astekaria 2016/07/15
arrowItzuli

gizartea

Kalteak ugari, eta ordainik ez

Ibai Maruri Bilbao

Kalteak ugari, eta ordainik ez

ANGIOZAR

Etorkizuna kolokan duen ibarra

Galdeketan AHTaren aurka agertu ziren arren, jarrera «eraikitzailea» erakutsi dutela dio auzo alkateak. Halere, erakudeek ez dizkiete aintzat hartu euren alternatibak.

Ibarrari Angyozar izena jartzea proposatu dute, Euskal Y-ari erreferentzia egiteko. Orain arte ezagutu duten errealitatea zenbat aldatu den eta aldatuko den erakusten du txantxak. «Herria erdibituko digutenez, behintzat ezagun egin gaitezela. Baina hori ere ez dugu lortu, denek Bergarako lotunea deitzen diote eta». Jose Angel Mikeo Angiozarko (Bergara, Gipuzkoa) auzo alkateak dioenez, abiadura handiko trenak ez dio «batere onurarik» ekarriko herriari. Baserritar eta lur-jabe askok eremu itzelak galdu dituzte. «Horiek izan dira orain arteko kaltetu zuzenak, baina behintzat, bidezko edo bidegabeko, kalte-ordain ekonomikoak jaso dituzte. Gero, hemen geratuko garen bizilagunak izango gara benetako kaltetuak».

Angiozarrek azpiegitura gabezia itzelak dituela nabarmendu du Mikeok. «Bailara barruko konexioa falta da, baserrietarako komunikazioak oso txarrak dira. Trena egin egingo bada, behintzat hori konponduta geratzea nahiko genuke. Europarako hain garrantzitsua den azpiegitura baten erdian utziko bagaituzte, behintzat ez genuke bakartuta geratu nahi, azken tximinoen pare». Funtsean trenbideak eragingo dizkien kalteen truke, bestelako onurak eskatzen dituzte. Salatu du beste eskualde batzuetan iraunkortasun ekonomikoari buruzko azterketak egin direla; eurenean ez. «Zer etorkizun izango du Angiozarrek? Bizileku baketsua lapurtu digute, bizi kalitate handikoa. Zerbait eman beharko digute ordainetan».

Azaldu duenez, angiozartarrek AHTaren aurka izan duten jarrera beti «eraikitzailea» izan da. Herri galdeketan ezezkoa gailendu arren, bestelako alternatiba batzuk proposatu dizkiote ibilbide ofizialari. Baina erakunde publikoek ez dizkiete aintzakotzat hartu. Orain, bigarren fasearen zain daude. Beldur dira lan horiek zenbat eragingo dioten euren eguneroko bizimoduari. Eta trena etortzen denean sortuko duen zaratak ere kezka sortzen die.


ATXONDO

Legea bera borrokarako tresna

Plazatik ehun metrora igaroko den zubibidearen alternatiba proposatu zuten, baina alferrik. Legeak ematen dizkion aukerak aprobetxatzen ditu udalak lanak atzeratzeko.

Atxondon (Bizkaia) legea bera baliatu dute AHTaren aurka. Udalak salatu izan du desjabetze aktak sinatzeko eredua ez zetorrela bat araudiarekin: lursailetan bertan egin behar zela. Zuzen egin arte, aktak sinatzeari uko egin zion David Cobos alkateak; aurrena udaletxean, eta gero Bilbon Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzan. Azkenean, gehienak lursailetan sinatzea lortu zuten. «Guk ez ditugu udaletxeko ateak zarratu, aktak sinatzeari uko egin eta gaiaz ahaztu. Legeak dio aktak lursailetan sinatu behar direla, eta iruditzen zaigu legea zorrotz betez gero jabeen eskubideak hobeto bermatuko direla. Gainera, praktikan desjabetze txostenak denboran atzeratzea lortu dugu. Egun bat gehiago irabaztea garaipena da guretzat».

Beste hainbat modu topatu dituzte obrak atzeratzeko. Adibidez, obrak egin ahal izateko lurrentzako hondakindegiari ingurumen baimena eman dio Eusko Jaurlaritzak; Atxondoko Udalak uste du legez kanpokoa dela, eta hala jakinarazi dio gobernuari, baina ez du erantzunik jaso. Beraz, datozen asteetan epaitegira jotzeko asmoa du, epaile batek baimena indargabetu dezan.

Cobosi iruditzen zaio hori dela azpiegiturari aurre egiteko bidea. Trenbidea herriko plazatik ehun metrora igaroko da, 90 metro garai eta kilometro eta erdi luze den zubibide batetik. «Atxondoko, Elorrioko eta Abadiñoko garai bateko udalek ibilbide alternatiboa proposatu zuten. Jaurlaritzak eta Espainiako Sustapen Ministerioak onartu zuten. Eta lanak hastear zeudela, gu iritsi ginen udalera. Esan genien ingurumen kalteen azterketa falta zuela. Erantzun ziguten ez zutela egingo, eta hasierako proiektura itzuli ziren», gogoratu du.

Halere, baikor agertu da: «Gaur Atxondon bizi garenotatik, ez dut uste inork trena martxan ikusiko dugunik. Ez dago azpiegitura hori bukatuko duenik mundu honetan. Hanka sartze itzela da. Arazoz josita dago, eta ez dute dirurik. Hutsegite hau gelditzeko sasoiz gaude oraindik».

HERNIALDE

Informazio faltaren zuloan sartuta

AHTaren tuneletako bat egiten ari zirela, lurra hondoratu, eta zulo handi bat agertu zen Hernialden. Orubearen jabeak salatu du oraindik inork ez diola azalpenik eman gertatutakoaz.

Afalondoan entzun zuten eztanda, eta biharamunean ikusi zuten zuloa. 2014ko urriaren 7an izan zen. Hernialden (Gipuzkoa) AHTaren tunela eraikitzen ari zirela, lurra hondoratu egin zen Adrian Tolosaren lursailetako batean. Udalak eta gainontzeko herritarrek gerora izan zuten ezbeharraren berri. Handik 200 bat metrora dauka bizilekua. «Inork ez zigun ezer esaten. Geu ibili behar izan ginen denen atzetik. Azkenean, geuk eskatuta, eraikitzen ari zen enpresarekin bilera bat lortu genuen, baina hilaren 20an». Bien bitartean, zain egon behar izan zuten. Beldurrik ez zuela sentitu dio, ez zuen uste etxea arriskuan egon zitekeenik, baina kezka itzela bai: «Ez nekien zuloak zenbateko sakonera zuen. Eta egia esan behar badut, orain ere ez dakit. Inoiz ez dit eman inork zuloaren inguruko azalpen zehatzik».

Urte bereko abenduan enpresak orubea alokatu zion, zuloa zarratzeko lanak egiteko. Betoiz bete zuten aurrena, gero harriak bota zizkioten, eta gainean, lurra. Ixteko lanak egin ahala, Tolosak dakiela, beste bitan ere hondoratu zen. Gaur egun estalita dagoela dio. «Abenduan beteko dira bi urte alokairu kontratua sinatu genuela. Orduan bukatuko da. Ez dakigu zer geratuko den, baina ikusten dugu han ez dabilela langilerik. Lanak bertan behera utzita daude, eta ez dakigu noiz hasiko diren ere». Oraingoz abenduan zer esango dieten zain daudela azaldu du. Epe horretan enpresa bera egingo da erantzule, baina gerora tunelarekin izan daitezkeen arazoen erantzule nor egingo den ez daki.

Oro har, erakunde publikoek ere ez dietela babesik agertu esan du. «[Martin] Garitano-eta [Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia] etorri ziren, ikusi zuten, baina gurekin ez zuten hitz egin. Gutaz erabat ahaztu ziren». Dioenez, «bakardade» irudipen hori ez da eurena soilik: Tolosaldean AHTarekin arazoak izan dituzten beste leku batzuetan ere antzera ibili direla azaldu du.

ARAMAIO

Herri oso bat epaitua sentitu zenekoa

Herritarrek tren azkarrari buruz zer iritzi duten jakiteko galdeketa egin zuten Aramaion. Kontsultari babesa agertu ziolako, Asier Agirre alkatea kargutik kentzen saiatu ziren.

Aramaion (Araba) inoiz egon den herri mugimendu handiena eta zabalena izan zen AHTaren eta orduko alkate Asier Agirreren kargugabetze eskaeraren aurkakoa. Hala gogoratzen du Agirrek berak: «Aramaioarren sentitu zuten herria bera, herritar guztiak epaitu nahi zituztela azpiegiturari ezetz esan geniolako». 2007an, AHTaren inguruko herri galdeketa antolatzeagatik salatu zuen Espainiako Estatuaren abokatuak, prebarikazio delitua egotzita. EAEko Auzitegi Nagusiak absolbitu egin zuen. Alkate ohiak uste du bere aukako auzibidea «sistemaren ondorio» bat izan zela. «Herriaren alboan agertzen dena eta sistema zalantzan jartzen duena beldurtzen ahalegintzen dira, bide horretatik ez dezan jarraitu».

Mendi inguruneko harana da Aramaio, eta lehen sektorea izan da hango ekonomiaren oinarria urte luzez. «Azken 30 urteetan aldatu egin da, eta gehienak orain lantegietan egiten dute lan. Portzentaje txiki bat geratu da baserri munduan. Baina trenak berekin dakar etorkizunean sektore horrek ez duela batere aukerarik izango». Kalte ekologikoa eta bisuala ere azpimarratu ditu. 90 metroko zubibide handi bat dute herrian eginda. «Obrak gaizki egin zituzten, lur-jausi handi bat egon da, eta Adifekoak berriz ere lanean ari dira», azaldu du. Ezintasuna sentitzen dutela dio alkate ohiak: «Nahi izan dutena egin dute, herriak erabakitakoaren aurka, eta ez digu batere onurarik ekarriko».

Galdeketan ezezkoak ia aho batez irabazi arren, erakunde publikoak «gor eta itsu» geratu ziren emaitzekin. Horrek «aukera askorik gabe» utzi zituela aitortu du. Hala ere, zerbait beti egin daitekeela iruditzen zaio. «Ezinbestekoa da herriaren hitza aintzat hartu gabe egiten diren proiektu hauen aurka mobilizatzea». Obraren kalteak konpontzeko ere eskatu behar dela iruditzen zaio.

BIHAR:

AHTaren hiriburuetarako sarbideak

BERRIAn argitaratua (2016/07/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA