astekaria 2016/07/15
arrowItzuli

gizartea

Galderak, erantzunak baino gehiago

Iñaki Petxarroman

Galderak, erantzunak baino gehiago

Araban tren lasterraren obrak hasi eta hamar urtera, ez atzera ez aurrera dago proiektua. Finantzaketa bermatu ezinik, obrak noiz bukatuko diren aurreikustea ezinezkoa da gaur egun. Ondorengo lerrootan, proiektuak sortzen dituen zalantza nagusiak jaso ditu BERRIAk.

NOLA DAUDE 'EUSKAL Y'-AREN LANAK?

Zalantzarik gabe, AHTaren Euskal Y-a dago aurreratuen. Datu zehatzik ez badago ere, proiektuaren plataformaren %60 bukatuta dagoela esan daiteke, eta 3.000 milioi euro inguru gastatuta. Beraz, gainerako %40 egin gabe dago, eta, gainera, ez da egiteko erraza.

Izan ere, Bergarako lotunearekin gertatu denak ez du etorkizun oparorik iragartzen proiektuarentzat. Iazko udan adjudikatu zituzten lotuneko bost zatiak, aurreikusitako aurrekontuaren erdian ?558 milioiko aurrekontua zuten, eta 296 milioitan eman zizkieten obrak enpresei?. Geroztik, baina, enpresek ikusi zuten ezinezkoa zutela prezio horietan lanak egitea, eta hainbat aldaketa eskatu zizkioten Sustapen Ministerioari. Hark ez zuen onartu, eta, berriki, kontratuak baliogabetu ditu. Noiz arte? Zaila da asmatzea. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek adierazi dutenez, Sustapen Ministerioak berak jakinarazi die 2017ko udarako-edo hasi nahi dituztela lanak. Horretarako, askoz garestiagoa eta azkarragoa den zulatzaile baten bidez egin nahi dute obra osoa, baina ez da aise sinestekoa, 300 miloi ordaintzeko zailtasunak izan badituzte, zailtasunik gabe egingo dutela 500-600 milioi euroko kontratua.

Gainerakoan, Gipuzkoako obrak doaz abiadurarik bizienean ?Jaurlaritzak aurreratzen ditu, eta ondoren dirua kupo bidez Madrili deskontatu?. Jaurlaritzaren asmoa da 2016aren amaieran zati horren obraren %80 amaituta egotea.

NAFARROAKO KORRIDOREA?

Nafarroako korridorearen obrak geldirik daude; Zaragoza-Castejon zatia guztiz etenda. Sustapen Ministerioak 2011n hasi zuen zati horretako jendaurreko erakusketaren tramitea, eta horretan da.

Nafarroan hasitako Castejon eta Iruñe arteko zatia ere ez aurrera ez atzera dago. Hamabost kilometroko tarte bat egin zuen UPNren gobernuak, Castejon eta Alesbes artean, eta hor geratu da. Finantzaketa arazoak daude horretan ere, eta Manu Aierdi Ekonomia kontseilariak salatu du Madrilek 30 milioi zor dizkiola Nafarroari obra horregatik.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du ez duela jarraituko Castejon eta Iruñera arteko zati horrekin, Madrilek argitu arte zer egingo duen Zaragoza eta Castejon arteko zatiarekin. Gainera, egungo gobernua babesten duten alderdien artean desadostasunak daude AHTaren inguruan, eta zaila ematen du, agintaldi honetan behintzat, obrarekin jarraitzeak. Bitartean, gobernuak azaldu izan du bere gogoa Etxebakoizko geltokiaren proiektua atzera ere abiatzeko. Aldi berean, proiektua tiraderatik atera, eta jendaurrean jarri zuen Iruñea eta Euskal Y-a lotzeko egitasmoa. Hainbat udalek zuzenketak jarri dizkiote, eta, oraingoz, horretan da tramitea.

FRANTZIAREKIKO ETA ESPAINIAREKIKO LOTURAK?

2013an erabaki zuen Parisek Akize eta Hendaia arteko AHTaren lotura ez zuela lehentasunezko proiektu eta, gutxienez 2032ra arte ez ziela ekingo zati horretako lanei. Horrek esan nahi du urte batzuetan behintzat ez dela AHT lerro berririk izango Ipar Euskal Herrian. Aurten, Frantziako Gobernuak oniritzia eman die Bordele-Akize eta Bordele-Tolosa AHT zatiei, onura publikoko izaera emanda. Cadek eta AHTaren aurkako Ipar Euskal Herriko mugimenduak erne hartu dute albiste hori, etorkizunean Lapurdira hel daitekeen proiektuan izan dezakeen eraginagatik.

Gasteiz eta Burgos arteko zatian ere izan dira berriak aurten: tarte horren azterketa informatiboa egitea onartu du Sustapen Ministerioak. Proiektuak 2.143 milioiko aurrekontua izango du. Hain zuzen ere, tramite horren berri ez diola eman kexa egin du Arabako Foru Aldundiak, nahiz eta ibilbidearen hogei kilometroko zatia Arabatik igaro. Ika-mika sortu da, zati hori Gasteizko mendietatik egiteko asmoa daukalako ministerioak.

NOIZKO EGONGO DA BUKATUTA 'EUSKAL Y'-A?

Askotan egindako galdera bada ere, erantzuteko inoiz baino zailago dirudi orain. Zailtasun politiko, tekniko eta finantzarioen ondorioz, obrak amaitzeko epea atzeratuz joan dira gobernuak agintaldiz agintaldi. Azken lau urteko honetan Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak hitzeman zuen 2019rako amaituta egongo direla lanak, baina ezinezkoa izango da epe hori betetzea.

Dagoeneko, obraren amaierarako data gisa 2021 aipatzen ari dira agintariak, baina hori ere ez da erraz ikusten. Izan ere, hiriburuetako sarreren proiektuak oraindik definitzeko daude. Eta sarbideok kontuan hartu gabe ere, Bergarako lotuneko lanek lau-bost urteko iraupena izan dezakete, hasi eta amaitzeko. Beraz, 2017ko udan hasiz gero, eta, dena azkar joaten bada, 2021erako amai ditzakete lanak.

Aditu asko aipatzen ari dira, dagoeneko, errealistena dela pentsatzea 2025erako-edo amai daitekeela Euskal Y-a, baldin eta finantzaketa aldetik arazo gehiago izaten ez badu.

ETA HIRIBURUETAKO SARRERAK?

Proiekturik ere ez dago oraindik. 2015aren amaieran erakundeen arteko batzorde bat eratu zuten AHTa hiriburuetan nola sartuko den aztertzeko, eta geroztik hor ikusi dira instituzioen arteko desadostasunak. Jaurlaritza eta Bilboko Udala, esaterako, Bizkaiko hiriburuko sarrera eta geltokia lur azpian egitearen aldekoak dira, lanak garestiagoak eta teknikoki zailagoak izan arren. Horrek aukera emango lioke udalari Abandoko gaur egungo trenbidearen orubea (60.000 metro koadro inguru) hirigintzarako irabazteko. Sustapen Ministerioa ez dator bat proiektu horrekin, baina euskal erakundeek finantzatzen laguntzeko prest daudela esan diote.

Eusko Jaurlaritzak eskatu du hiriburuetako sarreretako obren lanean esku hartzeko, bai zuzendaritzan, bai eta exekuzioan ere. Edozein kasutan, tramiteak hasierako fasean daude. Adibide baterako, oraintxe ari dira berritzen egungo Abandoko geltokiaren aparkaleku bat, nahiz eta Jaurlaritzak proposatzen duenaren arabera, hor etxebizitzak egin beharko liratekeen lur azpiko geltokia egiten dutenean.

BIDERAGARRIA IZANGO AL DA EKONOMIKOKI?

David Hoyos EHUko irakasleak eta Germa Bel Bartzelonako Unibertsitatekoak egindako ikerketaren arabera, AHTak ez du ez errentagarritasun sozialik ez ekonomikorik. Europako Batasunak gogor egin du Espainiako azpiegituretako politikaren aurka, tren lasterretan egindako gehiegizko inbertsioa kritikatuz. Besteak beste, horrek eragin du Trenbide Azpiegituren Kudeatzailean, Adifen, 15.000 milioiko zorra.

Euskal Y-ari dagokionez, kilometroko 6.000 pertsonako erabilera izango du, aurreikuspen baikorrak betez gero. Madril-Sevillak 14.000koa du, Paris-Lyonek 59.000koa eta Tokio-Osakak 235.000koa. Erabilera horrekin, Hoyosek eta Belek diote ezinezkoa dela ekonomikoki errentagarria izatea. «Urtean 2,5 milioi erabiltzaile baditu ?Jaurlaritzaren hipotesi baikorra?, zerbitzua ustiatzeak 40 milioi euro kostatuko zaie erakundeei urtean, txartelak 10 euro kostatzen badira». Bien arabera, ia ziurtzat jo daiteke zerbitzuaren ustiapena defizitarioa izango dela, eta aurrekontu publikoen ekarpena beharko duela.

BERRIAn argitaratua (2016/07/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA