astekaria 2016/07/08
arrowItzuli

iritzia

Amnistiarako bide luzea

Gabriel Zabala, Anuntzi Alonso Curieces, Rikardo Prieto Vicente, Esteban Gonzalez Betolaza, Juan Maria Olano, Maite Diaz de Heredia, Josu Beaumont eta Julen Larrinaga

Amnistiarako bide luzea

Geure oroimena gara, batik bat. Orain dela 40 urte, 1976ko uztailaren 9an Santurtziko jaietan, amnistiaren aldeko martxa desegin zuten, bortizki, Guardia Zibilaren tropek. Kargaren nahastean, armak eskuetan, Kristo Reyko gerrillari faxistek jendetzaren aurka tiro egin, eta Santurtziko bi herritar zauritu zituzten balaz eta Normi Mentxaka (46 urte) erail zuten. Egileak bertako ultraeskuindar ezagunak izan arren, inor ez zuten atxilotu.

Bi hilabete geroago, irailaren 8an, Hondarribiko jaietan guardia zibilak erabiliz tiroka hartu zuen amnistiaren aldeko beste mobilizazio bat, eta Josu Zabala gaztea hil zuten. Franco urte bete lehenago hila zen, baina erregimen faxistak bertan jarraitzen zuen. 1976an eta 1977an, euskal gizarteak askatasuna eta amnistiarekiko zeukan konpromiso politikoak kale eta plazak bete zituen. Gero eta handiagoak ziren amnistiaren aldeko martxek eta asteek, poliziaren errepresio itzela jasan zuten, eta hamabi hildako eta balaz zauritutako hogei lagun izan ziren.

Garrantzitsua da ulertzea amnistiaren aldeko borroka zein agertokitan kokatzen zen garai hartan. Testuingurua altxaraztekoa zen; helbururik premiazkoenak, espetxeak hustu eta erregimen frankista bukatzea. Amnistia eskaera aldarrikapen zuzena zen. Ez zen akordio gisa hartzen, herriaren lorpen zuzen gisa baizik. Lekuko argiak dira garaiko espetxeak apurtu, eta amnistia ez da negoziatzen goiburuak.

Aipatutako helburuak ez ziren lortu. 1978an. Erregimen frankista, erregimen monarkiko konstituzional bihurtu zen. Goizetik gauera, TOP (Tribunal de Orden Publico) Audientzia Nazional bihurtu zen, «grisak» janzkera aldatuta polizia nazional, errepresiogileak betiko demokrata, Gorte Frankistak izena aldatuta Diputatuen Kongresu, eta Guardia Zibilak Guardia Zibil jarraitu zuen. Aukera itxi zitzaien demokrazia benetan hutsetik abiatzeari eta Estatuko herrientzako askatasunari.

Garaiotan, amnistiaren aldeko borrokak Ezker Abertzaleak egindako ekarpen politikoetara egokitzen asmatu du. Bilakaera, testuinguru eta estrategia ezberdinei dagozkien hiru ideiatan labur dezakegu: amnistia, erregimen frankistaren bukaerako testuinguruan; amnistia ETAren eta Estatuen arteko negoziazioan; eta amnistia Estatuen gainezkatze independentistan gehiengo sozial, politiko eta sindikaletik abiatutako testuinguruan, proposamen eta aliantza ildo ausartaz.

Aipatutako azken fasean gaude. ABIAN eztabaidaren ostean, ideia nagusia prozesu independentista eraldatzailea abian jartzea da; Euskal Herriaren (herri gisa) eta Estatuen arteko konfrontazio demokratikorako testuingurua lortzea, alegia. Hau da, gatazkak ondorioztatutako Ezker Abertzalearen eta Estatuen arteko lerrokatzea alde batera utzi, eta konfrontaziorako testuinguru zabalagoa bilatu, bai arlo nazionalean, bai eta gizarte-arloan ere. Horretarako, beharrezkoak dira indar metaketa berria, transbertsala eta zabala batetik, eta, nagusitasuna bilatze aldera, boterearen aurkako ildo ausarta bestetik.

Orain gutxi arte, Ezker Abertzalearen estrategia guztien erdian, oinarrizkoa ideia izan da ETAren eta Estatuen arteko aldebiko eskema negoziatzailea; abiapuntua izanik, beste aldaketa kualitatibo batzuk ekar zitzakeen eskema. Azken lau urteotan ikusitakoa kontuan hartuta, esan beharra dago eskema agortuta dagoela, eta ezin duela Ezker Abertzalearen ikuspegia baldintzatu. Ondorioz, indar-palanka beste eremu batean eraiki beharra dago; prozesu independentista. Estatuak gainezka egin dezan, aldebakarreko prozesuan nahikoa indar metatzeko gai bagara soilik izango dugu ahalmena gatazkaren ondorioen erabakitasunari eta arrazoiei eta erroei heltzeko. Bidean, erronka nagusietakoa da amnistiaren aldekoa borroka berritzea, prozesu independentistarekin eta prozesura batzen diren alde guztiekin bat egin dezan. Euskal Estatuaren premiaz jabetuta gehiengoa artikulatuz gero, beharrezkoa izango da aipatutako gehiengoak amnistiaren alde egitea. Kontua da gatazka armatuaren historiaren irakurketan, beste hainbat sektore ez daudela ehuneko ehun ados gurekin. Ezker Abertzalearen ikuspegia eta kontaketa ahaztu gabe, gatazkaren ondorioen erabakitasunaren inguruan jendetza-lana artikula dadin, zein adostasun puntu behar ditugun identifikatzeko gai izan behar dugu.

Azterketa politiko guztiak bidezkoak dira, baina benetan garrantzitsua analisien erabilera da. Amnistiaren aldeko borroka berritzeak hiru eztabaida nagusi behar ditu: prozesu independentistarekiko egokitze politikoa, mobilizazioari bultzada ematea eta arlo juridikoa eguneratzea. Hirugarrena «ohiko legezkotasuna eta salbuespenezko legezkotasuna» dikotomia aztertzea da. Alegia, salbuespen legezkotasunaren amaiera aldarrikatu eta lortze aldera, lan-dinamika bultzatzea. Bereziki, 7/2003 lege organikoa, preso gehienei ohiko legezkotasuna ukatzen baitie.

Ezker Abertzaleak garaipen eta porrotak izan ditu arlo guztietan; arlo politikoan, erakunde-arloan eta hauteskundeetan. Eskarmentudunak gara kolpeak jasotzeko orduan. Era berean, ibilbide hauetan ikasi dugu indar eta proposamen berriak ekarrita, borrokarako eta berrikuntzarako gaitasun handiena garatzen. Begi bistakoa da, ezinezkoa izango zela herrietako, espetxeetako eta urrutiagoko milaka militantek parte hartu ez balute. Betiere, beste batzuek garaipenetan baino duintasun handiagoa aurkitu dugu ezbeharretan. Bai, 40 urte igaro dira Normi Mentxaka eta Josu Zabala hil zituztenetik, eta amnistiak lortzeko helburu da oraindik. 40 urtetan gauza asko aldatu dira; testuinguru politikoa, euskal gizartea, nazioarteko egoera. Badira, ordea, pare bat elementu 1976koen oso antzekoak: 78ko erregimenarekiko haustura izateko benetako aukera (prozesu independentistaren gakoa), eta, aldi berean, espetxeak husten hasteko ezinbesteko premia. Ez gara anbizio handikoak, nahikoa dugu askatasuna. Normi Mentxakak eta Josu Zabalak ere askatasunaren alde egin zuten borroka.

BERRIAn argitaratua (2016/07/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA