justizia Saila —1991tik 1994ra—. ETAk haren kontra jo zuen 2000. urtean: etxeko atarian zegoela tiro egin zioten buruan, baina bala matrailean gelditu zen, eta bizia salbatu zuen, larriki zauritu bazen ere.

Frankismoaren garaian heldu zion Rekaldek konpromiso politikoari, FLP Herri Askapenerako Frontearen inguruan hasieran, eta PSEn geroago. Atxiloketak, torturak eta espetxeratzeak ekarri zizkion horrek, eta kartzelan egon zen 1962tik 1963ra.

Frankismoaren ostean hasi zen ardura publikoak hartzen, PSErekin, betiere. 1976an, Eusko Jaurlaritzaren aurreko Euskal Kontseilu Nagusian Giza Eskubideen arloko zuzendari izendatu zuten, eta, 1987tik 1994ra, sailburu izan zen, EAJren eta PSE-EEren arteko itunen ondorioz sozialistak Jaurlaritzan sartu ziren garaian.

Haren emazte Maria Teresa Castellsek kudeatutako Lagun liburu dendak hainbat eraso pairatu zituen 1990eko hamarkadan, baina haren kontrako atentatua izan zen erasorik larriena. Rekalde jardunbide publikotik aldendu samar zebilenean gertatu zen atentatua, eta zirrara berezia eragin zuen orduko euskal gizartean.

«Duintasun eredua»

Igandeaz geroztik, Zorroagako beilatokian (Donostia) egon da Rekalderen gorpua, eta, han, PSE-EEko kide eta gainerako alderdietako ordezkarien bisita ugari izan ditu. PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia igandean bertan egon zen beilatokian, eta, han, «injustizien kontrako borrokalari» gisa definitu zuen Rekalde: «Lehenbizi, diktadura frankistaren kontra borrokatu zen, eta, geroago, berdin egin behar izan zuen ETAren egitasmo totalitarioaren kontra». Mendiaren ustez, «eredugarria» izan da Rekaldek borroka horretan erakutsitako «duintasuna».

Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia sailburu Josu Erkoreka, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarte, Jose Antonio Ardanza lehendakaria, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, Iñaki Arriola PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusia, EAJren GBBko presidente Joseba Egibar eta PPko Gipuzkoako presidente Borja Senper ere izan dira beilatokian Rekalderi azken agurra egiten.

Sare sozialetan hedaturiko mezu baten bidez, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk samina agertu du Rekalderen heriotza dela-eta, eta, egindako lanagatik eskerrak emateaz gain, «pertsona eredugarri» gisa definitu du sailburu izandakoa.

Gaur goizean egingo dute Jose Ramon Rekalde agurtzeko azken ekitaldia, Zorroagako beilatokian. Familiak hala eskatuta, ekitaldi pribatua izango da.

BERRIAn argitaratua (2016/07/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA