astekaria 2016/07/08
arrowItzuli

politika

Inpunitatetik aitortzara

Hodei Iruretagoiena

Inpunitatetik aitortzara

NBEren Torturaren Prebentziorako Batzordeko kideek herrialde bat bisitatu dute. Hango hiriburuko atxilotze zentro batera joan, eta poliziek ez diete sartzen utzi. Badakite ondoan beste zentro bat ere badagoela, eta hori ere ukatu egin diete estatu hartako ordezkariek. Azkenean, garbitzaile batek ireki die atzeko atea, eta nazioarteko begiraleek eraikin horretako poliziak ikusi dituzte barruko «zikinkeria garbitzen». Beste leku eta garai batzuetara eraman ditzake asko iruditeria kolektiboak, baina Madrilen gertatu zen hori, 2011ko maiatzean. Ez zuen eskandalurik eragin, CPTkoek txostenean argi jaso arren gertatutakoa. Ondoren, hori eta bestelako ebidentzia ugari aurkeztu arren, Torturaren aurkako Munduko Erakundeko kide Helena Solak gogora ekarri zuenez, Espainiako hedabideetan —eta Euskal Herrian gehien saltzen direnetan— ez zen ia ezer agertu gertatuari buruz.

Joan den astean, datu ugari jarri ditu mahai gainean Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Tortura: 1960-2013 txostenak. Ikerlaneko ondorioez gain, ordea, bestelako hausnarketa batzuk ere ekarri dituzte Donostian egindako EHUko ikastaroek, eta handik kanpo ere izan dira gehiago. Inpunitate hitza da, txostenaren lehen ondorioak entzunda, ikastaroan izan diren gehienen ahotik atera dena.

INPUNITATEAREN GERUZAK

«Inpunitate espazioez» mintzatu dira adituak, eta CPTkoei gertatutakoak ondo irudikatzen du zein mailatakoa izan den inpunitate hori, polizietatik hedabideetara. Eta zenbat geruza dituzten tartean inpunitate espazio horiek: medikuak, fiskalak, epaileak, politikariak... Paco Etxeberria auzi medikuak: «Honek funtzionarioen geruza guztiak hartu behar lituzke». Adibide asko atera dira: hiru lerroko mediku txostenak torturatu baten «infernua» kontatzeko, «esango diet burkoak ekartzeko, denak tortikolisarekin etortzen zarete-eta» esatea epaile batek (Juan del Olmok), kasurik agerikoenetan ere erakundeetako ordezkariek Guardia Zibila, Polizia edo Ertzaintza babestu izana... «Gehiegikeria» edo okerra baino, jakinaren gainean egina dirudi.

IZOZMENDIAREN PUNTA

4.600 kasu baino gehiago atera dira azken txosten horretan, erakunde publiko baten zigiluarekin. «Izozmendiaren punta» baino ez da hori, Goldatuko Agurtzane Juanenak gogora ekarri zuenez. Euskal Memoriak 5.300 bat kasu jasoak ditu, eta Eugenio Etxebestek azaldu zuen «atxiloketa politikoen» %81etan salatu direla torturak. 1970eko eta 1980ko hamarkadetako kasuak jasotzeko izan dituzte zailtasun gehien ikerketaren egileek, eta, Goldatuko kideen arabera, 50.000 lagun inguru atxilotu zituzten arrazoi politikoengatik 1963tik 1975era. Nafarroakoak ere ez dituzte landu oraindik. Argi dago gertatutakoaren zati bat baino ez dela argitara atera dena.

Garrantzitsuak dira zenbakiak, baina garrantzitsuagoa da, agian, tortura «hori ahalbidetu duten baldintzak» (Carlos Martin Beristain, Kriminologiaren Euskal Institutua) eta «horrek torturatuen bizitzetan utzi dituen ondorio larriak» (Elisabeth Lira, Txileko Valech batzordeko kidea) aztertzea. Inpunitatea baita abiapuntua, «frankismoan adostutako inpunitatea» (Juanena).

ERTZAINTZA ETA JAURLARITZA

Ikastaroetan bertan ere ikusi da hori, paradoxikoki: pauso garrantzitsutzat har liteke gobernu batek halako txosten bat sustatzea, eta berria da Polizia baten arduradunak torturari buruzko kongresu batean ikustea. Baina Eusko Jaurlaritzaren ardurapeko Polizia hori 310 pertsonak salatu dute, torturatu egin zituztelako, eta horrek berak eragin behar luke erreakzio bat gobernu horretan, Polizia horretan. Ikerketa bukatzerako utzi dute hori, ordea, Jorge Aldekoa ertzainburuak eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak. Madrilen zer espero litekeen ikusita, Eusko Jaurlaritzak aukera ona du, hasteko, aitortza argi batekin, etxeko «inpunitate espazio» horietan argi pixka bat egiten hasteko.

Torturaren aurkako Munduko erakundeko Helena Solak azaldu zuen irakaspen bat atera zuela: «Prebentzioa, ikerketa, zigorra eta erreparazioa bereizi ezinak dira». Beste modu batera esanda, «prebentzioa ezin da existitu erreparazio osorik ez badago». Hori entzun ondoren, arreta ematen du Aldekoak Ertzaintzaren 2003ko prebentzio protokoloa hainbeste goratu izana, 310 tortura salaketak aipatu ere egin gabe. Juan Mendez. NBEko Torturaren aurkako kontalari berezia: «Estatu batek tortura baimentzen eta estaltzen badu, nahiz eta gero esan neurri prebentibo batzuk hartzen dituela, tortura berriz gertatzea baimentzen ari da».

Hor, gobernuen ardura behar luke aitortzan eta erreparazioan urratsak egiteak; hau da, prebentzioan aurrerratzeak. Ikerketa baino lehen bukatuko da EAEko legealdia, baina orain arteko datuek nahikoa behar lukete. Asteartean izan zuen aukera bat Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, Madrilen, bizikidetzari buruzko jardunaldietan. Berriz ere, isilpean utzi zituen 310 salaketak.

EGIA, «ETENGABE BAHITUTA»

Txileko diktaduran bizi izandako esperientziatik hitz egin zuen Elisabeth Lirak, besteak beste, preso politikoei eta torturari buruzko Valech batzordean parte hartutakoak. Inpunitatea nola hautsi, horra kezka berriz ere. Desagertze behartuen adibidea jarrita, preskripzioaren gaiari heldu zion. Kontu juridiko eta tekniko gisa ikus liteke preskripzioarena, baina horrek ere zer ikusi handia du inpunitatearekin. Diktaduraren ondoren, delitu haiek preskribatu egiten zirela azaldu zuen, eta, urteek aurrera egin ahala, ahanzturan geratzeko arriskua zegoela. Horri aurre egiteko, «etengabeko bahiketa» gisa definitu zituzten desagertze behartuak.

Espainian, preskribatu egiten da tortura delitua, ikastaroan parte hartu zuten aditu guztiak ados egon arren preskribaezina dela nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik. Juan Mendezen bi aipu: «Tortura delituaren preskripzioa legean duten herrialdeak ez dira betetzen ari tortura prebenitzeko betebeharra». «Egia ezagutaraztea oztopatzea, preskripzioaren luzapen bat da».

Lirak aipatutakoari segituta, tortura salaketak isilpean geratu direla, eta, are gehiago, «kriminalizatu» (Paco Etxeberria) ere egin direla kontuan hartuta —gogoratu, adibidez, Burlatako muralarekin edo Jose Ricardo de Prada Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearekin gertatutakoa—, esan liteke «etengabe bahitua» izan dutela egia hori. Eta horrek, hasteko, eragina du torturari bizirik iraun diotenen egoeran, oztopo bat baita, pertsonalki ere, errehabilitaziorako. Zer esanik ez, kolektiboki, gizarte gisa. Lira: «Orainaldi politikoko gaia da».

HITZAK, «IZATEN HASTEKO»

Torturatuek beraiek esan dute. Axun Lasa: «Tortura da barruan geratzen zaizun hori. Eta horri buelta ematen hasi naiz hitzak jartzen hasi naizenean». Hitzak jartzeko, ordea, hitza eman behar litzaieke; inpunitate espazioak babes espazio bihurtu. Ertzaintzaren biktima batzuek asteon BERRIAn argitaratutako gutuna adierazgarria da: «Istanbulgo Protokoloaz hitz egin ziguten. Eta Ertzaintzaren biktimak hasi ginen izaten. Sufritu genuena, egin zigutena hasi da izaten». Ez da nahikoa, ordea, Ertzaintzak ere biktimak dituela aitortzea —ofizialki, oraindik ez du halakorik egin Jaurlaritzak—. «Zauriak irekita jarraitzen du, odola dariola. Irainduak izaten segitzen dugu».

Ez da nahikoa, inpunitateak hor badirau. Mendez: «Inpunitate handia baldin badago, ikertzen ez delako edo amnistiak eta indultuak daudelako, inpunitate hori da torturaren sistematikotasunaren ezaugarri. Sistematiko egiten du estatuko hainbat organo tortura estaltzeko prest egoteak, nahiz eta kasu gutxi izan, horrek eragiten baitu tortura berriz gertatzea».

Ikastaroan bertan, «torturatik bizirik atera» eta 2014an Istanbulgo Protokoloa egin zuen entzule batek galdetu zuen: «Zenbat gehiago itxaron beharko dugu, Istanbulgo Protokoloa egin, eta torturaren biktima gisa hartu gaituztenok instituzioen aitortza eta erreparazioa jasotzeko? Non dago egiarako gure eskubidea?».

«AITORTZA SOZIALA»

Kriminologiaren Euskal Institutuko Carlos Martin Beristain aritu zen sakon aztertu dituzten kasuetako biktimen esperientziaz. Urteetan haien egia «ukatu» egin dela gogorarazi, eta «konfiantza» sortu behar dela esan zuen. Eta iritzi ezberdinak daudela haien artean, denek nabarmendu arren aitortzaren garrantzia. Batzuek, aitortza pertsonala nahi dutela azaldu zuen; beste batzuek, nahikoa luketela «praktikaren aitortza sozialarekin» eta inpunitatea bukatzearekin. Beste batzuentzat, berriz, beharrezkoa dela Espainiako Estatuak egitea aitortza, zaila dela jakin arren.

Bide horretan pauso ugari eman daitezke, baina Martin Beristainek ohartarazi zuen ezin dela onartu torturaren eragina «minimizatzea», adibidez, errehabilitazioa soilik kalte-ordain ekonomikoarekin lotuz. «Aitortzarako espazio sozialak» eraiki beharra jarri zuen mahai gainean, eta esan zuen torturaren errealitatea «gizarteratzeko tresna» izan behar duela ikerketak.

Txostenaren ondorioetan bertan dago jasoa: «Beharrezkoa izango da trataera zabal, integral eta sakona». Bide luzea egon liteke aurretik, baina badaude kasuak trataera horrek gaurtik alda ditzakeenak. «Zer gertatzen da froga bakarra autoinkulpazioa denean?», galdetu zuen Helena Solak, Nekane Txapartegiren egoera gogoan. Estradizio prozedura martxan du, eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako lanak sinesgarritasuna eman dio haren salaketari. Suitzatik Espainiara eramaten badute, sei urtetik gorako zigorra bete beharko du, torturapeko deklarazioetan oinarritutako sententzia batengatik.

BERRIAn argitaratua (2016/07/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA