astekaria 2016/07/15
arrowItzuli

bizigiro

JESUS BELASKO

«1978koa kolpe militarra izan zen»

Joxerra Senar

«1978koa kolpe militarra izan zen»

Uztailaren 2an, Txupin Etxepare elkarteak saria eman zien 1978ko udaleko zinegotzi eta hautetsiei sanfermin zail haietan erakutsitako ausardiagatik. Jesus Belasko Iruñeko orduko alkateak (Garralda, 1928) etxeko egongelan jarri du oroitarria. «Orain arte ez zen inor gurekin gogoratu. Horregatik, aurreko egunean esan genuen: 'Bizirik gaude oraindik'. Asko gustatu zitzaidan ekitaldia». Frankismoaren azken urteetan, Iruñeko Udala salbuespen bat izan zen, erregimenak hautetsi sozial zeritzen kargudun publikoak baimendu zituelako. Diktadura amaitu eta 1979ko lehen udal hauteskundeak egin bitarte, hautetsi sozial horiek protagonismo berezia hartu zuten. Hainbeste, ezen gehiengo ere izan ziren, eta orduko botere faktikoentzat deseroso. Testuinguru politiko berezi hartan gertatu ziren 1978ko gertaera lazgarriak. Lekuko zuzena izan zen Belasko. Adinak ez dio memoria ezabatu.

Nolakoa zen garai hartako udala? Zeintzuk zineten hautetsi sozialak?

Udal hartan hiru eraikuntza enpresaburu zeuden. Udala nahi zuten bezala gobernatzen zuten nahi adina etxe eraikitzeko. Ni sartu aurretik, Jose Antonio Lopez Cristobal eta Miguel Angel Muez sartu ziren hautetsi sozial gisa. Zoruaren legea goitik behera aztertu, eta eraikitzaileen asmoak gerarazi zituzten. «Zoruaren arratoi espekulatzaileak Iruñetik ateratzea lortuko dugu», esan zuen Muezek udalbatza batean. Lopez Cristobalen eta Muezen atzetik gehiago sartu ginen; taldea handitu genuen, eta gehiengoa lortu. Eskuina ohartu zen ezin zuela funtzionatu lehen bezala.

Dena den, 1978an dimisio batzuk egon ziren hautetsien artean. Zergatik?

1979ko udal hauteskundeak egin bitarte, alderdiek nahi zuten udala desegitea eta kontseilu bat osatzea. Francisco Javier Erizek [1976an alkate izendatu zenak] dimisioa eman zuen, eta guk bide beretik jotzea nahi zuen. Urtebete geratzen zen hauteskundeetarako, eta, gure karguaren zina egin genuenez legealdia hartarako, ez geunden prest horretarako. Hala, geratu egin ginen Muez, ni, Jacinto Martinez eta Juan Frommkecht.

Eta alkate izendatu zintuzten. Zer giro zegoen hirian sanferminak hasi aurretik?

Bikaina, normal-normala. Ez genuen ezer espero.

Egun batzuk lehenago, lagun batzuk atxilotu, eta protesta gisa gose greba hasi zuten gazte batzuek udaletxeko azken solairuan.

Bai, eta horregatik bota genuen suziria lehen solairuko balkoitik.

Lehen aldia zen?

Bai, lehen eta azken aldia. «Utz iezaguzue suziria botatzen, eta gero jarraitu nahi duzuena egiten», eskatu genien. Alproja haiek erantzun ziguten greban zirela. Gero jakin genuen gauean saski baten bidez balkoitik janaria ematen zietela.

Txupinazoan, zapia lepoan zenutela bota zenuten suziria. Orain, itxaron egiten da.

Ohitura hori tontakeria bat da. Inoiz ez dut halakorik egin. Irudi gisa, polita geratzen da.

Biharamunean prozesioa etorri zen. Nolakoa izan zen?

Nahiko ondo joan zen. Kaleko jantzita joan ginen. Frakik gabe.

Zer oroitzen duzu hilaren 8az?

Plazan nengoen, presidentearekin solasean. Udalak askari ona prestatu ohi zigun, baina zezenketaren erdialdera esan zidaten udalean arazo larriren bat zegoela. Handik atera nintzen, eta plazaren kanpoaldean irudi izugarria ikusi nuen: Polizia grisez inguratuta zegoen plaza. Zerbait arraroa zen. Grisen kopurua zenbatezina zen, edo gutxienez hori da geratu zaidan irudia.

Zein zen arazoa?

Arratsean, San Domingon entzierrotxoa egin ohi dute, Gaseko ukuiluetatik zezenak San Domingoraino eramateko, ondoren goizean entzierroa egiteko. Egun hartan, ibaitik ukuiluetarainoko bidea autoz beteta zegoen. Prestatua zegoen. Ez zegoen modurik entzierrotxoa egiteko. Beste kontu bat: udaltzainburua ez nuen topatu. Erro komandantea ez nuen topatu sanfermin haietan guztietan. Ez dakit non sartu zen.

Prestatua diozu, baina nork?

Ez dakit. Ruiz de Gordoa gobernadore zibilak esan zidan: «Belasko, promes egiten dizut grisak plazan sartzeko agindua nork eman duen esango dizudala». Ez zidan inoiz esan.

Noiz jakin zenuen German Rodriguez hil zutela?

Udaletxean geundela. Ezin ginen handik atera. Dena prestatu egin zuten. Kolpe militar edo zibil bat izan zen: gaizki prestatua, basatien tankeran egina... baina kolpea, azken batean. Udaletxeko leihoetatik ikusi genituen kaleko jantzitako pertsonak ureztatze ahoak hausten, entzierroetako zurezko taulak hausten eta horiei su ematen...

Poliziak?

Nire ustez, bai. Dena prestatua zegoen. Ez genuen poliziarik ikusi.

Zergatik eman zuten kolpea?

Gaua udaletxean eman genuen. Telefono deiak jaso eta jaso ari ginen. Armadako dibisioak prest zirela, bidean zirela, iristear zirela...

Beldurtuta zeundeten?

Jakina, kikilduta geunden. Goizean etxera iristea lortu nuenean, gizon bat iritsi zen nire seme txikienarekin. Zezen plazan, peñak plazatik atera ohi zirenean haurrak sartu ohi ziren abestuz. Egun hartan, haurrak sartzeko garaian sartu ziren grisak; nire semea zapaldu zuten, eta lokatzean sartu. Ez dakigu nork hartu zuen, eta onik atera. 4 urte besterik ez zuen.

Gerta zitekeenerako gutxi gertatu zen?

Zezen plazan? Tiroka jarri zirenean? Ez nintzen egon, baina hura sarraskia izan zitekeen.

Gobernadore zibilari aurre egin zenion?

Halako batean, gobernadorearekin hitz egitera joan ginen. Ate nagusia itxita zegoen, eta atxilotuak zeuden tokitik sartu ginen. Korridore guztiak gazte atxilotuz beteta zeuden, eta poliziek giltzurrunetan kolpeak ematen zizkieten. Eskuekin! Hainbeste aldiz, ezen garrasi egin nien geratzeko. Nire gainera jauzi egin zuten, baina atxilotuek babestu ninduten. Nor nintzen esatean atzera egin zuten. Gobernadoreari gazteak libre uzteko esan genion, behean poliziek hilko zituztelako. «Ez dut uste», erantzun zigun. «Ez duzula uste? Jaitsi, eta begiratu», esan genion. Ez zen jaitsi. Ez zigun sinetsi.

Zergatik utzi zenituzten bertan behera festak?

Tentsio handiko orduak izan ziren. Hilaren 11n, zezenketa presidentetzarik gabe geratu zen, Jacinto ezin zelako joan. Udalbatzara deitu zen, eta kuadrillek aho batez esan ziguten festak eteteko. Balkoira atera ginen. Beteta zegoen. Uste dut batzuek txalo egin zutela.

Jendea beldurtuta zegoen.

Hiria desegin zuten. Alde guztietatik hartu zuten. Mercaderes eta Calceteros arteko eraikin bati su eman zioten; diputazioko sotoari ere su eman zioten.

Irail hartako sanfermin txikiak bereziak izan ziren, baina.

Zoragarriak izan ziren. Mundu guztia kalean. Eguraldi zoragarria egin zuen. Hiru entzierro eta zezenketa bat egin ziren. Laugarrenean euri jasa galanta izan zen.

BERRIAn argitaratua (2016/07/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA