astekaria 2016/07/08
arrowItzuli

gizartea

GWERFYL ROBERTS

«Eriek hizkuntza gutxituan egitea onartu behar da»

Alaitz Armendariz

«Eriek hizkuntza gutxituan egitea onartu behar da»

Galesko Bangorko Unibertsitateko osasun zientzietako aditua eta ikerlaria da Gwerfyl Roberts. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan aritu zen atzo Galesko osasun sisteman bertako hizkuntzako hiztunen eskubideak bermatzeko egin diren ahaleginei buruz, Bilboko Bizkaia aretoan emandako hitzaldian. Horrez gain, euskararen arloko zenbait eragile sozialekin bildu da, eta haiekin ideia truke «oso interesgarria» egin duela azaldu du.

Hitzaldian erakutsi duzun bideoan, galesa ama hizkuntza duen gaixo baten kasua azaldu da, eta erizain batek galesez egiterakoan izan zuen erantzuna.

Gaixo hura konorterik gabe egon zen egun batez. Medikazioa bukatu zuenean, oso ahul zegoen, eta ez zien medikuen hitzei erantzuten, harik eta erizain bat egoeraz jabetu eta galesez hitz egiten hasi zitzaion arte. Orduan, erreakzionatzen hasi zen, eta, erabat sendatu zenean, ingelesa ere arazorik gabe erabiltzen hasi zen. Erizaina gaixoaren txostenean begiratuta konturatu zen gaixoak izen galestarra zuela, baina ez zegoen hizkuntzaren inguruko inolako oharrik. Hori aldatu beharra dago, hizkuntza hautua argi adierazita egon dadin gaixo guztien agirietan eta halako egoerarik berriro gerta ez dadin. Prozesu geldoa da, baina aurrera goaz.

Batzuek honela diote: «Nik ez dut behar hizkuntzak dakizkien mediku bat, mediku ona baizik». Zer esango zenieke?

Bai, Galesen ere sarri entzuna dut esaldi hori. Baina «ona» horrekin zer esan nahi dute? Argi dago gaitasun profesionalak behar ditugula, espezialista onenak, baina eskaintzen den zainketa hori hobe dezakegu hizkuntza ere kontuan hartzen badugu. Ez genituzke sintoma fisikoak eta emozio kontuak banatu behar: pertsonak osoki hartu behar dira kontuan, eta, hizkuntza gutxitu batean egiten badute, onartu egin behar da. Horrela, zainketa hori hobetu egingo da.

Eskaintza aktiboaren printzipioari buruz aritu zara. Zertan datza, zehazki?

Printzipio horrek aitortzen du hizkuntza gutxituen hiztunek aukera gutxiago dituztela zerbitzuak euren hizkuntzan eskatzeko, botererik gabe sentitzen direlako. Kontzeptu horrek iradokitzen du botere hori desagerrarazi behar dugula, arreta bezeroarengan jarrita —kasu honetan, gaixoarengan—. Ardura erakundearen gain jarri behar da, zerbitzuak bi hizkuntzetan eskuragarri daudela bermatzeko. Eskakizun handia da hori, erakunde osoari baitagokio.

Welsh Government Task Group for Welsh in the Health Service taldeko kide ere bazara. Zer eginkizun du talde horrek?

Urte dezente daramatza lanean, eta estrategiak sortzea izan da egindako gauza garrantzitsuenetarikoa: xede nagusiak zein diren finkatzea, lehentasunak identifikatzea... Gizarte arloetako hainbat ordezkari batu gara bertan: hezkuntzakoak, osasun zerbitzuetakoak, eragileak... Estrategia hori 2012an kaleratu zen, eta aurten jarraipena izan du; lehen aipatutako eskaintza aktibo horri garrantzi handia ematen dio.

Gobernuak galesa sustatzearen alde nahikoa egiten duela iruditzen zaizu?

Estrategia mahai gainean jartzea bada zerbait; jakina, estrategiaren arrakasta erakundeek ematen duten erantzunaren araberakoa izango da. Galesko Gobernuak, berez, konpromisoa hartu du helburu batzuetarako, baina helburu nagusia da osasun eta gizarte zerbitzuen hornitzaileak behar bezala jardutea hizkuntza eskaintzari begira.

Hemen bada arazo bat euskara jakin bai eta erabiltzen ez duen jendearekin. Galesen ere halakorik gertatzen al da?

Bai, gizarteak erronka bat du horretan. Gurean, galesa irakasten da eskolan, eta gero hizkuntza hori kalean erabiltzea da erronka. Gizartearentzat arazo bat da jende gehiago egotea hizkuntza bat dakiena erabiltzen duena baino.

Duela urte batzuk, inkesta bat egin zenuten osasun zerbitzuko langileen artean. Zer ondorio atera zenuten?

Hor ikusi genuen langile asko ez zeudela ez alde eta ez kontra, eta emaitza positibotzat hartu genuen. Ondorioztatu genuen trebakuntzan arreta jarriz gero ikusiko zutela elebitasunaren garrantzia.

Hizkuntza eskakizunik ba al dute osasun zerbitzuetako langileek?

Postu bakoitzean gales jakintzaren beharra zenbaterainokoa den aztertzen da. Estrategia horren arabera, ospitaleko harreran lan egiteko oso garrantzitsua da behintzat oinarrizkoena ulertzea; laborategian aritzeko, berriz, ez litzaioke hizkuntza eskakizunari hainbeste begiratuko.

Osasun zerbitzuetako langileek galesa ikas dezaten, gobernuak laguntzarik ematen al du?

Bai. Beti ez da erraza langileak liberatzea, baina badira ikastaroak, gero eta gehiago Internetekoak, jendea ikastera animatzeko. Osasun arloan baditugu istorio nabarmen batzuk: pertsona batzuek galesa ikasten dute nagusi direnean, eta bikain hitz egitera heltzen dira. Gainera, gero hizkuntza horretan aritzen dira lanean.

Egun, galesa biztanleen %20k egiten duzue. Zer gertatuko da hemendik aurrera?

Baikorrak izan behar dugu, ezta? Hizkuntza gutxituak inoiz ez daude salbu gobernuaren eta herritarren laguntzarik gabe. Baina argi dago hezkuntzan egindako inbertsioak emaitza onak izan dituela, eta, Euskal Herrian bezala, bermatu egin behar dugu gazteek geure hizkuntza erabiltzea.

BERRIAn argitaratua (2016/07/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA