astekaria 2016/07/22
arrowItzuli

bizigiro

Sigla aldaketa irrati uhinean

Lander Muñagorri Garmendia

Sigla aldaketa irrati uhinean

Batez ere, bi aukera eskaintzen dituzte etxeetan egoten diren irrati aparatuek: AM edo FM. Frekuentzia horietako bat aukeratu behar izaten da irrati seinalea harrapatzeko, baina bien artean off dioen beste botoi bat ere egoten da maiz. Normaltzat hartzen dira aukera horiek, baina Norvegian ezingo dute halako hauturik egin denbora gutxi barru. Off botoiari sakatuko dio bertako gobernuak 2017a hastearekin batera, eta ezingo da FM edo AM artean aukeratu. Biak itzaliko baitituzte. Entzuleen artean hain ezagunak bihurtu diren bi sigla horiek desagertuko dira horrela, baina, horien ordez, beste bat gailenduko da: DAB+ edo irrati digitala. Munduan hamaika egitasmo abiatu dira irrati digitala ezartzeko, baina ia denak ezerezean geratu dira, edo abiada mantsotu dute. Norvegiakoa izan ezik. Era horretan, irrati analogikoa itzali eta digitalari bide emango dion lehen herrialdea bihurtuko da.

Aitzindaria izango da, eta, beharbada, baita gainerako herrialdeentzako eredu ere. «Herrialde txikia da, hala ere, eta Europan eragin murritza dauka», azaldu du Gorka Zumeta kazetari eta komunikazioan adituak. Lehen urratsa eginda dago, ordea, eta hori da garrantzitsuena haren ustez, «teknologiak jarraitu beharreko bidea» delako. Hau da, bere garaian telebistak analogikotik digitalera egin zuen urratsa irratian errepikatu beharko litzatekeela dio. Hain zuzen, ohiko frekuentziek baino kalitate hobea eskaintzen duelako digitalak, irudiak txertatzeko aukera, eta irrati kate gehiago entzun ahalko direlako sistema horrekin.

Baina, aldaketa hori egiteko garaian, «irrati kateek inbertsio handiak egin behar dituzte teknologia berrira egokitzeko, eta, ziurrenik, egungoa bezalakoa izango ez den merkatu batean murgiltzeko». Izan ere, irrati kate gehiago egoteko aukera egonda, lehia handitu egingo litzateke, eta hori «ez da ohiko irrati kate komertzialen gustukoa», Zumetaren esanetan. Eta, horregatik, digitalizazio prozesu asko mantsotu egin dira, edo, besterik gabe, ez dira abiatu ere egin.

Digitalizazioan urrats handirik ez egiteko beste arrazoien artean autogintzak ere badu zeresana. Gaur-gaurkoz, irratiaren kontsumo erdia autoetan egiten da FM frekuentziaren bidez, eta hori itzaltzeak zuzenean eragingo lioke kontsumoari. Irrati kate komertzialek digitalizazioa begi onez ez hartzeko beste arrazoi bat da entzule kuota jaitsiko dela. Baina autogintza sektoreak ere ez daki nola jokatu joera berri horren aurrean, «eta, esperimentazioetan sartu baino lehen, nahiago dute bazterrera utzi», Zumetaren arabera. Norvegiako prozesuan ere oztopo bat izan da aldagai hori, eta erdibideko irtenbide bat topatu diote: gailu eramangarriekin konektatzea. Baina uste du autoetako irratiak multibanda izan beharko duela. Hau da, FM, DAB+, Interneterako konexioarekin... «Hori izango da etorkizuna». Autoetan bezala, etxeko tresnen konpainiek oraingoz ez dute biderik ikusten irrati digitalak ekoizten hasteko, irrati kateek DAB+en apenas emititzen baitute, eta irrati kateek diote gailu horiek ez daudela behar adina zabalduta sistema horretan emititzen hasteko. «Sorgin gurpil bat sortzen da horrela, alde bakoitzak besteari egozten diolako digitalizazioa ez garatzearen ardura». Eta horrekin apurtzeko beharra ikusten du.

Horretarako, Zumetak Europari begiratu dio. Kexu da Zumeta, irratia digitalizatzeko garaian Europako Batasunak gaiaren inguruko eskumena herrialdeen esku utzi baitu, «telebistaren kasuan ez bezala». Telebistaren digitalizazioa sustatzeko analogikoa itzaltzeko epemuga bat jarri zuen EBk, baina irratiarekin ez da halakorik gertatu. «Era horretan, herrialde bakoitzean komunikabide handiek ez dute aurrera pausorik eman nahi izan, eta horrek digitalizazioa atzeratu besterik ez du egin». Horregatik, Europari eskaera egin dio irratiaren digitalizazioan esku har dezan.

Norvegiako kasua, ordea, bestelakoa da. Beharrak bultzatuta hartu dute erabaki hori. Haran asko dituen herrialdea da, eta horietako bakoitzean antena bat jarri behar da FM seinalea iristeko; gaur egun ez dago haran guztietan. Hori dela eta, FM frekuentzia ez dago herrialde osoan berdin garatuta, eta hori izan da digitalizazioa bultzatzeko arrazoietako bat. Hori, eta gobernuak urtero 25 milioi euro aurreztuko dituela irrati analogikoa emititzeko antenak kendu eta sistema digitala martxan jarri ostean. Kasu berezia da horregatik guztiagatik, baina, hala ere, bidea urratzen lehena.

Irrati kolektiboak, zalantzan

Irrati digitalaren onuren artean, irrati kate gehiagorentzako lekua egongo dela nabarmendu dute aldeko ahotsek. Eta horretarako arrazoiak egon badaude, gaur egun FM frekuentzia beteta egonda ez baitago kate gehiagorentzako lekurik. FMn irrati kate bat sartzen den lekuan digitalean bost kabitzen dira. Horregatik, kate berrientzako lekua egongo litzateke irrati digitalean, baina trantsizio hori ez litzateke bideragarria izango denentzat. Irrati komertzial asko erabakiaren aurka agertu dira, inbertsio handia egin beharko zutelako teknologia berria eskuratzeko. Inbertsio hori irrati txikietara eramanez gero, digitalizazioak horietako asko ixtea eragingo luke. «Irrati txiki askok ezingo liokete egoera berriari aurre egin, eta itxi egin beharko lirateke», azaldu du Jon Aranburu Arrosa irrati libreen sareko koordinatzaileak. Berez, ez du begi txarrez ikusten digitalizaziorako pausoa, baina FM frekuentzia itzaltzea muga bat dela dio. Azken finean, irrati txikiak izango direlako galtzaile. «FMn irratia egitea ez da hain garestia», haren esanetan, anplifikatzaileak «modu duin batean lor daitezkeelako». Horregatik, erdi bideko aukera bat aztertu beharko litzatekeela dio.

Digitalizazioak aurrera eginez gero, egoera berrira egokitzeko herri irrati edo komunitarioek bat egin beharko lukete, Mikel Etxebarria Radiokultura irratiko kidearen arabera. «Satelitea alokatzea garestia da, baina gastuei aurre egiteko bide bat bilatu beharko litzateke, denen artean aurrera egiteko», dio. Ipar Euskal Herrian, esaterako, halako bide bat aztertzen hasi ziren. Frantziako Gobernuak hiru lurraldetan DAB+ sistema zabalduko zuela iragarri zuen, eta, egoera berrira egokitzeko, hitz egiten hasi ziren, «baina, oraingoz, atzera egin dute, eta bere hartan geratu da kontua». Baina garbi dauka horrela izango balitz zeinek izan beharko lukeen bidea. Horrek ez du esan nahi irrati asko desagertuko ez liratekeenik. «Frantzian, esaterako, badira 1980ko hamarkadatik datozen irrati komunitario asko, lagunen artean hasi zirenak, eta instalazio zaharrak dituztenak; horietako asko ez daude irrati libreen sareetan sartuta, eta, ziurrenik, desagertu egingo lirateke».

Bat egitea, edo Interneterako saltoa egitea izango litzateke beste alternatiba bat. Arantza Gutierrez EHUko irratigintzako irakaslearen ustez, herri irrati eta komunitario askok bide hori hartuko lukete bizirik jarraitzeko. «Irratiaren etorkizuna sakelako telefonoetan ikusten dut, eta ez sistema berri honen bidetik». Alegia, streaming bidezko emisioen bidetik ikusten du geroa. Etxebarriak parte hartzen duen Radiokultura irratiak, esaterako, ez du FMn emititzen, dena Internet bidez egiten dute. Kontsumitzeko beste modu bati erantzuten dio hautu horrek, baina, Arrosa sarearen parte diren heinean, euren edukiak beste irrati libre batzuek ere emititzen dituzte. Bide hori ere izan daiteke, beraz, irrati txikientzako beste irtenbide bat.

Abiatzen ez den proiektua

Norvegia aitzindaria izango da irrati digitala abiatzen, eta atzetik etorriko dira beste zenbait herrialderen saialdiak. Zumetaren esanetan, eragin murritza izan dezake kasu horrek, baina haren atzetik Danimarka, Suitza, Suedia eta Alemania etorriko direla dirudi. 2025. urterako, teknologia hori zabalduko dute herrialde horietan. Hala ere, oraingoz, Euskal Herrian egoera lasai dago.

Espainiako Gobernuak digitalizaziorako lehen proposamena egin zuenean, Gutierrezek esan zuen hilda jaio zela, eta, gaur egun «hilda ez dagoen arren, garatu gabe dago». Hain zuzen, Europan irratia digitalizatzeko lehen urratsak Espainiak egin zituen 2000. urtean. Jose Maria Aznarren gobernuak DAB+aren lehen frekuentziak eman zituen, eta seinalea estatu erdira iristea izan zuen helburu. Baina komunikabide talde handiek ez zuten interesik izan egitasmoan, Zumetaren arabera, eta, pixkanaka, bide hori amaitu egin da. 2011n, kobertura %20ra jaitsi zuen gobernuak, eta, egun, proiektua geldirik dago. Frantziak, berriz, 2023. urterako hedatu nahi du sare digitala, eta, horretarako, lehen probak egin ditu bost hiritan. Iparraldera ere zabaldu nahi izan du, baina deialdia bertan behera geratu da behin-behinean.

Sare digitala hedatu aurretik, ordea, egungo FM lizentzien banaketa behar den bezala egiteko eskatu du Aranburuk, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere, «berebiziko hondamena» dagoelako. Nafarroa eta Iparraldean banaketa orekatuagoa dela dio, baina EAEn duela bost urte egindako lehiaketa bertan behera geratu zen. «FM ondare komun bat da, eta guztiok daukagu erabiltzeko eskubidea; irrati handi zein txikiek denok dugu eskubidea baliabideak modu berean erabiltzeko».

Edozein moduz, digitalizazio prozesuak urrun ikusten dira Euskal Herrian, baina auzi hori behar bezala konpondu arte salto hori egitea «eromena litzateke». Horretarako denbora badago, ordea, oraingoz irrati digitala iristeko denborak pasatu beharko du eta.

BERRIAn argitaratua (2016/07/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA