astekaria 2016/07/08
arrowItzuli

mundua

SANTIAGO AGUIRRE

«Estatua eta narkotrafikoa banatzen dituen marra lausotu da»

Ander Gartzia Badiola

«Estatua eta narkotrafikoa banatzen dituen marra lausotu da»

Ayotzinapako 43 ikasle desagertuen senideek duten drama gertutik ezagutzen du Santiago Aguirrek (Mexiko Hiria, 1982). Mexikoko agintarien aurrean ere haien izenean hitz egiten du. Nazioarteko aditu independenteek egindako ikerketarekin aurrera egin nahi dute familiek, ezinbestean, eta horretarako mekanismo bat aldarrikatzen dute. CIDH Giza Eskubideen Batzorde Inter-amerikarrera ere jo dute, baina krisian dago erakunde horren finantzaketa. Aguirrek argibideak eman ditu: «Latinoamerikako estatuen babes faltak eragin du krisia. Estatuentzat deserosoa da CIDH, estatuetako demokrazien gabeziak ikusarazten dituelako».

Irailean bi urte dira ikasleak desagertu zirela. Zein da gaur egun galdera nagusia?

Ea non dauden desagertutako 43 ikasleak.

Bertsio ofizialak dio Guerreros Unidos karteleko kideek ikasleak hil eta haien gorpuak erraustu zituztela Coculan.

Baina GIEI aditu independenteen taldeak eta Argentinako antropologia auzi-medikuen taldeak erakutsi dute hipotesi ofizialak ez daukala babes zientifiko nahikorik. Ahulezia asko ditu. Beraz, ez du balio azalpen gisa.

Hari mutur asko daude, beraz, oraindik lotu gabe?

Horrela erakusten du GIEIk aurkeztutako txostenak. Oraindik ere iheslariak daude, informazio baliagarria dutenak. Esaterako, Igualako poliziaburua oraindik ez dute atzeman, eta hango polizia izan zen atxiloketak egin zituena. Gertatutakoarekin lotura izan dezakeen gaizkile taldeak ez zuen ustelkeria eta elkar-hartze harremana udalerrietako agintariekin bakarrik, Gobernu Federalak defendatu bezala; bestelako loturak ere bazituen, bai estatuko instantziekin eta bai instantzia federalekin. GIEIk dio salaketak jaso dituela, armadak armak trafikatzen dituelako talde kriminal horrekin. Informatzen du, era berean, armadak bazuela gertatzen ari zenaren berri, baina ez zuela ezertxo ere egin saihesteko. Gaizkidetasun akordio batez hitz egiten da.

Bizirik aurkitzeko itxaropena al dute gurasoek?

Oso gai konplexua da. Latinoamerikan desagertuak dauden kasuetan eskatzen dena da desagertu horiek bizirik itzultzea. Bizirik eraman bazituzten, bizirik aurkitu beharko dituzte. Baina gurasoek badakite, batez ere desagertuak daudenean tartean, aukerak daudela bizirik gabe aurkitzeko. Hala eta guztiz ere, gurasoek beren eskubidea exijitzen dute: egia nahi dute. Aurkitutako gorpuzki batzuen ondotik, identifikazio genetiko bakarra daukagu, ikasle batena, Alexander Mora Benanciorena. Gainontzekoen egoera ezezaguna da.

Zergatik hainbesteko indarkeria ikasle talde baten aurka?

Bada lotu gabeko azken hari mutur garrantzitsu bat: gertatutakoaren arrazoia. Ikasleek autobusak atxiki zituzten protestetarako, eta GIEI saiatu zen ikertzen zergatik eragin zuen halako ekintza batek halako indarkeria. GIEI konturatu zen talde gaizkileek autobus komertzialak erabiltzen dituztela Igualan, AEBetara drogak eramateko. Illinois estatuko fiskaltzak salatu egin zuen talde kriminal hori heroina trafikatzeagatik autobusetan. Adituek ondorioztatu dute ikerketa lerro hori ezin daitekeela baztertu.

Inpunitatea nagusitu da, ezta?

Zoritxarrez, familia askoren jaioterrietan inpunitatea ez da gauza berria. Familia batek, adibidez, aitona-amonak galdu zituen gerra zikinean. Eta kasu haiek, aitona-amona askoren egoera bezala, ez ziren argitu. Familia horrek aitona-amonen eta biloben belaunaldietako desagertuak ditu. Egiturazko inpunitatea estatuaren ezaugarrietako bat da oraindik ere Mexikon. Ez da ahaztu behar herrialdean 20.000 lagun daudela desagertuta; horietako zenbait, indarkeriaren eraginez. Miresgarria da familiek egiaren alde borrokan jarraitzea, jakitun baitira egiturazko inpunitatea dagoela Mexikon.

Saiatu al dira familien izena ere zikintzen?

Mexikon ohikoa da giza eskubideen urraketen biktimen eta haien defendatzaileen aurkako kanpainak abiaraztea, haien izena zikintzeko eta estigmatizatzeko. Ayotzinapako kasuan, hasieratik gertatu zen hori. Errepublikako Prokuradoretza Nagusiak informazioa manipulatu zuen; desagertutako 43 ikasleetako bat legez kontrako jardueretan nahastuta egon zitekeela iradoki nahi izan zuen iritzi publikoaren aurrean. Horrek ez du heldulekurik txostenean. Kanpaina hau behin eta berriz errepikatu zuten zenbait hedabidetan. Helburu ilunak izatea egotzi digute. Abokatuetako baten telefono elkarrizketak sekretupean entzun zituzten. Kanpaina honek ere bete-betean jo zuen GIEI bera ere. Aldi berean, gizarteko zenbait alorrek elkartasuna igorri diete senideei.

Zer ondorio eragin ditu Ayotzinapako kasuak?

Ayotzinapako kasuak nazioarteari erakutsi dio Mexikon giza eskubideen krisi sakona dagoela. Indarkeria ez dute bakarrik eragiten estatutik kanpoko taldeek, kartelei lotuek; estatuak berak ere sortzen du indarkeria. Herrialdeko eskualde askotan, narkotrafikoa eta estatua banatzen dituen marra lausotu egin da. Ayotzinapako borrokari esker, CIDHk eta Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi mandatariak ez darabilte inolako hitz erdirik salatzeko giza eskubideen eta inpunitatearen krisi larria dagoela Mexikon. Nazioan, berriz, Ayotzinapako desagertzeen benetako neurriak azaleratu ditu. Lehen pisu handia zuen biktimen estigmatizazioak; inplizituki uste zen norbait desagertua baldin bazen loturaren bat zuela jarduera kriminalekin. Ayotzinapaz geroztik, hori ez da horrela.

BERRIAn argitaratua (2016/07/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA