astekaria 2016/07/22
arrowItzuli

bizigiro

Bisitaria 1936ko gerran murgiltzeko webgunea zabaldu du BERRIAk

Edu Lartzanguren

Bisitaria 1936ko gerran murgiltzeko webgunea zabaldu du BERRIAk

«Oroiteria-k ahanzturaren eriak jotako oroimenaren biltegia izan nahi du. Hortik izena», esan du Amagoia Iban kazetariak. 1936ko gerraren inguruko BERRIAren lan multimedia bat da Oroiteria, Ibanek koordinaturikoa. Testuak, argazkiak, musika, bideoak eta infografiak biltzen ditu. Gaurtik ikusgai da www.berria.eus/oroiteria atarian.

Gunean sartu bezain pronto, Jose Luis Zumetaren Gernika margo koloretsua ikusiko du bisitariak, eta Iban Urizar Amorante musikariak Harkaitz Canoren hitzekin sorturiko Oroimenaren fruitu kanta entzungo du. Horien gainean, mezu bat: 36ko gure gerra zergatik datzan ganbaratik ateratzeko zorian.

Esaldi horrek gidatuko du aurrerantzean bisitaria. Izan ere, hitz horiek dira gunearen atalen izenburua.

Horietako lehena 36ko gure gerra da. Ikus-entzunezkoak eta irakurtzekoak biltzen ditu. Bideoetan gerra bizi izan zuten lekukotasunak agertzen dira; Ahotsak.eus-ek azken urteotan bildutako elkarrizketetatik aukeraturiko zatiak dira. Tartean entzun daitezke Petra Goiti kontatzen bere ama nola eraman zuten kartzelara, eta Paxkuala Ormaetxea Hernaniko (Gipuzkoa) gerraosteko exekuzioen berri ematen.

Irakurtzekoen atalean, BERRIAn argitaratutako elkarrizketetako batzuk daude, Ibanek berak eta Jon Rejado kazetariak bildutakoak. Esaterako, Mirentxu Agirreri eginikoa dago irakurgai; faxistek exekutaturiko Fortunato Agirre Lizarrako (Nafarroa) alkatearen alaba da Agirre. Josefina Lambertoren kontakizuna ere hor dago: aita eta ahizpa nola hil zizkioten eta oraindik aitaren gorpuzkien bila nola dabilen kontatzen du.

Zergatik da hurrengo atala, eta militarren altxamendua testuinguru historikoan jartzen du. Gertaeren zergatiak azaltzen ditu, hainbat ataletan: Konspirazioa, Estatu Kolpea, Gerra eta Jazarpen makina.

Hobien mapa bateratua

Datzan atala lurpetik ateratakoei eta oraindik lurpean daudenei eskainitakoa da. Hobien mapa bat da, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroakoa. «Nik dakidala, lehen aldiz argitaratu da halako bat era interaktiboan; badaude Nafarroako Gobernuarena eta Jaurlaritzak egindakoa, baina lau herrialdeak batera hortxe daude», esan du Iban koordinatzaileak. Mikel P. Ansa arduratu da guneko mapez, Gaindegiaren kartografia espaziala erabilita.

Horrez gain, gerra fronteen eta bonbardaketen mapak eskaintzen ditu guneak.

Ganbara atalak «gure ganbaran gerraren inguruan zer gordeko genukeen azaltzen du», zehaztu du Ibanek. Kuttunak, Erretratuak eta Zeluloide puskak daude hor. Lehen sailean, fusilatuek senideei idatziriko gutunak daude: esaterako, 64.160 zenbakidun milizianoaren plaka eta Lauaxetak fusilatuko zuen pelotoiaren aurrean kendu zuen berokia. Aura indartsua duten objektuak, alegia.

Erretratuetan, protagonistak, gogo betekoak eta nahigabekoak: Ezkabako Gotorlekuko (Nafarroa) presoak patioan, ihesaldi hilgarria gertatu aurretik, Agustina Berriri 96 urteko iheslari ondarroarra, Nafarroako Gerra Junta Karlistako buru irribarretsuak, Franco, Hitler, Ciano kondea...

Film zaharren atala oso aberatsa da: Italiako albistegi faxistetako esataria tropa frankistak erakusten, Iruñetik Donostia hartzeko bidean. Iheslari saldoak Irunen (Gipuzkoa), Eibar (Gipuzkoa) suntsitua, Francoren propagandako filmak...

«Bisitaria murgiltzeko diseinua bilatu dugu», adierazi du Pello Urzelai koordinatzaile teknikoak. Nabigazio bertikala eta horizontala erabili dute, esploratzeko aukera ematen duena, batez ere «giro bat» sortzen duena.

Aholkulari talde zabala izan dute gunea osatzeko: tartean, Eneko del Amo, Iñaki Egaña, Emilio Majuelo eta Fernando Mendiola. Azken atala falta du guneak. Udazkenerako egongo da prest. «Memoria berrosatzeko lana alerik onenak emateko dago oraindik. Horretan ari da lanean hamaika eragile», idatzi dute gunearen sortzaileek. Horretan laguntzeko dei egin dute.

BERRIAn argitaratua (2016/07/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA