astekaria 2016/07/08
arrowItzuli

politika

EUSKAL GATAZKA. ELKARRIZKETA. PILI ZABALA. GALEN BIKTIMA

«Garrantzitsua da Madrilen hitz egitea estatu terrorismoaz»

Gorka Berasategi Otamendi

«Garrantzitsua da Madrilen hitz egitea estatu terrorismoaz»

Biktimen papera etorkizunaren eraikuntzan. Eraikiz esperientzia izeneko mahai inguruan parte hartuko du Pili Zabalak, GALek desagerrarazi eta hildako Joxi Zabalaren arrebak, bihar, Madrilen. Harekin batera izango dira Jose Miguel Gomez Elosegi, ETAk hil zuen Francisco Javier Gomez Elosegiren anaia, eta Ivan Ramos Torrano, ETAk hildako Maite Torranoren semea.

Zabala Madrilen dago, bertako Unibertsitate Konplutentseak antolatu duen jardunaldia jarraitzen. Euskal Herriaren etorkizuna ETArik gabe mahai ingurua entzun ostean, tarte bat egin zuen atzo, BERRIArekin biharko solasaldiari buruz hitz egiteko.

Zer garrantzi du halako gaiak Madrilen jorratzeak?

Garrantzitsua da Euskal Herritik kanpo jorratzea; are gehiago Madrilen, Espainiako hiriburua dela kontuan izanda. Iruditzen zait ezjakintasun ikaragarria dagoela. Ez dakite Euskal Herrian zer ari den egiten, edo ez zaie interesatzen, edo komunikabideek ez dute helarazten. Nahitaezkoa da hona etortzea. Argi dago zenbat eta jende gehiagoren bultzada izan orduan eta erraztasun gehiago izango dela gobernuaren planteamenduak aldatzeko.

Zuen esperientziak jendea harrituko duela uste duzu?

Suposatzen dut baietz.Pentsatzen dut, batez ere, deigarria izango zaiela indarkeria mota desberdinak jasan ditugun pertsonak elkarrekin mahai berean ikustea, antzeko diskurtso batekin; edo, behintzat, errespetu osoko diskurtsoarekin.

Zuk, gainera, estatu terrorismoaz hitz egingo duzu.

Nik, noski, beti nabarmentzen dut estatu terrorismoa, bestea arindu gabe. Hau da, nik ETAri ez diot garrantzirik kentzen, baina iruditzen zait nire rola, nik sufritu dudanarekin, hori dela. Are gehiago errealitate ezezagunagoa izanik. Askok ez dute estatu terrorismo terminoa erabili nahi ere. Beti urardotu egiten da, hitz-jokoak erabiliz: kontraterrorismo ez zilegia, etab. Diskurtso horretarako foro garrantzitsua izan daitekeela uste dut, indarkeria mota desberdinen errealitateak mahai gainean ipintzeko.

Zein ikuspegi eman nahi duzu etorkizunari begira? Zein urrats eskatuko dituzu?

Lehenik eta behin, biktima guztiak aitortzea. Nik azpimarratuko dut EHUtik Paco Etxeberriaren lantaldea Laura Pegorekin batera eta Eusko Jaurlaritzak eskatuta egiten ari den ikerketan; 1960 eta 2010 arteko tortura kasu guztiei buruzko sufrimenduaren mapari buruzkoa da. Iruditzen zait errealitate deserosoa den arren mahai gainean ipini behar dela. Etorkizuna dator egia guztiak ezagutzetik, eta errealitate guztiak errespetatzetik. Abiapuntu horretatik gizarteak zenbat eta gehiago jakin, gobernuari eginiko exijentziak handiagoak izan daitezke. Horretarako, laguntza behar dugu, jendearen eta Eusko Jaurlaritzaren babesa. Foro hauek balio dezakete ezagutzen ez diren errealitateek oihartzuna izan dezaten.

Estatu terrorismoaren aitortzan aurrerapausoak izango direla uste duzu?

Azkenaldian mahai gainean ipintzen ari naizen ideia da estatu terrorismoa aurrera eraman duten biktimarioen testigantzak behar ditugula. Jakin badakit hori oso zaila dela. Askok esaten didate ezinezkoa dela, baina nik badakit egongo direla. Horietako asko, damutuenak. Nire itxaropena hortik dator. Iruditzen zait pertsona horiek jakinaraz ditzaketen datuak eta informazioa beharrezkoak direla egia guztiaren mapa osatu ahal izateko.

BERRIAn argitaratua (2016/07/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA