astekaria 2016/07/08
arrowItzuli

bizigiro

JESUS ILUNDAIN, 'TULI'. BRONCE PEñAKO LEHEN BAZKIDEA, TXUPINAZOA BOTA DUENA

«Gordea izan dut kantarena, sekretupean»

Joxerra Senar

«Gordea izan dut kantarena, sekretupean»

Nortasun agiriak 85 urte dituela dio, baina Jesus Ilundain Tuli-k festei zuku guztia ateratzen die oraindik, gazteenen ilusio berberarekin. Aurten, bere ametsa bete du. Ordubete iraganda, lasai zegoela azaldu du.

Bozgorailuan ahotsa entzunda, emozioak jota nabari zitzaizun.

Bai, bai. Noski hunkitzen zarela. Baina urduritasunik ez. Hartu dut suziria berehala, eta ez dut dar-darrik egin ere.

Txupinazoa botatzeak zer adierazi du zuretzat?

Bizitza osoko ilusioa da. Beti pentsatu izan dut: «Zergatik ezingo dut inoiz txupinazoa bota?»

Iruindar askoren modura.

Bai, ondo atera da. Gustura-gustura nago. Hau ez zait ahaztuko.

Zer indar zetorren balkoiaren azpitik? Udal barruko giroa eta kanpoko jendetzaren indar hori ikusi duzu.

Bai, aho batez oihu egin dute, eta puntutxo horretara heldu naiz: negar egingo dut, eutsi egingo diot, zer egingo dut? Eutsi diot.

Hitz sinpleak erabili dituzu: gazteleraz eta euskaraz.

Bai, euskaraz apur bat. Asironek esan zidan: «Hau jarriko dizut esateko». Bale, baina kasik ez nintzen gogoratzen. Uste dut ondo atera dela.

Bai, ondo atera da, eta detaile polita izan da. Txupinazoa botatzea ez zenuen espero, gainera.

Ez nekien botazioak nola zihoazen. Nire beldurra banuen meritu handiko jendea zegoelako hor, baina aurrera atera da. Zortea izan dut. Jendeari hobea iruditu zaio nire hautagaitza, eta aurrera atera da. Besterik ez.

Entzierro hasierako kanta lehen aldiz zeuk abestu zenuela diote.

Abestia La Unica peñaren ereserkitik ateratakoa da. Idatzita zegoen, bere hitzekin eta doinuarekin. Beste gauen antzeko bat izan zen. Ezkongabe nengoen, gaztea nintzen.

Noiz izan zen? Ez duzu urtea inoiz esan.

1950 eta 1960 artean. Zenbaitek meritua beren buruari bota diote. Niregana behin etorri zen bat, eta esan zidan hark abestu zuela lehen aldiz. «Bai, eta zein urtetan jaio zinen?», galdetu, eta urtea esan ostean esan nion ezinezkoa zela. Berez, gau bat izan zen. Hala atera zen, eta kito. Ez nuen espero halako oihartzuna izango zuenik.

Jaietako ikonoetako bat da orain kantarena.

San Domingon behera noala, nire alabaren etxera, turistak ikusten ditut abesten. Oilo ipurdia jartzen zait. Iruñekoa ez den jendea, hona datorrena, eta hara abestera doa.

Ez zenuen esperoko horregatik inoiz botako zenuela txupinazoa.

Inondik ere ez. Nik hau oso gordea izan dut, sekretupean. Askok esango didate harroputza naizela, baina nik ezkutuan izan nuen. Egun batean, nire alabari elkarrizketa bat egin zioten, eta han bota zuen. Hortik aurrera…

Norekin gogoratu zara?

Denekin. Nire gurasoak, nire anaiak, Javier Itoiz hemen dut nirekin [bularraldean duen intsignia bat erakutsi du].

Javier Itoiz sanferminzale porrokatua zen. Urteko egun orotan aritzen zen entzierroez hitz egiten… Erotuta zegoen jaiekin.

Bai, bai. Ni ere hala ibiltzen naiz, urte osoan hizketan. Bera ere hala ibiltzen zen. Hil zen. Dena ematen zuen jaien alde. Museo bat du etxean; detailerik txikiena gordetzen du. [Eskua poltsikora eraman, eta metxero bat atera du, Bronce peñaren armarriarekin]. Hau berea zuen. Hau bezala, hamaika gauza zituen. Gela bat du bakar-bakarrik sanferminentzat. Denetarik du: grabazioak, idatziak, den-dena. Bihar [gaur] egongo naiz haren emaztearekin.

Hemendik aurrera, zer egingo duzu?

Nik nire jaiak ez ditut aldatuko. Nire sanferminak nireak dira. Bakoitzak badugu gozatzeko modu bat.

Suziri bat bota, eta, bat-batean, jende askoren aurpegia aldatzen da. Denak alai-alai zeuden.

Bai, orain beldurra ematen dit ateratzeak. Lehenago, kalean etengabe geratu naute argazkiak eskatu eta eskatu.

BERRIAn argitaratua (2016/07/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA