astekaria 2015/10/30
arrowItzuli

mundua

IVAN CEPEDA

«Bake prozesuak ez dauka atzera bueltarik»

Amagoia Iban

«Bake prozesuak ez dauka atzera bueltarik»

Adar asko ditu Ivan Cepedaren (Bogota, 1962) itzalak. Alvaro Uribe Velez Kolonbiako lehendakari ohiaren —Zentro Demokratiko alderdiko buru eta senataria da egun— arerio izatea da handienetako bat, handiena ez esateagatik. Polo Demokratiko Alternatiboko ordezkaria da Cepeda Kolonbiako Senatuan, eta behin baino gehiagotan leporatu izan dio Uriberi paramilitarrekin lotura zuzena izatea. Uribek auzitara jo izan du akusazio horien aurka.

Asteon jaso du Cepedak Uriberen aurkako lekukoak erosi izanaren akusazio formala. Alejandro Ordoñez Kolonbiako prokuradore nagusiak sinatu du.

Akusazio zuzena jaso duzu jada: lekukoak erosi omen dituzu Uriberen aurka deklaratu dezaten.

Bi paramilitar erosi ditudala diote, baina ez da egia. Uribetarren etxaldean sortu zen talde paramilitar bateko, Bloque Metroko kide batzuen testigantzak jaso nituela, hori da egia. Testigantza horietako biren berri 2013an eman nuen, eta Uribek —artean presidente zen— nire aurkako salaketa aurkeztu zuen Justizia Auzitegi Gorenean eta Prokuradoretza Nagusian [ordezkari eta erakunde publikoen jarduna fiskalizatzen du]. Ordurako, Alejandro Ordoñez zen prokuradore nagusia, orain ni kargugabetu nahi nauena. Denbora joan zen, eta Uribe kongresista bihurtu. 2014ko uztailean heldu zen Senatura. Irailaren 17an debatea egin genuen han. Polemikoa izan zen oso. Debate hartan 24 paramilitarren testigantzak, epaiak, bideoak, grabazioak... aipatu nituen. Guztiek markatzen zuten Uribek paramilitarrekin duen harremana. Uribek salaketa jarri zuen nire kontra, eta horren ondorioz etorri da oraingo akusazioa.

Prokuradorearen kontrako prebarikazio salaketa aurkeztuko omen duzu.

Bai. Salaketa prestatzen ari gara orain. Alejandro Ordoñez eta Alvaro Uribe sozio politikoak dira. Ordoñez da Uriberen 2018ko presidentetza bozetarako hautagaia. Prokuradore jaunak sarritan babestu du Uribe publikoki. Ezkerreko beste hainbat ordezkariren aurka erabili duten metodo berarekin indargabetu nahi naute. Piedad Cordobari ere akusazioa formalki aurkeztu zion prokuradoreak, eta sei hilabetean kargugabetu zuen. Gustavo Petro lau hilabetean kendu nahi izan zuen Bogotako alkatetzatik. Ni ere azkar bota nahi nau. Jakina nik ez dudala lekukorik erosi! Lehendik ere badira hamaika paramilitarren lekukotzak kartzelarik kartzela ibili beharrik izan gabe.

Salatu duzu prokuradoreak dagoeneko sinatuta daukala zure kargugabetzea.

Ziur gara horretaz. Idatzita dauka dagoeneko nire aurkako epaia. Borroka politiko eta judizial oso latza daukagu aurrean.

Muturreko eskuinak bake prozesuarekiko daukan jarrera argitzen al du horrek?

Bai. Nire aurkako mugimendu honek argi uzten du bake prozesua babesten dugunoi jazartzeko baldintzak sortzea dela eskuin muturrekoen asmoa oraintxe bertan. FARCekoek Habanatik esan zuten auzi hau bake prozesuaren aurkako eraso gisa ulertzen dutela eta mesfidantza handia sortzen diela. Galdera oso zuzena egin zuten, gainera: oposizioa legeen barruan egiten ari garenoi heriotza judiziala badagokigu, zer dagokie haiei?

Zein neurritan eragin dezake bake prozesuan honek?

Lehenik eta behin, esan beharra dago irailaren 23an ekitaldi historikoa gertatu zela Habanan. Egun hartan, Kolonbiako presidente Jose Manuel Santos, Kubako presidente Raul Castro eta FARCeko komandante Timoleon Jimenezek [Rodrigo Londoño Echeverriren ezizena, Timochenko goitizenez ere ezaguna] prozesuaren garapena arrakastatsu gerta dadin garrantzi handia daukaten akordioak zinpetu zituzten. Esan ohi da akordio horiek atzera bueltarik gabeko bidean jarri dutela prozesua.

Bat al zatoz iritzi horrekin?

Bai. Atzera bueltarik gabeko puntuan gaude. Jakina, politikan eta testuinguru politikoetan beti gerta daitezke ezusteak, salbuespen egoerak, aurreikusi gabeko eta aurreikusi ezineko mugimenduak, baina guztiak esaten digu atzerako kontu batean gaudela bake prozesua gauzatuta ikusteko. Bakea egin egingo dugu, oztopo guztien gainetik. Hori bai, ez da erraza izango. Borroka asko egin beharko dugu gure lan politikoan demokrazia eta segurtasun bermeak eskuratzeko. Borroka horretan ari gara.

Zuretzat ez da berria segurtasunik eza.

Egia da. Baina prestatuta nago horretarako eta gehiagorako. Nire bizitza klase guztietako jazarpen gurutzaketa bat da. Ez dut gogoan momentu bakarra ere mehatxupean egon ez naizena. Aitaren erailketa, lagun eta burkide guztien jazarpena, bi erbestealdi, hainbat atentatu... Egia esan, prokuradorearen kontu hau txikikeriatzat har daiteke, baina oso ondorio larriak izan ditzake, hogei urteko inhabilitazio politikoa ekar diezadakeelako. Hogei urteko heriotza politikoa eragin nahi dit.

Prozesuak aurrera egingo duela diozu. Bide horretan, irailaren 23ko akordioei garrantzi berezia eman zaie. Zuk ere bai?

Bai. Bakeari eta gatazka armatuaren arrazoiei buruzko orain arteko akordio partzialez gain justiziari buruzko akordio bat gehitu zaiolako orain. Halakorik ez da ezagutu orain arte gatazka armatuen historian mundu osoan. Lehen aldiz, biktimen eskubideentzako sistema integral bat sortu da bake akordio batean. Egiaren batzordea, bakerako justizia auzitegia, erreparazio sistema nazional bat eta halakoak ez errepikatzeko berme sistema bat pentsatu dira. Justiziari buruzko akordioak balio handia dauka, bost hamarkada luzez gure herrian gertatu diren krimen izugarrien zigorra ekarriko duen prozedura bat jarriko duelako abian.

Nola hartu ditu akordiook iritzi publikoak? Zenbateraino baldintzatzen dute iritzi hori prozesuaren kontrakoek?

Eliteko sektore oso boteretsu batzuek beldurra diote bakeari, badakitelako horrek berekin ekarriko duela herrialde osoaren demokratizazioa eta indar aurrerakoi eta ezkertiarrek aginte guneetan tokia hartzea. Baita gobernuan bertan ere. Hori horrela izanik ere, egia da, era berean, akordioek harrera ona izan dutela gizartean. Kolonbiako Galdeketa Zentro Nazionalak atera berri duen inkesta baten arabera, irail amaieran inkestatuen %76 bake prozesuaren alde zeuden; eta orain arte egin ez den galderari erantzunda, %79 bake akordioen aldeko boza emateko prest leudeke erreferendumean.

Erreferendumarena gakoa da, hain zuzen ere, bake prozesuan.

Zalantzarik gabe. Erreferenduma irabaztea bake akordioen zilegitze demokratikoa izango da, eta bide horretan ari da gizartea, aipatu inkestaren arabera. Akordio horiek berresteko bide egokienari buruzko eztabaida abian da hemen, eta Habanan berreste hori batzar konstituiente baten bitartez, Kongresuaren bitartez edo mekanismo misto batzuen bitartez egin ari dira eztabaidatzen.

Kolonbiak bere historia garaikide osoan izan duen aldaketa politikorik garrantzitsuena izango da hau. Bakerako aukera iraultza demokratiko bat da. Eta ondorioak izango ditu hemendik kanpo ere. Kolonbiako bake bidea demokratikoa eta onuragarria da Latinoamerika osorako.

Movice Estatu Krimenen Biktimen Mugimenduko bozeramailea ere bazara. Kolonbiako Gobernuak eta FARCek akordioa egin berri dute gatazkako milaka desagerraraziak bilatzeko.

Justizia akordioaren adar bat da hori. Datorren martxorako iragarri duten bake zinpetzerako badira beste lan batzuk ere. Gatazka nola bukatu eztabaidatu behar da. Agendan jasota dago. Gerrillak armak uzteko eredua definitu behar da. Paramilitarismoa ezabatu egin behar da. Azken hori ezinbesteko faktorea da, bakerako oztopoa delako. Kolonbiako indar militarren joera eta doktrina ere aldatu egin behar da. Eta prozesu trantsizionalei dagokien guztia ere hor dago, esan bezala.

Ez du ematen eskuin muturra prest dagoenik martxorako trenera igotzeko.

Adostasun nazional bat lortzea litzateke helburua, baina egia da, aldi berean, hor egon nahi ez duena gabe ere prozesua burutu egingo dela. Bakearen aldeko indar guztiak bat gatoz horretan.

Eskuin muturraz gain, bada beste gai oso garrantzitsu bat: FARCekin dagoen prozesuaren pareko bat abiarazi behar litzateke beste gerrilla historikoarekin, ELNrekin. Jokaleku hori eraikitzeko dago, eta laster izango dela espero dugu. Prozesu honek ahalegin politiko erraldoia eskatzen du. Errazagoa da gerra egitea bakea egitea baino.

Testuinguru honetan, udal eta eskualde hauteskundeak dira gaur Kolonbian. Zer jokatzen da bertan?

Asko. Boz hauetan, Kolonbia osoan bakea gidatu eta gauzatu beharko duten funtzionarioak aukeratuko dira. Bozen ondoren, mobilizazio sozial oso handia etorriko da hemen. Izan ere, mobilizazioa aktibatzen ez bada, eragile politikoak kartzelatzen segituko dute. Feliciano Valencia buruzagi indigena da horietako bat. Jendea hiltzen ari dira. Ezin gara geratu besoak antxumatuta. Gutxieneko bermeak behar ditugu, eta horren alde mugituko gara.

BERRIAn argitaratua (2015/10/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA