astekaria 2016/07/22
arrowItzuli

bizigiro

MARIA TERESA MEDRANO

«Shakespeareren euskarazko liburuak Londresera eramatea ohorea izan zen»

Ainara Arratibel Gascon

«Shakespeareren euskarazko liburuak Londresera eramatea ohorea izan zen»

«Hankak gaizki dauzkat, eta ezin naiz lehen bezainbeste atera etxetik. Burua, ordea, argi daukat, eta hori inportantea da». Arrazoirik ez zaio falta Maria Teresa Medranori (Oñati, Gipuzkoa, 1928). Argitasun osoz mintzo da, eta zehatz kontatzen ditu bere gaztaroko gauzak. Urteetan irakasle lanetan aritu zen pertsona baten eskarmentu eta argitasunarekin. Harro erakusten du Shakespeareren euskaratutako liburuak Britainiar Liburutegira eramateagatik jaso zuen eskutitza, eta ingeles garbi eta eder batekin irakurtzen du bertan ageri den eskertza.

Bederatzi senideren artean gazteena izanda, etxeko mimatuena al zinen?

Berez, bederatzi anai-arreba ginen, baina bi oso gazte hil ziren; eta, bai, etxeko mimatuena nintzen. Oñatin [Gipuzkoa] bizi ginen. Aita albaitaria zen; Zaragozan [Espainia] egin zituen ikasketak; ama, berriz, etxekoandrea. Zaharrenek laguntzen zioten hari. Nik dena eginda neukan; abantaila hori nuen. Denek zaintzen ninduten. Oso gogoan dut, Patxi anaia oso gaixorik egon zela, baina beti aritzen zen niri mimoak egiten. Helduak ginenean ere beti aritzen zen ni mimatzen.

Mojetan egin zenituen ikasketak. Nola moldatzen zinen haiekin?

Beneditarren komentura joaten ginen. Klausurako mojak ziren, eta Frantziatik zetozen gehienak. Hemen ere ez ziren komentutik ateratzen. Baina nahiko ikuspegi aurrerakoia zuten. Asko irakurtzen zuten, eta oso ikasiak ziren. Zoragarriak ziren, goxoak eta jatorrak. Ontasun guztiarekin erakusten ziguten. Nik ez dut kexarik haiekin. Frantsesez ikasten genuen. Egunero egiten genuen otoitz, eta, ostegunean, arrosarioa errezatzen genuen.

Zer moduz moldatzen zara orain frantsesarekin?

11 urte izan nituen arte ikasi nuen frantsesa. Euskaraz etxean eta lagun artean baino ez nuen egiten. Izan ere, mojek ez zekiten. Orain, zertxobait hitz egiten dut, baina asko ahaztuta daukat

Oñatitik, ordea, Alegiara (Gipuzkoa) joan behar izan zenuten, euskara erabiltzeagatik aita hara bidali zutelako zigortuta. Nola egokitu zinen hara?

Gu txikiak ginen, eta adin horretan erraz ohitzen zara gauza guztietara. Baina aitak oso gaizki pasatu zuen, asko sufritu zuen. Ez zuen ulertzen zergatik zigortu zuten. «Baserritarrekin nola mintzatuko naiz euskaraz ez bada?», galdetzen zion behin eta berriz bere buruari. Bera, gainera, sortzez Arbizuko [Nafarroa] baserri batekoa zen, eta dena egiten zuen euskaraz.

Sufriarazi ostean, handik denbora batera barkamena eskatu zioten...

Bai, halaxe da. Urtebete baino gutxiagora zigorraren berri eman zion gizona herrira etorri zen, eta barkamena eskatu zion. Horrekin batera, hainbat herriren izena agertzen zen zerrenda bat ekarri zion, eta esan zion aukeratzeko nahi zuen herria lanera joateko. Oñatitik gertuen Zumarraga [Gipuzkoa] zegoenez, hura hautatu zuen. Hasieratik oso ondo hartu gintuzten hemen. Aita oso maitatua izan zen herrian, batez ere baserritarren artean. Hil eta gero ere asko akordatu ziren harekin. Bihotz oneko gizona zela esaten ziguten.

Zuek ikasten jarraitu zenuten, Zumarragan. Batxilergoa egin ostean, aitak ikasten jarraitzera animatu zintuzten. Hori ez zen ohikoa emakumeen kasuan. Aitari oso eskertuta egongo zinen, ezta?

Familia xumea ginen, eta aitak beti esaten zigun lan egin behar genuela, baina lan bat topatzeko beharrezkoa zela ikasketak izatea. Berdin zitzaion semea edo alaba izan. Hark bazekien zein garrantzitsua zen ikastea, albaitari ikasketak egin zituelako Zaragozan. Gogoan dut anaietako batek lan egiteko eskuak zituela esan ziola, eta aitak erantzun zion aurretik ikasi egin behar zuela. Gehienek irakasle ikasketak egin genituen, Donostian.

Egun ohikoa izaten da, ikasketak amaitu eta atzerrira joatea ingelesa ikastera. Zu, ordea, salbuespena zinen garai hartan. Nolatan erabaki zenuen Erresuma Batura joatea irakasle ikasketak amaituta?

Irakasle eskolan musika irakasten zigun irakasleari behin baino gehiagotan aipatu nion hizkuntzak ikasi nahi nituela. Izan ere, nahiko ondo moldatzen nintzen. Hark esan zidan bazuela lagun bat, eta beharbada haren bidez lor nezakeela Erresuma Batura joatea ingelesa ikastera. Hala izan zen. Izugarrizko erraztasuna zuen hark hizkuntzekin. Ingelesez ez ezik, frantsesez ere bazekien. Harekin joan nintzen, eta asko erakutsi zidan.

Aldaketa handia izango zen Euskal Herritik Erresuma Batura joatea, ezta?

Bai, dezentekoa. Londresen bi egun eman nituen, eta handik Yorkshirera joan ginen. Herri txikia zen, han inguruan zeudenekin alderatuta, baina Donostiaren hirukoitza. Pentsa! Han emakume batekin egon nintzen etxean. Ama hil berri zitzaion, eta hari konpainia egin, eta ingelesa ikasten aritu nintzen. 41 urte inguru izango dira joan nintzela. Bi urte inguru eman nituen han. Gerora, oporrak nituen aldiro hara joaten nintzen, lagunak bisitatu eta ingelesa ez ahazteko. Gogoan dut han nengoenean, entzumena lantzeko umeentzat zegoen irrati bat jartzen nuela, ipuinak entzuteko.

Frankismo garaia zen. Nola bizi izan zenuen handik?

Egia esan, urrutitik. Ez genuen albiste handirik. Hona etortzean ere ahalik eta gauza gutxien jakiten saiatzen nintzen. Gose handia zegoela ikusten zen.

Familia joaten al zen bisitan?

Bi ahizpa etorri ziren. Bitxia bada ere, ni bisitatzera etortzearekin batera dentistarengana joateko aprobetxatu zuten. Izan ere, Zumarragan ez zegoen.

Lagunak eta ahizpak txundituta uzten omen zenituen ekartzen zenituen arropekin. Nolakoak ziren?

Hemengoarekin alderatuz, oso modernoa [kar, kar, kar]. Oraindik ere orduko arroparen bat gordeta daukat etxeko armairuren batean. Lagunei atentzioa ematen zien. Izan ere, arropa nork egin zidan galdetzen zidatenean, arropa denda batean erosi nuela esaten nien. Haiek harritu egiten ziren. Izan ere, orduan hemen arropa ez zen dendan erosten, baizik eta herriko jostunek egiten ziguten. Oso denda gutxi zeuden, eta asko, Donostian.

Orain itzuliko al zinen Erresuma Batura?

Ez dut uste. Gauzak asko aldatu dira, eta uste dut ez litzaidakeela gustatuko.

Handik itzuli zinenean, berehala topatu zenuen lana Orbegozo enpresak langileen seme-alabentzat zuen eskolan. Gustura aritu zinen lan horretan?

Oso gustura. Familia bat bezalakoa ginen. Izan ere, langile gehienak Espainiatik zetozen, eta hemen ez zuten seniderik. Umeak oso jatorrak eta zintzoak ziren oro har. Gaztelaniaz irakasten nien. Ondoren, gainera, bulegoan egin nuen lan. Orbegozon lan egiten zutenetako batzuk bizi dira oraindik, eta kalean elkar agurtzen dugu. Pena izan zen gerora enpresaren gainbehera ikustea. Ez bakarrik Orbegozorena, baita herriko beste enpresa askorena ere. Fabrika asko zeuden herrian, oso inportanteak, eta itxi egin ziren. Orain Arcelor Mittalekin gertatzen denak pena handia ematen dit.

Bulegoan lan egin arren, eskolak ematen jarraitu zenuen.

Bai, eskola partikularrak ematen nituen, ingelesekoak. Lan ziurra zen. Izan ere, orduan apenas zeuden ingelesezko irakasleak. Gero, pixkanaka, eskoletan hasi ziren ingelesa irakasten, eta, gero eta ikasle gutxiago nituenez, utzi egin nuen.

Irakasle gogorra al zinen?

Nik uste dut ezetz. Ikasleak saiatuak izatea nahi izaten nuen. Ez nien besterik eskatzen. Oso erraz hitz egiten da irakasleen gogortasunaz. Jarriko nuke bat baino gehiago irakasle lanetan. Gainera, oro har, errespetu handia ziguten, ez gaur egun bezala. Ikasle batzuek irakasleak nola tratatzen dituzten ikustean, eskuak burura eramaten ditut, eta neure buruari galdetzen diot: «Posible al da hori?».

Zure ahizpak ere aitzindariak izan ziren. Batxilergoa ateratzeko akademia bat jarri zuten herrian.

Halaxe da. Herrian ez zegoen instituturik, eta Batxilergoa ateratzeko azterketak Donostian egiten zituzten gazteek, era librean. Horiek prestatzen laguntzen zieten ikasleei nire ahizpek. Lan handia egin zuten, eta haiek ere oso estimatuak izan ziren. Izan ere, urteetan ez zen halako beste akademiarik egon herrian. Gurasoak harro zeuden, bai haietaz, baita gainontzeko seme-alabez ere.

Zuen artean ba al zen lehiarik?

Inondik inora. Beti egon zen oso lotura estua anai-arreba guztion artean. Denek desberdin irabazten genuen, baina soldata kobratzean etxean entregatzen genuen. Bakoitzak diru zati bat hartzen zuen bere gastuetarako. Hortik aurrera, dena denena zen.

Beti izan omen zara saltsera samarra. Nola sortu zitzaizun euskarara itzulitako Shakespeareren lanak Britainiar Liburutegira eramateko ideia?

Erresuma Batutik itzuli eta gutxira izan zen. Agustindarrak familiaren lagunak ziren. Tarteka etxera etortzen ziren, bazkaltzera. Horietako bat Benito Larrakoetxea apaiza zen. Hark esan zigun gustatuko zitzaiola liburuak Britainiar Liburutegira eramatea. Nik esan nion Erresuma Batura joaten lagundu zidan emakumeak, agian, jakingo zuela nola egin genezakeen hori. Galdetzeko esan zidan, eta oporretara hara itzuli nintzenean liburuak eta guzti joan nintzen. Zerbait lortuz gero abisatuko niola esan nion apaizari. Emakumeak txanda hartu behar zela esan zidan, eta ez zela erraza izango. Laguntza eskatu nion. Gustura egingo zuela esan zidan, baina eguna iristean nik egin beharreko gauza zela esan zidan. Lortuz gero nik izan behar nuela ohore hori.

Eta hain zaila izan al zen?

Haiekin hitzordua lotu, eta Britainiar Liburutegiko bulego batera joateko agindu zidaten. Han dokumentazio guztia eskatu zidaten. Nik azalpen guztiak eman nizkien euskararen inguruan, artean nahiko ondo moldatzen bainintzen jada ingelesez. Liburuen onarpenak denbora asko eskatzen zuela esan zidaten, lasai hartzeko. Baina handik bi hilabete baino gutxiagora onartuta zeudela esanez deitu zidaten. Ikaragarria izan zen. Niretzat oso gauza berezia izan zen. Izan ere, asko kostatzen den zerbait da. Munduko liburutegi garrantzitsuenetarikoa da. Ez nuen inondik inora espero gauzak hain azkar joango zirenik. Eskutitz bat eman zidaten. Kopia bat bidali nion Benito Larrakoetxeari.

Erlijioari lotuta sortu zitzaizun liburuak hara emateko aukera. Orain ere egunero joaten zara meza entzutera. Zer ematen dizu horrek?

Egunero joaten naiz mezetara. Haraino osteratxoa egiten dut, eta apur bat ibiltzen naiz. Izan ere, ondo datorkit, hankak nahiko gaizki ditut. Eguraldi ona eginez gero, buelta apur bat luzeagoa ematen dut. Mezaren ostean, beste emakume batzuekin batera aritzen naiz solasean. Pena da beste herri batzuetan gero eta jende gutxiago joatea mezetara. Zorionez, Zumarragan nik uste dut fedea ez dela horrenbeste galdu.

Oñati asko maitatu izan duzu. Orain, joaten al zara hara?

Duela pare bat urte arte joaten nintzen. Egun batzuk egiten nituen lagun baten etxean, eta Arantzazura joateko aprobetxatzen genuen. Pena handia ematen dit, eta asko sumatzen dut faltan harako bisita. Aurten joan nahi nuen berriz, irrikaz nengoen sorterrira joateko. baina hankak gaizki ditut.

BERRIAn argitaratua (2016/07/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA