astekaria 2015/10/30
arrowItzuli

kultura

JARRAITUTASUN FALTAN

Igor Susaeta

JARRAITUTASUN FALTAN

Komikia modan zegoela adierazi zuen Dani Fano komikilariak (Donostia, 1968) duela hiru urte pasa. Ikastolen Elkarteak 2005etik argitaratzen duen Xabiroi aldizkariaren koordinatzailearentzat, komikien estilo eta gai sorta, behintzat, duela 30 urte baino zabalagoa da egun; baita euskaraz kaleratutakoetan ere. Asko ez dira, baina, euskaraz sortutako liburuak; aurten, esaterako, lau baino ez dituzte argitaratuko. «Euskarazko komiki hain gutxi argitaratzen denez, zaila da euskarazko komikigintzaz hitz egitea», Fanoren iritzian. Unai Iturriaga bertsolari, komikigile eta gidoilariaren ustez (Durango, 1974), ordea, existitzen da euskarazko komikigintza, euskal komikilariak badaudelako. «Baina oxigeno bonbonarekin irauten ari dira urte askoan». Fanorentzat, dena den, kontua ez da argitalpen kopurua, horien «jarraitutasuna eta egonkortasuna» baizik. Bat dator Iturriaga: «Gauza ez da gaur album bat ateratzea, hurrengo urtean ez, bestean bai... Horrela zaila da». Zaila, egonkortasun, jarraitutasun, are ikusgarritasun hori lortzea. Eta pentsatzen dute argitaletxeen ardura ere badela hori. «Euskalgintzan aritzen diren argitaletxeek ez dute erronka hori hartu oraindik», dio Fanok.

Txalaparta argitaletxeko editorea da Mikel Soto (Iruñea, 1978); komikizalea bera. «Komikigintzari toki gehiago egitea agendan daukagun zerbait da». Bi dira, ordea, arazoak: batetik, merkatu falta; bestetik, bai sorkuntza prozesua eta bai lanen inprimatzea garestiak direla. Hortaz, argitaletxeei merkeago ateratzen zaie kanpoko lan bat itzultzea. Txalapartak, esaterako, bi dauzka bere katalogoan: Jose Carlos Fernandesen Munduko bandarik txarrena (2013) eta Paul Austerren nobelan oinarrituta David Mazucchelli eta Paul Karasikek komiki bihurtutako Kristalezko hiria eleberria (2006).

Soto behin bakarrik ahalegindu da «hemengo» egile bati enkargu bat egiten. «Eta aurrekontua izutzeko modukoa zen [barrez]! Ezin izan genuen publikatu. Gidoi bat proposatu ziguten, eta marrazkiak beste norbaitek egitea». Iturriagak badaki komikiaren sorkuntza lana garestia dela. «Euroak zenbatzera dedikatzen direnentzat ez da errentagarriena. Baina, apusturik egin gabe, ez dago frogatzerik. Gainera, nik dakidala, egin diren apustuak ez dira defizitarioak izan. Xabiroi-koen berri badut, eta ziur nago Black is Beltza [Fermin Muguruza, Harkaitz Cano eta Jorge Alderete] ez zela defizitarioa izan. Beste gauza bat da lan gehiago eskatzen duela, jarraipen handiagoa».

Komikiak, baina, badu egun prestigio bat. «Hori dirudi», Iturriagaren hitzetan. «Eskaparateetan, presentzian, baietz dirudi, baina ez dakit horrek benetan salmentetan zer esan nahi duen». Bilboko Joker liburu dendaren jabea eta Astiberri komiki argitaletxe entzutetsuaren sortzailea da Fernando Tarancon (Bilbo, 1971). «Naturaltasunez hitz egiten da komikiaz. Zerbait egin da aurrera. Liburu dendan lehen sartzen ez zen jendea sartzen da. Kultura kontsumitzen duenarentzat, komiki bat, nobela grafiko bat erostea, beste aukera bat da, zinemara joatea edo nobela bat erostearen modukoa». Liburu denda askotan egoten da komikiarentzako gunea, eta horietan euskarazko komikiaren «berezitasun ageriko bat» sumatu du Fanok: «Euskaraz idatzita badago, haurren txokora kondenatura dago ezinbestean». Fanok berak idatzita eta Guillermo Gonzalezen marrazkiekin, Ikastolen Elkarteak Kortsarioen ostatua liburua kaleratu du —2007tik urtero bat plazaratzen du, urte osoan Xabiroi-n argitaratutako istorioekin—, eta horretan «torturak, exekuzio basatiak eta hilketak» ageri dira. «Halere, haurrentzako literaturaren gunean ikusi dut salgai. Hori ez zitzaion inola ere gertatuko kortsarioen nobela bati, eta ezta gaztelaniazko komiki bati ere!».

Kultura gabezia

Iturriagaren aburuz, hori gertatzen da kultura faltagatik. «Irungo muga pasatu eta Iparraldean sartzearekin bat, beste unibertso bat da komikiarena». Baina inkultura ere nabaritzen du. «Gauzak ez direlako behar den tokian jartzen. Marrazkiak haurrekin asoziatzea oso ondo dago, baina haurrekin bakarrik... Ohitura eta kultura falta da». Frantziako ereduari heldu dio, era berean, Ainara Azpiazu Axpi komikigile eta ilustratzaileak (Hernani, 1980): «Muga pasatu eta berehala ohartzen zara estatu frantziarrean oso bestelako papera betetzen duela komikigintzak. Haur zein heldu ikusten dira komikiak irakurtzen, eta komikiak bakarrik saltzen dituen denda asko dago edozein hiritan. Parisko liburu denda handietan solairu oso bat komikiekin osatuta zegoela ikusi nuenean, zur eta lur geratu nintzen!».

Duela hamar bat urte hasi zen Axpi komikiak irakurtzen. «Komikiak egiten hasi nintzen irakurtzen hasi aurretik». Badaki ez dela ohiko bidea, baina atzera begiratuta, uler dezake zergatik jokatu zuen horrela. «Uste dut nerabezaroan inguruan nituen komikien rol femeninoak ez zitzaizkidala erakargarriak egiten, baina, nolabait, komikiari ikusten nion potentziala». Pixkanaka, egitearekin batera, beste era bateko komikiak ezagutzen hasi zen. «Beste istorio batzuk kontatzen zituztenak, eguneroko gaiak jorratzen zituztenak, biografiak edo nobela tankerakoak». Eta Camile Jourdy egilea deskubritu zuen. «Haren Rosalie Blum izan zen niretzat komiki ezberdin baterako saltoa. Maitemindu egin nintzen, eta horren atzetik lan asko etorri ziren. Orduan bai, erabat zaletu nintzen». Iturriagari ere iruditzen zaio komikigintzan «oro har» egon diren estereotipoak ez direla errepikatzen edo ez daudela agerian. «Azken urteotan gauza oso ezberdinak argitaratu dira». Pentsatzen du Astiberri etxekoek asmatu dutela, esaterako, formatuarekin, komiki motarekin. «Aldendu dira mangatik, superheroietatik, Marvelen eredutik, eta komikiari beste leku bat eman».

Taranconek 2001ean eratu zuen Astiberri, Bilbon, Laureano Dominguez eta Javier Zalbidegoitia lagunekin batera. Hamalau urte geroago, komiki argitaletxe inportantea da, eta Espanian, esaterako, ospe handiena duena. Hasi ziren nazioarteko komikigile ezagunen obrak gaztelerara itzulita argitaratzen, baina egun kaleratzen dutenaren erdia baino apur bat gehiago lan originalak dira; batez ere gaztelaniaz lan egiten dutenenak: Paco Roca, Alfonso Zapico, Alvaro Ortiz, Santiago Garcia... Laurehun bat liburu dauzkate argitaratuta —40 bat kaleratzen dituzte azken urteotan urtero—, eta hasieran ahalegindu ziren euskaraz ere kaleratzen. «Baina ez genuen asmatu ez horiek mugitzen, ez defendatzen, eta pena ematen zigun bideragarritasunik ez zuten lanak merkatuan jartzeak». Beraz, ideia alboratu zuten. Duela bizpahiru urte, aldiz, etxeak «gaitasun handiagoa» zuela ikusita, berriro ahalegintzea erabaki zuten. Geroztik, euskarara itzulitako hiru lan jarri ditu salgai Astiberrik: Baleak ikusi ditut (Javier de Isusi), Maria eta biok (Miguel Gallardo) eta Zimurrak (Paco Roca). Durangoko Azokan Zapicoren Dublindarra plazaratuko dute. lan guztiak Bego Montoriok itzuli ditu.

Hamabost urteotan, ordea, ez dute jatorriz euskarazkoa den lanik argitaratu. «Ez zaigulako iritsi kaleratzen dugunaren adinako kalitatezko obrarik. Baina egile batek gure estiloarekin bat egiten duen lan bat ekartzen badigu, ez dago arazorik». Dena den, merkatu eta zabalkunde arrazoiengatik lan bera gazteleraz ere argitaratuko luketela dio. Astiberrik bilatzen ditu «komiki irakurlearengan» zentratuta ez dauden obrak. «Kulturalki jakin-nahia duen publikoa nahi dugu».

Txalapartaren ekarpena

Literaturak baino irakurle gutxiago dauzka komikiak, hala eta guztiz ere, Sotoren hitzetan. «Komikiarekin arriskatu egiten zara». Munduko bandarik txarrena, adibidez, jendeari asko gustatu zitzaiola dio; kritikak oso onak zirela, baina salmentak «negargarriak». Itzulpena ez denean, prozesua bestelakoa da. «Alde batetik, zuk dirua lortu behar duzu gidoi hori egin duenarentzat eta baita irudigilearentzat ere». Inbertsio hori balekotzat emateko, «ale asko» saldu beharko lituzkete.

Duela bi urte, baina, Maite Gurrutxagak eta Dejabu Panpin Laborategikoek Habiak liburua «ia-ia» egina eskaini zioten Sotori; hau da, sormen prozesua gauzatuta zegoen. «Hori orduan bakarrik gertatu zait. Zoragarria izan zen. Lan batzuk ordainezinak dira. Asko poztu nintzen Ilustrazioko Euskadi saria irabazi zuenean [2014]. Guk zerbait ordaindu genion, baina nik badakit zer-nolako lana egin zuen...».

Ez da ohikoena egileek haiengana lana aurreratua dutela jotzea. «Nola egin? Lagin bat egiten duzu? Nik ez nituzke marraztuko 50 orri aurrez jakin gabe norbait argitaratzeko prest ote dagoen». Txalapartak egile euskaldun baten proiektu bat dauka esku artean. «Uste dut aterako dela. Gidoia oso ona da. Gaiagatik eta egileagatik, uste dut kaleratuko dugula». Berez zinemarako pentsatuta zegoen istorio bat da, azkenean ez zena molde horretan gauzatu, «baina komiki gidoi bihurtzea oso erraza zena».

Txalapartak egin du,Sotoren iritziz, irudigintzaren aldeko apustua. «Agian horretan dabilen argitaletxe bakarra edo bakarrenetarikoa gara euskaraz». Izan ere, Euskal Herrian ekoizpena «bereziki handia» ez denez, kanpora begira ari dira Soto-eta. «Kanpoan gure argitaletxearekin kaleratzeko moduko komikiak aurkitzea ez da erraza: batetik, profil bateko lanak nahi ditugulako; bestetik, ez daukagulako hainbesteko esperientziarik horretan». Hainbat jenderi esan diote zerbait interesgarria ikusten baldin badute, abisatzeko. «Dani [Fano] da horietako bat».

Fano Xabiroi zuzentzen dabil. 39. zenbakia argitaratuko dute abenduan —«700-1.000 ale inguru saltzen dira», eta iruditzen zaio apustu kontua dela. «Euskalgintzan aritu diren argitaletxeek haur literaturaren alde egin dute; horixe daukagu. Halere, guztiontzako lekua dago». Pentsatzen du Ipurbeltz haurrentzako aldizkaria desagertu zenetik «zulo handia» dagoela. Erein argitaletxeak kaleratu zuen: 362 zenbaki 1977 eta 2008 artean. Badaki Euskal Herrian inoiz ez direla argitaratuko urtero 40 komiki liburu, baina 10-12rentzako irakurleak badaudela.

Hori hala den ala ez ikusi ahal izateko, eta «lana aurreratzeko», norbaitek «inbertitu» egin behar duelakoan dago Iturriaga: «Beste gauza batzuekin gertatu bezala, denbora behar da egoerari buelta emateko. Baina, horretarako, produktuak egon egin behar du; jendeak eskura eduki behar du. Beste toki batzuetan nola funtzionatzen duen ikusi, eta helburuak jarri epe ertainera. Hori litzateke egokiena». Jarraitutasuna lortzeko.

BERRIAn argitaratua (2015/10/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA