astekaria 2016/07/08
arrowItzuli

gizartea

Kale gorriaren atarian

Alaitz Armendariz

Kale gorriaren atarian

Hamar urte daramatzate Julio Salak eta Eva Maria Matak bizileku finkorik gabe. Beren jabetzako etxe batean bizi ziren orain bi urtera arte —azken zortzi urteak egin zituzten etxea galtzeko mehatxupean—, Leioan, Bizkaian, baina Eusko Jaurlaritzak etxea desjabetu, eta alde egin behar izan zuten azkenean. Auzitara jo zuten «eurena zena» erreklamatzeko, baina, ebazpenaren zain, Derioko (Bizkaia) txalet huts batean egon dira azken bi urteotan. 14 hilabeteko alabatxoarekin bizi dira orain. Derioko Udalaren kanporatze agindua jaso dute egunotan. Udal agintariek diotenez, inguruko lursailak kutsatuta daude, eta garbiketa egiteko beharrezkoa da etxea hustea. Arrazoi horiez harago, baina, bestelako interesak daudela susmatzen dute familiak eta haren abokatuak, Iñaki Carrok.

Diotenez, udalak du giltza. «Epaileak esaten du ez garela ari deliturik egiten», argitu dute. Eta etxearen jabeak eta lursailen jabe den finantza erakundeak ere ez dute trabarik ipini denboraldi batez gera daitezen. Kontatu dutenez, udala da etxetik kanporatu nahi dituena. «Bi urtez, udalak ez du ezer egin; ez dira gurekin hitz egitera etorri», kexu da Sala. «Duela bi aste, alkatearekin hizketan aritu ginen, eta gizarte zerbitzuen esku gaudela esan zigun, ez larritzeko. Bat-batean, aurreko ostegunean gu kaleratzera etorri ziren». Baina bertan Kaleratzerik Ez plataformako kideak zituzten zain, eta, azkenean, bizilekuan gelditu ahal izan zuen familiak. Etxetik ateratzeko saiakeraren ondoren, bigarrenez hitz egin zuten alkatearekin, eta aurretik esandakoa ukatu ziela dio Salak. «Engainatuta» sentitzen dira.

«Guk ez daukagu diru nahikorik alokairu bat ordaintzeko; 700 eurotik gorakoak dira guztiak, eta argia, ura eta gasa ere ordaintzeko ez dugu aski». Konponbide bat bilatzea galdegiten diete erakundeei, baina «benetako» konponbide bat. «Derioko igogailurik gabeko hirugarren solairuko etxe bat eskaini digute, baina nik elbarritasuna dut muin lesio baten eraginez, eta ezin dut eskailerarik igo. Etxe honetan bertan, lehen solairuan bakarrik ibiltzen naiz», azaldu du Salak. Mendekotasunagatik ematen duten laguntza jasotzeko tramiteak hasiak dituzte. Horrez gain, Matari herniako ebakuntza bat egin zioten umea izan eta denbora gutxira; horrek ere ez zuen lagundu.

«Nik Jaurlaritzari galdegiten diot lapurtu didana itzultzea», gaitzetsi du Salak, suminduta. «Gainera, okupak garela diote, baina egiatan guri lapurtu digute etxea, eta ez digute konponbiderik eskaintzen». Eusko Jaurlaritzak iradokizun bat egin diela esan dute, baina Matak azaldu du ez dutela konponbide egokitzat: «Etxebizitza batean zortzi pertsona sartzea proposatu digute; horrela ez dago bizitzerik». Familiakoekin —Salaren sendiaren etxean— bizitzea proposatu dietela diote, Leioako etxea desjabetzean haiei ordainetan beste bat eman zietela argudiatuta.

Jaurlaritzari eta Derioko Udalari eskatzen dizkiete soluzioak: «Gu hemen egotea Eusko Jaurlaritzaren errua da, baina kanporatzearen erantzukizuna udalak du». Gogorarazi dutenez, Leioan zuten etxebizitzaren auzia tramiterako onartu du epaitegiak, eta ebazpena heldu arte etxe bat bermatzeko eskatzen dute horregatik. Kanporatzerik Ez plataformako kideak txandak egiten ari dira txaletaren ondoan; xede argi batekin, Imanol Arbaiza kideak azaldu duenez: «Etxebizitzaren arazoari ikusgarritasuna eman nahi diogu. Ezin da onartu 14 hilabeteko ume bat etxerik gabe geratzeko arriskuan egotea».

Ez dute inor «gogaitzen»

Iñaki Carro familiako abokatuak argi dauka: «Bankuak ez digu oztoporik jarri. Alde horretatik ikusten da badela legez kanpoko okupazioa, baina ez dela delitua». Baina Derioko Udala tartean sartu dela dio, «lurra garbitzeko aitzakia horrekin». Susmo txarra dute: «Zergatik du horrenbesteko interesa udalak familia hau hemendik kanporatzeko? Nik ez dut esaten hemen geratu behar dutenik; badakigu etxea ez dela beraiena, baina, hemen badaude, ez dute inor gogaitzen». Tamalez, konponbidea bilatzeko «interes gutxi» dagoela esan abokatuak: «Honako hau proposatzen dugu guk: bilera bat egitea bai Derioko eta bai Leioako udalekin eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin, eta mahai gainean jartzea datu guztiak». Derioko Udalak familia etxetik irtetea ezinbestekoa dela adierazi du ohar baten bidez, «segurtasun eta osasungarritasun arrazoiengatik». Kutsatutako eremua garbitu beharrekoa dela dio. Bestalde, une oro «gardentasun eta ardura osoz» jokatu dutela gogorarazi du, eta gizarte zerbitzuek arazoari aurre egiteko bideak eskaini dizkiotela familiari.

BERRIAn argitaratua (2016/07/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA