astekaria 2016/07/15
arrowItzuli

mundua

Katef, naufragoen arrantzaleen portua

Ricard Gonzalez

Katef, naufragoen arrantzaleen portua

Katefeko portu koskorra (Tunisia), Libiako mugatik bost kilometrora, itsas hilerri bihurtu da, Mediterraneo itsasoan azken urteotan gertatzen ari den tragedia lazgarriaren lekuko. Katefeko kai muturrean hondarturik, zurezko ohol ezpaldu bat datza. Nasan, plastiko pila galanta: ezin konta ahala zodiak bata bestearen gainean, airegaldurik. Eta uretan, erdi hondoraturik, bi barku makal. Hondakin horiek guztiak noizbait itsasontzi kaskar batzuk izan ziren, dozenaka migrantek Italiako kostara iristeko ametsa bete nahian erabiliak. Zorte ona izan dutenak Tunisiako kostazainek edo Katefeko marinelek erreskatatu dituzte, zinezko naufrago-arrantzale bihurtu baitira.

«Udan, hamabost egunean behin ontzi bat aurkitu ohi dugu, batez beste. Baina, askotan, hilotzak besterik ez, ur gainean», esplikatu du Anuar Regabek, hiru kiderekin sareak josten ari zelarik; 31 urte ditu, eta bizi erdia itsasoan pasatu du. Pertsona-trafikatzaile diruzaleek goraino betetzen dituzte txalupak, behar baino askoz gehiago, arrantzaleek kontatzen dutenez. Esaterako, orain portuan dauden 14 metroko luzerako barkuetan, 350 lagun baino gehiago zeramatzaten, nahiz eta arriskutsua izan 80tik gora garraiatzea. «Aurkitu genuen azken txalupan, 56 lagun zeuden. Ospitalera, hamazazpi baino ez ziren iritsi bizirik», kontatu du, tristezia begietan, Salah Yahyak, Katefeko arrantzaleen elkarteko presidenteak. Nahiz eta 2011z geroztik hilotzak ikusten ohitua dagoen, marinel zaildu horri korapilo bat egin zaio eztarrian, gogoan iltzaturik geratu zaion irudi bat aipatu duenean: familia siriar bat, itsasoan aurkitua, denak elkar besarkaturik. Denak hilotz.

Europako Batasunak gero eta hesi garaiagoak eta zorrotzagoak altxatu eta auzo herrialdeekin aberriratze hitzarmen lotsagarriak sinatzen dituen honetan, Katefeko arrantzaleek zorrotz betetzen dute marinelen kodea: itsasoan dagoen edozeini laguntzea. Nahiz eta konpromiso horrek kostara itzultzera behartzen dituen maiz, eta, beraz, lanegun bat eta ontzi bakoitzeko 700 eta 1.000 euro bitartean galarazi. Eta hori ez da gutxi, batez besteko soldata ez baita iristen 400 eurora hilean. «Naufragoak aurkitzen ditugunean, ez dugu diruan pentsatzen. Gizalegea da», segurtatu du Yahyak.

Mediterraneoko immigrante eta iheslarien exodo eragabean, urte bakoitza hilgarriagoa da aurrekoa baino. Nazioarteko Migrazio Erakundearen (IOM) azken kalkuluaren arabera, 2016ko lehenbiziko bost hilabeteetan 2.809 lagun hil dira Europako eldoradora iritsi nahian; iaz, berriz, 1.838 lagun.

Turkiarekin aberriratze automatikorako hitzarmena sinatu izanaren ondorioz itxita dagoenez Egeo ekialdeko bidea, beldur dira migranteek ez ote duten gehiago joko erdialdeko bidetik, hots, Libiako kosta eta Italiakoa lotzen dituen bidetik. Hori askoz ere luzeagoa da, eta, beraz, arriskutsuagoa. Italiako Lampedusa uhartera 250 kilometro baino gehiago daude Katefetik, baina Siziliara halako bi baino gehiago dago. Nolanahi ere, Tunisia hegoaldean, irudipena dute Katefeko arrantzaleek aurten migrante gutxiago erreskatatu dituztela iaz baino. «Europako Batasunaren ontzi gehiago dabil, eta pentsatzen dut horregatik izango dela; gainera, Libiako kostatik hurbilago aritzen dira, eta, hala, naufrago gutxiago daude», azaldu du Mohamed Elxabik-ek, Mugarik Gabeko Medikuek Tunisian duten zuzendariak.

Egiptoko kostan mugimendu handiagoa dago orain, eta, beharbada, hortik dator Elxabiken pertzepzioaren eta IOMren estatistiken arteko kontrastea. «Libia da orain ere migrante gehienen abiapuntu nagusia, baina, orain, ikusten ari gara Egiptotik ateratzen direnak ere ugaritzen ari direla», iritzi dio IOMko goi kargudun batek, Federico Sodak. Haren kalkuluen arabera, aurreko urteetan Italiara iritsi diren migranteen %10-15 bitarte atera dira Egiptotik.

Ikastaroak Libian

Bai Katefeko arrantzale guztiei eta bai Libiako Zuwara hiriko arrantzaleei eta kostazainei prestakuntza berezia eman diete Mugarik Gabeko Medikuek, Zarzisen bulego bat eta klinika bat baitituzte, Katefetik 40 bat kilometrora. «Bi ikastaro egin dituzte, egun batekoa bakoitza. Bata, erreskateari buruzkoa; bestea, hilotzak nola mugitu ikasteko», kontatu du Melanie Guiotek, prestakuntza arloko arduradunak.

Ikastaroaren edukietan, lehen laguntzako teknika batzuk lantzen dituzte, baita nola salbatu urpera joateko zorian dagoen barku batekoak ere, eta zer protokolo bete behar diren kostako agintariekin irratiz harremanetan jartzeko. Baita nola desinfektatu hilotzekin kontaktua izan duen materiala ere, eta asko estimatzen dute hori jakitea. «Beldur ikaragarria diote gaixotasunak harrapatzeari, baina, egiaz, arriskua txikia da», azaldu du Guiotek.

«Ikastaroetan, ikasten dugu janaria ematea arriskutsua dela egun batzuetan itsasoan nora ezean ibili badira, ezer jan edo edan gabe. Horregatik, ura azukrearekin besterik ez dugu eramaten harragentzat», azaldu du Yahyak, migranteei deitzeko erabiltzen duten hitza erabilita. Harraga-ak «erretzen dutenak» esan nahi du: pasaporteak eta mugak erre, alegia. Arrantzaleak, beren irrati ziztrinekin kostazainekin hitz egitea lortzen badute, migranteak lasaitzen ibiltzen dira askotan, agintariak iritsi arte.

«Naufragoak siriarrak edo afrikarrak izaten dira. Nahiko ondo komunikatzen gara denekin. Siriarrekin arabieraz hitz egiten dugu, eta afrikarrekin, frantsesez», esplikatu du Yahyak; gizon txiki argal bat da, begi txiki estuak dituena. «Batzuetan, tirabirak ere badira. Batzuk saiatu izan dira barkua abordatzen. Inoiz ez dakigu armarik duten eta gu bahitu nahi gaituzten», erantsi du Katefeko arrantzaleen liderrak. Galdurik dabiltzan ontzietan, normalean ez da izaten pertsona trafikoan diharduten mafietako kiderik. Gehienetan, migranteetako batek egina du nabigazio ikastaro oinarrizkoren bat, eta hark gidatzen du ontzia, GPS bat beste laguntzarik ez duela.

BERRIAn argitaratua (2016/07/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA