astekaria 2016/07/15
arrowItzuli

gizartea

AHTaren geltokiak, hotz

Jon Rejado

AHTaren geltokiak, hotz

AHTaren sustatzaileen kezkak aldatuz joan dira, urteen joanarekin: ibilbidea, lanen bilakaera, aurrekontua, atzerapenak... Badira urte batzuk hamaikagarren buruhauste bat argitu nahian dabiltzala: zein izango diren tren azkarra Hego Euskal Herriko hiriburuetan sartzeko moduak. Gaia mahai gainean aspaldi badago ere, egitasmoak hotz daude. Oraindik ez dago proiektu bakar bat ere Espainiako Sustapen Ministerioarekin onartuta.

Azken urtean proiektuek bultzadak jaso dituzte zenbait eremutatik. Eusko Jaurlaritzak ekimena hartu du. 2015eko irailean, Ana Oregi eta Bilboko, Gasteizko eta Donostiako alkateak elkartu ziren Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroarekin, egitasmo horiek bultzatzeko asmoz. Hiru giltzarri finkatu zituen Oregik: lanak gehiago ez atzeratzea, aurrekontura egokitzea, eta «arrazoizko prezioetan» egitea. Hamar hilabeteren buruan, ez da asko aurreratu. Behinik behin, gaia hauspotu nahian, Jaurlaritzak asmoa azaldu du hiriburuetako geltokietako lanak berak egitekoa, Euskal Y-aren Gipuzkoako adarrarekin egiten ari den bezala. Eskari horixe helarazi dio Espainiako Gobernuari. Hona, hiriburuka, egoera:

GASTEIZ

Hiru proiektu mahaian

Hego Euskal Herriko hiriburuen artean, egitasmoa finantzatzeko akordioa duen hiri bakarra da. 2010eko martxoaren 6an irudikatu zuten adostasun hori. PSOE zegoen Espainiako Gobernuan, Eusko Jaurlaritzan, eta Gasteizko Udalean. Akordio horren arabera, lurperatuta sartuko litzateke trena hirian. Tunelaren aho bat Zurbaon egongo litzateke, eta bestea Oto hiribidean. Geltokia ere lurperatuta egongo litzateke, Arriaga parkean. Egitasmoaren aurrekontua 511 milioi euroan zenbatetsi zuten; erdia Sustapen Ministerioak ordaintzea zen asmoa. Ordutik, egoera errotik aldatu da. Sustapen Ministerioak jatorrizko proiektua aldezten du oraindik ere, baina aitortuta ez dela bideragarria ekonomikoki. Proiektuak hirigintza proiektu bat zuen atxikia. Alvaro Iturritxa egungo Gasteizko Udaleko hirigintzako koordinatzaile nagusiak aitortu du egun ezin dela halakorik egin.

Jatorrizko proiektua eperik gabe baztertu ondoren, negoziazioa bi aukeren inguruan bideratzen ari da. Ohiko trenbidearen egungo bidea hartzen dute biek: lehen aukera da AHTa egungo burdinbidetik Dato kalera sartzea, behin-behinean, jatorrizko proiektua egiten den arte. Bigarrena da egungo bidea baliatzea, baina trena eta Datoko geltokia lurperatuta sartzea hirian.

Espainiako Sustapen Ministerioak eta Gasteizko PPk lehen aukeraren alde egin dute, behin-behinean. 135 eta 189 milioi euro arteko inbertsioa eskatuko luke horrek; trenbideen zabalera egokitzeaz gain, geltokian ere lanak egin beharko lituzkete. Eusko Jaurlaritza ez dator bat proposamen horrekin: batetik, behin- behineko inbertsioa ez da etorkizunean baliatuko; bestetik, behin betiko proiektua eguna jarri gabe atzeratzeaz gain, hiria bitan banatuko luke artean ere.

Eusko Jaurlaritzak bigarren aukera jarri du mahai gainean: burdinbidea eta Dato kaleko geltokia egungo bidearen azpitik lurperatzea nahi du. Eusko Jaurlaritzak argudiatu du azken egitasmo hori jatorrizkoa baino merkeagoa dela. Guztira, 421 eta 485 milioi euro artean zenbatetsi du Eusko Jaurlaritzak, 270 milioi euroko hasierako inbertsio batekin.

IRUÑEA

Zenbakiak, herren

Nafarroako Gobernua Sustapen Ministerioarekin negoziatzen ari da. Batetik, Zaragoza (Espainia) eta Euskal Y-a lotzeko bide guztia hitzarmen bakarrean sartzeko lanetan ari dira: «Korridore baten gisan tratatu nahi dugu», azaldu du Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak. Bestetik, tren lasterra Iruñera heltzeko era dute aztergai. Azken atal horretan adostasuna badago ere, herren dago: «Zenbakiak ez datoz bat», aitortu du Aierdik.

Geltokiaren harira, lehendakariordeak laburbildu du Sustapen Ministerioaren asmoa: «Dirurik ez dadila kosta». Ideia horrekin, 2004an egitasmo baterako protokoloa sinatu zuten zeresana duten administrazio guztiek. Protokolo horren bitarte, geltokia lekuz aldatzea aurreikusi zuten, trenbideak egungora heltzeko egiten duen itzulia kentzeko. Horren arabera, Etxabakoitzen egongo litzateke geltoki berria: geltoki «funtzionala». «Ez gara izugarrizko proiektu batean pentsatzen ari». Hartara, bidea ekialderantz desbideratu beharrean, Zuastirantz zuzen aterako litzateke. «Ez du zentzurik ehun urte barru geltokia Arrotxapean mantentzea; logika baliatuta, Etxabakoitz da kokapen egokiena».

Kokapen berriaren inguruan adostasuna badago ere, aurretik aipatutako arazo ekonomikoa du. Adifen jatorrizko ideia zen trenbide eta geltoki zaharraren lurrak Nafarroako Gobernuari ematea, lanak hirigintza proiektu batekin finantza zitzan. Gaur egun lur horiek 2004an baino gutxiago balio dute, ordea. Bestalde, mahai gainean dute udalez gaindiko plan sektorial bat, AHTaren geltoki berriaren eremua eta geltoki zaharraren eremua garatzeko. Aurreko gobernuak onartuta utzi zuen, baina aurkeztu dizkioten alegazioak ikertzen ari dira.

BILBO

Lurperatuta, noraino?

«Ezin da Bilbo zigortu hesi hori mantentzera; AHTak lurpetik heldu behar du Abandora, ezin da bestela egin». Juan Maria Aburto alkateak sutsuki aldeztu du Eusko Jaurlaritzarekin adostutako proiektua. Burdinbidea zein geltokia lurperatzea proposatu dute; horren bitartez, Bilbok 85.000 metro koadro berreskuratuko lituzke, azalean. Espainiako Sustapen Ministerioa bat dator lurperatzearen ideiarekin, baina hein batean bakarrik. Ana Pastor ministroak, berriz, Basauritik Cantalojaseraino sei kilometroko tunela egiteko asmoa aurkeztu zuen. Besterik ez. Bilbon eztabaida ez dago egitasmoan soilik. Gasteizen gertatzen den bezala, Sustapen Ministerioaren egitasmoa eginez gero, lanak bi fasetan egingo lirateke: lehenik eta behin, tren azkarra azaletik helduko litzateke; bigarren fasean sei kilometroko tunela egingo lukete.

Faseetan banatutako lan horrek lurperatzeko proiektua eperik gabe atzera dezakeela ohartuta, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak bigarren aukeraren aldeko apustua indartu dute. Fase bakarrean lurperatu nahi dituzte geltokia eta trenbidea bera. Areago, lanak Bilbo Ria 2000 sozietate publikoaren esku uzteko aztertzen ari dira. Edonola ere, lan horiek ondorio bat ekarriko lukete: proiektuaren atzeratzea. Ricardo Barkala Bilboko alkateordeak berak aitortu du, kasurik onenean, 2022an amaituko lituzketela lanak. PPren iritziz, 2025. urtera arte ere atzeratu daitezke lanak.

Azkenik, aurrekontua lotu beharko litzateke. Sustapen Ministerioaren bi faseak eginez gero, 480 milioi eurora helduko litzateke proiektua. Ordea, lehen fasea askoz merkeagoa litzateke. Jaurlaritzak argudiatu du bere aukera merkeagoa dela: 314 milioi euro. Beste iturri batzuk 500 milioira ere igo dute aurrekontua. Edonola ere, Sustapen Ministerioak ez luke inbertsio hori guztia ordainduko. Hots, lan horien zati bat Eusko Jaurlaritzak eta udalak ordaindu beharko lukete.

DONOSTIA

Adostasun handiena

Donostiako geltokia Sustapen Ministerioaren azken hitzaren zain dago. Eusko Jaurlaritzak eta udalak AHTa hirian sartzeko proiektua adostu dute, eta Espainiako Gobernuari igorria diote. Erabakia noiz helduko den zehazteke dago. Edonola ere, aurkeztutako proposamena Sustapen Ministerioko arduradunekin izandako bileretan hitz egindakoaren ildotik doa; hots, baiezko bat espero du Jaurlaritzak.

Mahai gainean dagoen proiektuak 115 milioi euroko inbertsioa beharko du. Geltokia Atotxan egitea aurreikusi dute Donostiako Udalak eta ETS Euskal Trenbide Sareak. Egungoa eraistea proposatu dute; «elementu berezi» batzuk baino ez dituzte gordeko, geltokian sartzeko ataria eta 1864. urteko burdinazko markesina bat, esaterako.

Geltokiak solairu bateko altuera izango du; trenbideak estaliko ditu, eta, aldi berean, Tabakalera eta autobus geltoki berria lotuko ditu. Hau da, Tabakalerako lehen pisua estaliko du, baina 4.800 metro koadroko terraza-enparantza sortuko du, burdinbideen gainean. Lanak 2019-2020 urteetarako amaitzeko asmoa jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Trena egungo Adif-en burdinbidetik helduko da Donostiara. Horretarako, trenbidea egokituko dute Astigarraga eta Irun artean, bidea tren azkarraren zabalerara egokitzeko. Apirilean esleitu zuten proiektua, 20,4 milioi euroan. Azken urteetan AHTarekin lotutako beste lanak ere egiten ari dira zati horretan: trenbide trabesak hirugarren haria sartzeko aldatzea (40 milioi euro), katenaria eta seinaleak aldatzea (46 milioi)...

BERRIAn argitaratua (2016/07/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA