astekaria 2016/07/22
arrowItzuli

mundua

Presidentegai baten bila

Jakes Goikoetxea

Presidentegai baten bila

Batzuetan ile horizko mataza bat, besteetan ile horizko olatu bat, beti kasko itxurako ilaje horia buruan. Azal beltzarana, laranja ez esateagatik. Begitarte adierazkorra. Politikari itxurarik gabeko politikaria. Showman-a eta sermolaria, politikaria baino gehiago. Probokatzailea. Bilorik gabeko ahoa. Hitzak neurtzeko gogorik eza. Tabernazuloko elkarrizketetako argudioak eta mezuak mitinetan. Iragarrezina. Naturaltasun itxurako inprobisazio neurtua. Probokatzailea. Denbora gutxian gauza bat eta kontrakoa esateko gaitasuna, elkarrizketatzailearen eta testuinguruaren arabera —ez da bere abilidadea soilik—. Aberaskumea lehen, oso aberatsa orain. Eraikitzailea, eraikinena eta bere irudiarena. Miss Unibertso lehiaketaren jabe ohia. Hezur haragizko gehiegikeria. Pertsonaia, pertsonaren gainetik. Donald Trump (New York, 1946). Alderdi Errepublikanoaren hautagaia Ameriketako Estatu Batuetako presidente izateko. Alderdiarena bai, alderdiko ordezkari askorena ez. Hautagaia badaukate. Presidentegaia behar dute. Atzo abiatuko zuten Trump hondoratzeko edo presidentegaia eraikitzen hasteko konbentzioa, Clevelanden (Ohio).

Trumpek ez dauka eskarmenturik politikan, eta gabezia ezkutatzeko talentua eskarmentua baino garrantzitsuagoa dela dio. «Biak dauzkadala uste dut». Ez hori bakarrik: «benetan azkarra» dela esan die herritarrei, eta herrialdeak orain bere moduko pertsona bat behar duela: «Saltzailea».

Ez da politikaria, baina ez da politikan ari den lehen aldia. 2000. urtean parte hartu zuen Erreformaren Alderdiaren primarioetan —Ross Perot enpresaburu eta 1992ko hauteskundeetako hautagai independenteak sortu zuen alderdia—; baina emaitza kaskarrak lortu zituen, eta bertan behera utzi zuen hautagaitza.

Trump negoziolaria da. Aita eraikitzailea eta etxegintza sustatzailea zuen, eta Donaldek oso gaztetatik parte hartu zuen etxeko negozioetan. Eraikuntzan hasi aurretik, 13 urterekin, New Yorkeko Akademia Militarrera eraman zuten Frederick aitak eta Mary MacLeod amak. Ez zion bide militarrari jarraitu. Ekonomia ikasketak egin zituen Pennsylvaniako Unibertsitateak.

Aitak apartamentuak eraikitzen zituen batez ere. Aitaren itzalean hazi zen negozioen munduan, baina Donald ez zen apartamentuekin konformatu. Aitaren enpresa bere eskuetan geratu zenean, eraikin handiak eraikitzeari eta berritzeari ekin zion. Hotelak eta kasinoak ere eskuratu zituen. Eraikuntzaren gainbeherak hainbat finantza arazo eragin zizkion.

Arrotza, etxean

Politikariekin aritzera ohituta dago, baina eskarmenturik ez dauka politikan; hala ere, haren hautagaitza eta aukerak gutxietsi dituztenak sor eta lor utzi ditu. Bere hautagaitza aurkeztu zuenean ez zuten seriotan hartu. Baina irabazi egin du. Ez nolanahi, gainera. Hamasei aurkari azpiratu ditu —asko politikari profesionalak—, eta 37 estatutan irabazi du. Zerbait gehiago beharko du, ordea, New Yorkeko Trump etxe-orratzeko 26. solairuko bulegotik Etxe Zuriko bulego obalera iristeko.

Konbentzio beroa izango da egunotakoa. Alderdi Errepublikanoa zatituta dago, eta hausteko arriskua ere badago. Izan ere, Trumpek badu jatorrizko bekatu bat errepublikanoentzat: ez da haietako bat, arrotz bat sartu zaie etxean eta haiek ordezkatuko ditu. Trumpek elefanteen uxaldi bat eragin du konbentzioaren aurretik —ordezkari esanguratsu eta babesle ezagun gutxik parte hartuko dute—, eta are handiagoa eragin dezake Clevelanden bertan. Alderdi Errepublikanoak badu zer pentsatua. Alderdiko kideek urteetako ibilbidearekin eta tradizioarekin bat datozen aukerak baztertu eta beste zerbaiten alde egin dute. Trump ez da Tea Partykoen ordezkaria, baina nekez uler daiteke Trumpen arrakasta Tea Partykoek alderdian egindako higatze lanik gabe. Ezta errepublikanoek Barack Obamaren politikak blokeatzeko baliatu dituzten alderdi estrategiarik gabe ere. Orain arte, baina, autokritika gutxi egin dute errepublikanoek.

Berez, Trumpek irabazi ditu errepublikanoen primarioak, eta hura da alderdiaren hautagaia, baina konbentzioan baieztatu behar dute ofizialki. Primarioetan 2.472 ordezkarietatik 1.500dik gora lortu zituen, eta horiek bere alde bozkatu behar dute konbentzioan. Dena den, egunotan errepublikanoen sektore bat saiatu da Trump ahultzen eta haren hautagaitza kolokan jartzen: Konbentzioko Arauen Batzordeari eskatu dio utz diezaiela estatuetako ordezkariei nahi duten hautagaiaren alde bozkatzen, ez daitezela egon behartuta dagokien hautagaiari botoa ematera. Proposamena atzera bota dute, ordea.

Alderdiko sektoreen benetako aurkaria ez da Trump, Hillary Clinton demokraten hautagaia baizik. Lortuko al du alderdia guztien etsaiari aurre egiteko biltzea? Askok uste dute Trumpek ez daukala zer eginik Clintonen aurka: errepublikanoen artean daukan babesa iraganeko hautagai batzuek baino apalagoa da, eta zaila du demokraten eta independenteen artean arrantza egitea.

Baina gero eta gehiago dira Trumpen hautagaitza babestu behar dela dioten ordezkari errepublikanoak. Trump gogor kritikatu dutenak ere hasi dira hitzak neurtzen, eta, bat baino gehiago, baita haren alde hitz egiten ere, alderdiaren batasuna eta partekatzen dituzten ideiak aipatuz.

Pence presidenteorde

Presidenteordearen hautaketak ere lagundu dezake Trumpen eta alderdiaren arteko zubiak eraikitzen. Mike Pence ultraeskuindarra aukeratu du presidenteorde izateko, Indianako gobernadorea, alderdiko ordezkari bat. «Mike aukeratzeko arrazoi nagusietako bat alderdiaren batasuna izan da», onartu zuen Trumpek larunbatean, Penceren aurkezpenean. Zubiak hautsita baitaude Trumpen eta Senatuko eta Ordezkarien Ganberako errepublikanoen artean. «Trumpek buruan daukana esaten du, eta hori arazo bat da», esan zien iazko irailean Ward Bakerrek, Senatuko Errepublikanoen Batzorde Nazionaleko zuzendari exekutiboak, bere taldekideei. «Erakuts ezazue harekiko independenteak zaretela», aholkatu zien.

Dena den, Trumpek, alderdiko ordezkaria izan gabe, gehiegikerietan oinarrituta eta diru emaileen morrontzarik gabe —bere poltsikotik ordaindu du kanpaina ia guztia—, hautagai izatea, arrakasta, lortu du. Beraz, bere mezuak eta tonua ez apaltzea erabaki dezake, orain arteko emaitza onak ikusita. Esan dezake ez duela halakorik egin behar. Azkeneko inkestek Clintonengandik puntu gutxira dagoela baitiote.

Trumpek herritarren beldurrean, haserrean eta etsipenean oinarritu du kanpaina. Immigrazioaren mamua astindu du. Demokraten erruz herrialdean ia dena gaizki doala nabarmendu du behin eta berriro: «zulo» deitu die AEBei, mundu guztiaren «irri-bazka» direla esan du, eta amets amerikarra hilda dagoela. Etsita dauden herritarren babesa erakarri nahi izan du.

Baina Trump aberatsa da, bereganatu nahi dituen herritarren herrialdekoa bai, baina beste mundu batekoa. Haiei gogorarazi die, ordea, aberatsa badela, baina gaztetan, udan, eraikuntzako langileekin lan egiten zuela Frederick aitaren enpresan. Eta haien kezkak eta haserreak ulertzen eta partekatzen dituela. Urte asko pasatu dira ordutik.

Programa sinplea

Programa sinplearen alde egin du. Ideia gutxi, eta argiak. Beste kontu bat da agindutakoak bete ahal izango dituen. Zortzi oinarri ditu haren kanpainak. Immigrazioa, zergak eta merkataritza akordioak dira muina.

AEBen eta Mexikoren arteko mugan harresi bat eraiki nahi du, Mexikoko migrazioa geratzeko. Mexikori eman nahi dio harresiaren ordainagiria: 4.500-9.000 milioi euro. Ordainduko ez balu, prest dago migratzaile mexikarrei AEBetatik Mexikora dirua bidaltzea galarazteko eta Mexiko produktuei zerga gehiago jartzeko.

Trumpek migratzaileen kontra hitz egin du. Migratzaileen iloba eta semea da. Friedrich Trump aitona 1885ean iritsi zen New Yorkera, Alemaniatik, 16 urterekin eta maleta batekin. Ama, Eskoziatik. Bere familiaren jatorriari buruz ere gezurra esaten du. Alemaniarrak gaizki ikusiak zeudela eta, suediarrak direla dio.

Zergetan aldaketak egin nahi ditu, aberatsenei (kapital errentei eta errenta altuenei) zergak jaistea batez ere. Bederatzi bilioi euro gutxiago bilduko lirateke hamar urtean. Ez du zehaztu, ordea, nola bilduko duen diru gehiago gastuei aurre egiteko: merkataritza akordioak hobetuta eta gastuak murriztuta lortuko duela esan du.

Trumpek galdutako loria itzuli nahi die AEBei, ekonomian batez ere. AEBen eta munduaren arteko merkataritza harremanak aldatu nahi ditu. America first (Amerika aurrena) du goiburu, bertan egindakoa lehenestea. Txina etsaitzat du, eta neurriak hartu nahi ditu mendekotasuna murrizteko. Txinaren eta AEBen arteko merkataritza desoreka berdindu nahi du, besteak beste Txinatik inportatutako produktuei %10eko zerga jarriz. «Txinak AEBetatik eraman dituen dirua eta lanpostuak historiako lapurreta handiena dira», Trumpen iritziz.

Arrotza, etxean

Gauza bat programa da, eta bestea programatik kanpo esandako guztia, programa bezain adierazgarria: AEBetako enpresak atzerrian eraikitako lantegiak bueltatzera behartuko dituela edo bestela isunak ordaindu beharko dituztela; atzerriko produktuei zergak igoko dizkiela; musulmanei AEBetan sartzea debekatuko diela; herrialdeei kobratu egingo diela AEBen base militarrak edukitzeagatik; Irak okupatu egin behar dela, handik petrolioa ateratzeko; abortatzen duten emakumeak zigortu egin behar direla; ez duela armak edukitzeko eskubidea mugatuko... Zaila, ia ezinezkoa izango du agindutakoak eta esandakoak betetzea.

Hori bai, Trumpek homosexualen eta transexualen eskubideak babestu ditu, alderdi errepublikanoko gehiengoaren iritziaren kontra.

AEBetan badira politikariek esandakoaren egiazkotasuna aztertzen duten erakundeak. Trumpen lau adierazpen politikotik hiru gezurra direla diote. Trumpek neurri batean onartzen du gezurretan ari dela, baina gezur hitza erabili gabe: «Ahoberokeria zintzoa deitzen diet. Esandakoa puzten aritzeko modu xaloa da».

Benetan posible al da Trumpek bozak irabaztea? Bai. Are gehiago lehiakidea ikusita. Ezin da Trumpekin parekatu, baina Hillary Clintonek zailtasun handiak ditu alderdiko eta gizarteko hainbat sektore erakartzeko. Txarra edo txarragoa aukeratzea izango da herritar askoren zalantza.

BERRIAn argitaratua (2016/07/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA