astekaria 2016/07/15
arrowItzuli

mundua

El Salvadorren bertan behera utzi dute gerra zibileko amnistia legea

Mikel Rodriguez

El Salvadorren bertan behera utzi dute gerra zibileko amnistia legea

Auzi historikoa eman du El Salvadorko Auzitegi Konstituzionalak, bidea ireki baitu gerra zibilean gertatutako krimenak ikertzeko, 1993ko amnistia legea konstituzioaren aurkakotzat jota. Auzitegiaren arabera, amnistia legeak konstituzioan bildutako oinarrizko bi eskubide urratu ditu: «Oinarrizko eskubideak defendatzeko Justiziaren zaintza eta babesa izatea, eta biktimen erreparazio osorako eskubidea». Horrekin batera, Auzitegi Konstituzionalak oroitarazi du nazioarteko zuzenbidearen arabera gizateriaren aurkako krimenak ezin direla preskribatu, eta ebazpenean adierazi du gerrako delitu horiek egiteko «botere egitura bat» existitu zela «hierarkia, aginte eta funtzionamendu automatiko argi batekin», ez zirela «gertakari bakartuak» izan. 1979tik 1992ra iraun zuen El Salvadorren armadaren, paramilitarren eta ezkerreko gerrillen arteko gerrak; 75.000 lagun inguru hil zituzten.

Auzitegi Konstituzionalak azaldu duenez, ebazpenak gehienbat Egiaren Batzordearen txostenean bildutako gertakariei eraginen die, zehaztu baitu gizateriaren aurkako krimenetan eta gerra krimenetan nahasita ez daudenei amnistia mantenduko zaiela. Egiaren Batzordeak 1993an argitaratu zuen txostena, amnistia legea ezarri baino bortz egun lehenago. 13.500 kasu baino gehiago bildu zituen txostenean, eta horietako 32 izendatu zituen gerran gertatutako krimen adierazgarrienentzat. Horien artean daude armadak eta paramilitarrek zibilen aurka egindako sarraskiak —ehunka hil zituzten horietako hainbatetan—, eta nazioartean oihartzun handia izan zuten jesuiten hilketak; 1989an, armadaren Atlacalt batailoiko soldaduak Erdialdeko Amerikako Unibertsitatera sartu eta sei apaiz jesuita, langile bat eta haren alaba hil zituzten —hildakoen artean zegoen Ignacio Ellakuria euskal herritarra—.

Krimen gehienak, estatuak

Gerra bukatu baino lehen epaitu zuten jesuiten auzia, 1991n, eta Guillermo Alfredo Benavides koronela eta Rene Yusshy Mendoza tenientea erruduntzat jo zituen Auzitegi Nazionalak. 30 urteko kartzela zigorra ezarri zien, baina amnistia legearekin ez zuten zigorra bete behar izan. Ellakuriaren hilketagatik Espainian auzia irekita dago, baina orain El Salvadorren ikerketa bat irekitzeko aukera dago, jesuitenean ez ezik Egiaren Batzordeak bildutako gainerako kasuetan ere.

Egiaren Batzordeak bildutako krimenen %85 armadari eta estatuaren legezko bertze indarrek egindakoak dira; %10 inguru paramilitarrek, eta bertze %5 FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontean bildutako gerrillek. FMLN alderdi politiko bat da orain, eta 2014ko hauteskundeak irabazi ondotik boterean dago.

«Nik beti sinetsi izan dut amnistiaren legeak ez duela lagundu egiaren eta adiskidetzearen alde», adierazi dio Lorena Peña parlamentuko presidenteak TVO kateari. Baina zuhur agertu nahi izan du ebazpenarekin, konstituzionaleko epaileek anitzetan «ebazpen zentzugabeak» ematen dituztelakoan. Izan ere, FMLNk Auzitegi Konstituzionalari leporatu dio gobernua «ezegonkortu» nahi izatea eta «eskuinaren zerbitzura» aritzea, gerrako auziekin zerikusirik ez duen bertze ebazpen bat eman baitu egun berean, gobernuak programa sozialetara bideratu nahi zituen 800 milioi euro blokeatzeko.

Militarrek eta eskuinak, ordea, gogor jo dute ebazpenaren aurka. David Munguia Defentsa ministroak adierazi du espero duela ez dela hasiko «militarren aurkako sorgin ehiza bat» —Munguia bera militarra da, eta FMLN boterera ailegatu aitzinetik zegoen karguan—. Guillermo Gallegos GANA alderdiko presidentea kexu agertu da, «nagusiki eskuineko jendea jazarriko» dutela uste baitu —parlamentuko hirugarren indarra da GANA—. David Morales Giza Eskubideen prokuradoreak erantzun die kritikei. «Ez dakit zer dela-eta izan behar zaion beldurra justizia pixka bati». Ikerketak hasteko ardura fiskalarena dela erran du Moralesek.

BERRIAn argitaratua (2016/07/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA